Erremontea

“Galtzeko gutxi dut finalean, eta irabazteko asko”

Andoni Urbistondo 2022ko ots. 18a, 09:00

Buruz Buruko lehen finala jokatuko du Imanol Ansak larunbatean Endika Barrenetxearen aurka, eta hernaniarra da faboritoa.

Setien sagardotegi ondoko etxean bizitzen hasiko da laster Imanol Ansa (Urnieta, 26 urte). Buruz buruko final handia jokatuko du larunbatean, bere lehenengoa.

Buruz Buruko txapelketako lehen finala jokatuko duzu larunbatean, eta finalerdia jokatu gabe, Urriza lesionatu baitzen. Nola bizi izan duzu egoera hori?

Beno, ez da nik nahi nuen modua, eta, noski, Urrizak nahi zuena ere ez. Lehen partida Ander Goikoetxea herrikidearen aurka jokatu nuen. Arraroa izan zen, asko entrenatu gabe, eta tentsio puntu batekin. 30-17 irabazi nion, nahiko ondo, eta Urrizaren aurka neukan finalerdia. Soleo giharrean mina hartu zuen, eta ezin jokatu. Itxaron dugu, baina ez da posible izan. Pena dut, bera gainditzeko maila badaukadala pentsatzen baitut. Urrizari ez zaizkio partida asko geratzen erretiroa hartu aurretik, niretzat oparia zen eta lastima izan da. Pozik nago, noski, dena den, finaleko txartela lortuta.

Urriza zure eta erremontista askoren mamua izan da. Ze sentsazio bizi izan zenuen finalerdirik ez zuela jokatuko jakin zenuenean?

Ba hasieran, lasaitasuna. Urriza menderatuz gero, lesionatu zelako irabazi niola esango zidaten, eta galduz gero, herren egonda ere irabazi egin ninduela. Pena da, Urriza erreferentea da niretzat, bere mentalitateagatik. Alderaketa bat egin beharko banu buruz Rafa Nadal tenislari ezagunaren antzekoa dela esango nuke. Ni Urrizaren buruko indar hori lortzen saiatzen naiz, onenaren pare izan nahi dut.

Horrelakoak pasatzen dira.

Pilotariak erabakitzen du halakoetan. Udako buruz burukoan ere lesionatu nintzen ni. Urrizak beldurra zeukan lesioa larritzeko, eta berak hartutako erabakia izan da.

Urriza zezena da, baina Endika Barrenetxea ere samurra ez.

Bai, Endika gazteon irakasle izan da. Aholku pilo bat eman dizkigu. Batzuk hartu dizkiogu, beste batzuk ez hainbeste. Asko jokatzen du, Urriza sufriarazi duen erremontista izan da, eta oso final gogorra daukat. Bere kirol unerik onenean dagoela esango nuke, 30 urterekin, bi txapel irabazita. Zaila.

Ze dohain ditu?

Oso pilotari luzea da, azpiko posturatik batez ere. Errebotean jartzen du pilota nahi gabe, eta hori da nire gabezia handiena. Edozein pilotara justu iritsita ere errekurtso hori dauka. Atzelaria izanda bote lasterrean, bi paretak eginez ederki moldatzen da, oso pilotari tekniko eta konpletoa da.

Ahuluneren bat ba dauka?

Endikaren kasuan garai batean bote korridoa zela esango nizuke. Baina azken aldian horretan ere oso txukun ari da. Akats gutxiko jokalaria da.

26 urterekin lehen finala buruz burukoan. Zer esan nahi du zuretzat?

Egonkortzen ari naizela maila gorenean. Final batzuk jokatu ditut, gauzak gero eta hobeto egiten ari naiz, eskarmentua hartzen, eta lasaitasuna irabazten, une kritikoetan. Erremontean esperientziak asko balio du, eta kolpez kolpe aurkaria puskatzea ez da hain erraza. Pilota ondo kolokatzeak asko balio du; pazientziak ere bai. Sarri pilota suabe kolpatuz gero, indartsu kolpatuz gero baino min handiagoa egin dezakezula jakitea… Ari naiz ikasten, urtez urte.

Zer egin behar duzu ondo, finala irabazteko?

Hori erraza da: sakea. Buruz buru erremontean sakea %60 da. Ondo eginez gero, dominatu. Gaizki egiten baduzu, galtzaile ia beti, defentsan hasi beharra. Aukerako pilota dudanean oparirik ez egitea da gakoa, tantoa bukatzea. Endikak sakea hartzen duenean onartu behar dut takada bat egin diezadakeela. Une horietan eustea, ez etsitzea ezinbestekoa da.

