Mugak gaindituko dituen basoa

Aiurri 2022ko ots. 15a, 18:00

©Kemen

"Baso inklusiboa" martxan da, joan zen igandean irekiera ekitaldia egin eta gero. Aurrera Markelekin ekimenak abiatu du, eta denborarekin izena duten zuhaitz gehiagorekin aberastuko da.

Laguntza aparta izan zuen Markelen familiak, igande goizean: Kemen pertsona ezinduen kirol klubeko kideena. Haiei esker Markelek bidaia eroso eta seguru egin ahal izan zuen.

Aurrera Markelekin elkarteak eskaera zehatza egin zion Urnietako Udalari: Besabi eta Adarra mendiaren artean dagoen udal-lursail bat egokitzea. Gaixo dagoen insignis pinu sailaren ordez naturgune ireki eta zabala egokitu nahi dute, Markel bezalako haurrak eroso egon daitezen.  Ohar bidez adierazi dutenez, "Maria Lesacaren –Markelen ama– kezkaren aurrean sortu zitzaigun ideia, bere semeak ezin izango zuelako besteek bezala gozatu mendiaz, errekatxoez eta basoez, bere dibertsitate funtzionalagatik.Horregatik, espazio publiko hori bizitzaz betetako baso bihurtu nahi dugu. Horretarako, gure ideia da espezie autoktonoen zuhaitzak landatzen hastea (haritza, pagoa, gorostia, gaztainondoa, etab.), dibertsitate funtzionala duen pertsona ororen omenez". Sortuko den espazio berriari "Ahaztuen basoa" izena ipini diote.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!