Astebete eskas falta da Luz Ardidengo eski irteeraren eguna iristeko. Martxoaren 5erako antolatu du irteera Zanpatuz Mendi taldeak, Xabier Irastorza eta Xuban Ezeizaren gidaritzapean. Momentuz 25 lagunek eman dute izena, baina azken astean autobusa betetzetik gertu izatea espero dute antolatzaileek. Eski irteera antolatzen duten zazpigarren urtea da. Lehen urteetan Candanchura joan ziren, ondoren Aretara, eta azken urteetan Pirinio Garaietako Luz Ardiden eski estaziora.
Elur prezipitazioak espero dira
“Harrera ona egiten digute han, kontaktu onak ditugu, eta erraztasunak ematen dizkigute forfait-a erosi eta materiala alokatzeko. Jendeak Luz Ardidenen gustura egoten dela esaten digu, eta hara joaten jarraitzeko asmoa daukagu”, Irastorzak dioenez. “16 eta 35 urte arteko jendea joaten da normalean, eta giroa ona izaten da. Antolatzaileok beharrezkoa den aholkularitza eta informazioa ematen diegu gurekin datozenei, eta ondoren bakoitza bere kasara ibiltzen da mendian gora eta behera”.
Negua lehor doa, eta askok galdetu omen dute elur nahikorik izango ote den Luz Ardidengo eski pistetan. Irastorzaren arabera, “elur nahiko bada, gauetan hotza egin duelako eta elur artifiziala sortu ahal izan dutelako. Dena den, elur-prezipitazioak espero dira azken aste honetan, eta egun pasa ezin hobea izateko baldintzak beteko direla uste dugu”.
Tarterik bada, oraindik, izena emateko, Urnietako Kantoi tabernan.