Juanenearen aurka jokatu zuen finalerdian aise nagusitu zen Endika.

Bai, baina sakean ikaragarri asmatu zuen, eta ezin da ondorio handirik atera partida horretatik. Larunbateko finalean ere antzera sakatzen badu, aukera gutxi izango dut. Baina tira, bi egunetan sakean hain distiratsu jardutea ere ez da erraza. Presio puntua ere edukiko du finalean, nik ere niri irabazi egin behar zaidala erakutsi dut, eta Juaneneak baino zailtasun gehiago ematea espero dut. Zalantza puntu bat badaukat, buruz buru ez baitut markagailu estuko neurketarik jokatu, eta finala hala izatea espero dut.

Buruko indarrak badu bere garrantzia. Esango nuke Barrenetxeak Juanenea bere onetik atera zuela bere eraginkortasunarekin, eta partida bukaeran ere esan zuen, sakean nahi gabe asmatu zuela, bazekiela min handia egingo zuela.

Beno, hemen bakoitzak bere armak erabiltzen ditu irabazteko. Endikak pichon esaten dit aldageletan, txantxetan. Behin irakurri nion elkarrizketa batean Urrizari lehen aldiz irabazteko zortzi partida behar izan zituela, eta niri Endika bera menderatzeko beste hainbeste beharko nituela esan zuen. Hirugarren aukeran irabazi zion, beraz. Berak pichon esaten didanean botatzen diot, lasai egon daitekeela, ni bezalako hasi berri batek ezin diola berari irabazi. Nik galtzeko gutxi dut, eta irabazteko asko. Endikaren kasuan kontrakoa dela esango nuke, nire aurka galtzea kolpea handi samarra litzateke berarentzat, eta horrekin zirikatzen saiatuko naiz.

Nola bizitzen dituzu partida garrantzitsuetako atarikoak?

Txapelketa luzeetan, udako buruz burukoan, adibidez, tentsioa pilatzen joan izan naiz txapelketa bukaera aldera. Hilabete eta erdi zaintzen, lehiatzen, lesionatzeko beldurra… Gastatuta iristen zara bukaerara. Orain partida bakarra irabazi, eta finalean nago, gutxi entrenatuta gainera. Ez daukat buruko nekerik, fisikoa ere ez. Opari bat da finala, ezustekoa emateko aukera on bat. Baikorra naiz, eta ondo iritsiko naiz.

Urduri jartzen zaren horietakoa al zara?

Bai, tentsioa sumatzen dut. Lau final galdu ditut dagoeneko, eta entzun izan dut komentarioren bat, finaletan urduri jartzen naizela. Nor ez, ezta? Barrenetxea bera ere jartzen da. Normala da. Tentsio horrek on egiten nauela esango nuke. Bai, lau final galdu ditut dagoeneko, baina gai naiz datu horri buelta eman eta beste final bat bilatzeko. Hor egon nahi dut, txapela jantzi, orain dauden izarrak ez direlako betirako egongo.

Lau final, lauak galdu. Arduratzen al zaitu?

Bigarrena edo hirugarrena jarraian galdu nuenean amorratu nintzen. Ea kanpotik hitz egiten zutenek arrazoia ote zuten. Galdu nuela onartu nuen, baina noren kontra? Azken hamarkadan papurrak utzi ez dituen erremontistaren aurka. Ezkortasuna baikortasun bilakatu dut, eta kendu dizkidan txapelak etorkizunekoak izango direla pentsatu, irakaspen prozesu horri esker.

Nola ikusten duzu larunbat gaua, txapela jantziko bazenu?

Egin behar dudan zerbait da, txapela janztea. Kosta ala kosta lortu beharreko zerbait. Ezin dut etsi lortu arte, eta iritsiko da. Ez dakit noiz izango den, larunbatean, udan, 2022an edo geroago, baina lortuko dut, eta lortzen dudanean sekulako ilusioa egingo dit.

Lehen finala, buruz buru, eta gertukoak Setien sagardotegian lanean: Eugenio osaba, Lourdes ama, Xabi anaia… Marka da gero.

Bai, horrela egokitu da. Sagardotegi garai betean, larunbat eguerdian, lana lepo… Euskal Telebistak ere finala emango du, eta etxean ikusteko aukera izango dute. Ea seme, anaia edo iloba txapela janzten ikusten duten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!