Emaitza onak asteburuan

Aiurri 2022ko ots. 11a, 09:00

Urnietan, nesken taldeak lan eta lan ari dira. Aurreko asteburuan emaitza onak lortu zituzten, gainera, zenbait mailatan. Asteburu honetan infantil eta kadete mailako taldeak Urnietako zelaian ariko dira.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailakoei hamar jardunaldi geratzen zaizkie ligaxkari amaiera emateko. Ez da denboraldi erraza izaten ari, baina aurrekoan poz galanta hartu zuten sailkapenean askoz puntu gehiago dituen Mariño taldea garaitu ostean. Sailkapenaren behealdean kokatuta daude urnietarrak, eta garaipen honek beste zapore bat utzi die. Igandean Oiartzunen dute partida (10:45), sailkapenean bigarren postuan doan aurkari zailaren kontra.

Kadete mailakoak kopako laugarren jardunaldian garaipen argia eskuratu zuten (0-4), eta sailkapenean bigarren postura igo dira. Santo Tomas lizeoaren aurka partida berria dute, larunbat eguerdian Urnietan bertan (12:00).

Infantil mailako neskak ligaxkaren 11 jardunaldi jokatu dituzte, eta bigarren postuan sailkatuta daude. Aurreko asteburuan berdinketa lortu zuten, Antiguan (2-2). Igande honetan Goierri liderra jasoko dute etxean (11:30). 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!