Azken koska gainditu ezinik segitu beharko du Imanol Ansa urnietarrak. Bai hilabete batzuetan, behintzat. Buruz buruko finala galdu zuen larunbatean Endika Barrenetxearen aurka, 30-22, eta txapela jantzi ezinik jarraitu beharko du puska batean. Galtzen duen bosgarren finala da, eta datu txar horren atsekabea aski agerikoa zen Imanolen bisaian partida bukatu osteko bere hitzetan. Urnietarra luze egon zen Galarretan, dutxatu ondoren, lagun eta ezagunekin mintzatzen, haiei azalpenak eman beharko balizkie bezala, neurria eman izan ez balu bezala.
Onartzeko moduko azalpena baita ez zuela neurririk eman. Zuzenagoa, ordea, Barrenetxeak ez ziola ematen utzi, hernaniarra oso nagusi izan zelako. 30-22 bukatu zen finala, baina Endika oso nagusi izan zen, eta bere txapela ez zen kolokan egon inoiz. Akaso Imanol 9-8 aurreratu zenean, lehen hamar tantoetan elkarri mokoka aritu ostean. Une horretan, ordea, serio jarri zen txapelduna, eta txikitu egin zuen Imanol, 10-12 tantoko errenta handiak lortuz.
Ernegatu ere egin zen urnietarra azkar, finalak tantaz tanta nola alde egiten zion sumatu, eta ezer ezin zuela egin jabetuta. Espero bezala, Barrenetxeak bere sakean oinarritu zuen garaipena. Partidako lehen hiru tantoak hernaniarraren sakeak izan ziren, eta finalean dozena pasa sartu zizkion bere aurkariari. Ikaragarri asmatu zuen sakean, pilota asko lauko faltako marratik zentimetro gutxira kokatuz milimetrikoki, ezker paretara baztertuta. Imanolek sake asko erantzuteko, kolpatzeko aukerarik ere ez zuen izan, eta errestoa txapa gainean jartzea lortu zuenetan bukatzeko aukera ona uzten zion Barrenetxeari.
Finala Galarretara bertaratutako Urnietako zaleek nahi baino lehenago bukatu zen, zoritxarrez. Goiko solairuan zen Imanolen koadrila osoa, dozena pare bat lagun, eta pankarta polita zintzilikatu zuten, denok ikus zezaten: "Txikien izatetik, handien izatera, Aupa Ansa", erakusten zuen pankartak. Animo oihu latzak bota zizkioten lagun minek Imanoli, okerren zegoenean ere bai, baina etsita bukatu zuen finala. Ezinean, baina bere porrota, eta Barrenetxearen nagusitasuna lege onez onartuz.
Esperantza baitzeukan. Urriza gabe, bere unea iritsi ote zen. Barrenetxeak sakean Juanenearen aurkako finalerdian adina ez asmatzeko esperantza. Txapeldunak, baina, asmatu egin zuen. Sakea hitza izan zuen ahotan Imanolek ETBn, Euskadi Irratian, lagunei azalpenak ematerakoan. Buru makur, damu ere bai, errudun tarteka babesten dutenek ez dutelako momentuz Imanol txapela jantzita ikusteko aukerarik. Triste, baina burua harro. Aurretik dituenak erremontista apartak direlako, eta haien aurka ari delako borrokan azken urteetan.
Finala bukatu eta bere lagunei keinu adierazgarria egin zien Imanolek eskuarekin: "Hurrengoan", esan zien. Txapeldun-ordearen saria jaso zuenean ere keinu bera, eta berarekin hitz batzuk partekatzeko aukera izan genuen gehienoi ere bai. Arantza daukalako sartua Ansak barru-barruan. Barrenetxeak oso ondo ezagutzen duen arantza, Ansa orain ezagutzen ari den horma bera ezagutu baitu Urrizaren erregetzaren aurrean. Elegante mintzatu zen Endika Euskadi Irratian, finala irabazita: “Imanoli esan neu bere trantze berdinean nengoela orain dela 6 urte, eta begira gaur non nagoen. Seguru nago hemendik 4 urtera Imanol izango dela nire tokian dagoena”. Hala bedi!