Eskubideak benetako eskubide izan daitezen

Alba Cabrera Jauregi 2022ko ots. 17a, 12:03

Martxan da HELErregularizazioa Kanpaina, Espainiako Estatuan bizi diren 500 mila pertsona atzerritar erregularizatzeko. Sinadura-bilketa abiatu dute, eztabaida Kongresuan mahaigaineratzeko. Hernanin eta Donostian sinatzeko aukera, larunbatean.

Azken balioztapenen arabera, Espainiako Estatuan 390.000 eta 470.000 pertsona artean bizi dira modu irregularrean, eta, adin txikikoa da horien herena. Horrela izanik, makina bat eskubide alboratuta bizi dira hainbat eta hainbat. Bada, egoera horri aurre egiteko, ekimen legegile bat ipini da martxan, HELErregularizazioa Kanpaina: Espainiako Estatuan 500 mila sinadura baino gehiago jasotzea du xede, ondoren, aurkeztuko den testua Kongresuan eztabaidatu dadin. Ekimenari bultzada emateko, datorren larunbatean, otsailaren 19an, kalera aterako da sinadura-bilketa hainbat herritan, baita Buruntzaldea eta Donostialdea eskualdeetan ere. Batetik, Hernaniko Plaza Berrin izango dira 11:30-14:00 artean (euria egingo balu, Atsegindegi plazan). Bestetik, Anoeta estadio pareko tren geltokian ere aukera egongo da parte hartzeko, goizeko 10:00etan hasi eta eguerdiko 14:00ak bitarte.

Herri mugimenduaren esanetan, indarrean dagoen LO 4/2000 legearen egoitza baimenerako sarbide-sistema “murritza eta eskasa da, eta ez dio gaur egun Espainiako Estatuan bizi diren eta lan egiten duten pertsona atzerritarren errealitateari erantzuten”. Ondorioz, talde eragilearen esanetan, era irregularrean bizi diren pertsonei eskubide-sorta mugagabe bat ukatzen zaie, eta egoera hori are nabarmenagoa izan da pandemia garaian, jendartean gizarte bazterkeria handitzeraino: “Modu irregularrean bizitzeak, guk berezkotzat ditugun eskubideak ez izatea dakar, eta eskubideak guztionak ez direnean, pribilegio bihurtzen dira”.

SINADURA BILKETA, MARTXAN

Herritarren parte-hartzea: Espainiako ordenamendu juridikoak duen demokrazia zuzeneko tresna bakarra erabili nahi du plataformak, hain zuzen, Herri Legegintza Ekimena. Herritarren borondate zuzena adierazten du azken horrek, 500.000 sinadurako bultzada duen lege-proposamen bati babesa ematen dio, eta, ondorioz, Diputatuen Kongresua behartzen du hura eztabaidatzera, gehienez ere sei hilabeteko epean.

Alderdien eta gizarte-erakundeen artean ahalik eta adostasun zabalena sustatzeko gai den lege-testu bat aurkeztu nahi du plataformak. 

Mugak eta oztopoak

Zer da, baina, migrazio-estatus irregularra izatea eta zein ondorio ditu horrek? Aziz Mounpe eta Maialen Mujika urnietarrak mugimenduko kide dira eta argi dute erantzuna: “Hiritar izaera ez aitortzea dakar, alegia, beste era batera esanda, paperik ez izatea, sistemaren ertzeetan bizitzea”. Ondorioz, zuzen-zuzenean oztopatzen du horrek egunerokoa, bikotearen esanetan. Esaterako, baldintza horietan bizi diren pertsonek ez dute lan eskubiderik, eta arrakala horrek makina bat zapalkuntza-egoera elikatzen ditu, hala nola: inolako bermerik gabeko lanaldi luzeak, egoera lazgarriak, soldata prekarioak, baita pertsonen salerosketa edo eta sexu-esplotazioa ere. Horrez gain, osasun- eta hezkuntza- eskubideak murrizten ditu nabarmenki, eta, gutxi gorabehera, 150.000 haur eta gazte bizi dira irregulartasunean. “Azken batean, Espainiako Estatuan zure egoera erregularizatzea sorgin-gurpil makiabeliko bat da”, azaldu dute Mounpek eta Mujikak, “oztopo izugarriak bata-bestearen atzetik lotzen dituen engranaje bat, primeran pentsatua gehiengoak lor ez dezan”. Azalpena argitze bidean, adibide bat ekarri dute gogora: hemezortzi urtez gorako herritar batek hiru urte egon behar du Espainiako Estatuan lan-baimena eskuratzeko. Horrez gain, gutxienez, urtebeteko lanaldi osoko kontratu-proposamen bat beharrezkoa da lan-baimena eskuratzeko. Kontraturik gabe ez dago hori eskuratzerik, baina, era berean, nekez topa liteke lan-baimenik gabe kontratua luzatzeko prest dagoenik. “Etengabeko kriminalizazioa eta jazarpena gehitzen zaizkie babes legalik eta oinarrizko eskubiderik ez izateari. Irregularitatean gaudenez gero, ez gara hiritar osoak”, gaineratu dute urnietarrek.

Ez ikusiarena

Pandemia hasieran, ErregularizazioaOrain (#RegularizacionYa) plataformak bi bider luzatu zion Espainiako Parlamentuari pertsona migratuen ezohiko erregularizazioaren proposamena, baina ez zen, ez batan, ez bestean onartu. Halere, Mujika eta Mounpek azaldu lez, proposamena ez da atzoko kontua, izan ere, orotara, Espainiako Estatuan, sei erregularizazio-prozesu eman dira jada: lau Espainiako Alderdi Sozialistaren partetik eta bi Alderdi Popularraren ekimenez. Horrez gain, Europar Batasuneko partaide diren 17 estatutan 43 erregularizatze-programa gauzatu dira, eta, 2020ko konfinamenduan, sasoiko produktuen bilketan eta beste hainbat sektoretan lanean ziharduten etorkinak erregularizatu zituzten zenbait herrialdek, Italiak eta Portugalek, esaterako.

 

Hari horri tiraka, egoera iraultzeko erantzukizuna mahaigaineratzea berebizikoa da, bai Mounpe eta Mujikarentzat, bai mugimenduan parte hartzen duten kide guztientzat: “Badirudi, erregularizazioa Gobernu Zentralaren konpetentzia izanik, alde batera utzi dela gaia gainerako maila administratiboetan; alabaina, ezinbestekoa da haien rola aldaketak emateko”. Bide horretan, eragile askoren babesa jaso duen plataforma da HELErregularizazioa; Euskal Herriko Bilgune Feminista, Mugarik Gabe Nafarroa eta beste hainbat erakunde eta gizarte eragile batu dira eskakizunera. “Erakunde politikoei herriaren beharrei eta eskaerei erantzun diezaiotela eskatuko genieke”, ondorioztatu du bikoteak.

Hori horrela, ezinbestekotzat jotzen da HELErregularizazioa mugimendutik mekanismoak bilatzea, migrazio-estatus irregularraren eraginez pertsona horiek pairatzen duten ikusezintasun eta eskubide gabeko egoera iraultzeko. Hala, ekin zaio jada sinadura-bilketari, eta 18 urtez gorako eta Espainiako NANa duten herritarrek parte hartu dezakete abuztura bitarte proposamenean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!