Martxoaren 31n abiatu eta, hamaika egunez, hara eta hona, eskuz esku nahiz ahoz aho ariko da euskararen lekukoa Euskal Herrian barrena. Alabaina, Korrikak itzulia egin ahal izateko, aldez aurreko prestaketa-lanetan dabil makina bat jende, tartean, Lide Salbarredi Sarasola Urnietako Korrika arduraduna.
11:00-11:45 Paraxuta tailerra Plazido Muxika plazan.
12:00-12:45 Egapexou eta Egape dantza taldea.
13:00-14:00 Egape dantza taldea eta Kantazaun taldea.
Martxok 5, larunbata. Egun osoan zehar.
Ate joka dugu 22. Korrika: “Hitzekin” da aurtengo leloa.
Euskalduntasunaren gaineko hitz-jolasa da. Alde batetik, lehen hitza euskaraz egitea eta horren aldeko konpromisoari eustea sustatu nahi dugu. Beste alde batetik, hitzari eutsi ez ezik, ekintzetara salto egiteko deia ere elikatzen dugu, euskaldun izaeraren atzean badago-eta ekintzaile izatearen gaineko aldarrikapena, izan norbanako gisa, izan talde-eragile gisa.
Eta, hain justu ere, lasterketa erraldoia iragartzeko, Korrika Eguna ospatuko duzue Urnietan.
Hala da, bai, martxoaren 5ean, larunbatarekin, izango dugu Korrika Eguna Urnietan. Babes handia sentitu dugu herritarren nahiz Udalaren partetik, makina bat eragilek hartu dutelako parte egun horren egitarauaren prestaketan. Agerian utzi du Korrika Egunak herri euskalduna izateko nahia dagoela Urnietan. Urtarrilean hasi ginen prestaketa-batzordeekin eta nahiko harrera ona izan zuten: bertan, zenbait eragile izan ziren, baita herritarrak ere. Hitzordua prestatu aurretik, Euskara Batzordea sortu genuen ikasturte hasieran, izan ere, bazegoen kezka urnietarren artean euskarak herrian bizi duen errealitate linguistikoaren harira, tokia galtzen ari baita. Horrenbestez, gure hizkuntzari plaza, tokia eman nahi diogu Urnietan. Hori horrela, martxoaren 5ean, goizean, hiru plaza zeharkatuko ditugu, hizkuntzari aitortza egiteko eta zabaltzeko.
Lehenik eta behin, Plazido Muxikan izango gara, umeei zuzendutako paraxut-tailerrarekin. Jarraian, Kristina Solano eta gainerako herriko trikitilarien doinupean, Etxeberri plazarantz joko dugu. Bertan, Korrikaren gaineko ikuskizuna prestatu du, Joxe Mari Berasategiren gidaritzapean, Egape Show taldeak. Bestalde, Egape dantza Taldeak bi dantza egingo ditu. Azkenik, berriro ere trikitilariek girotuko dute San Juan plazarako bidea: Egape Dantza Taldeak beste bi pieza prestatu ditu; lehenik, aurtengo edizioko Korrikaren abestiaren dantza; eta, bigarrenik, herriari eta euskalgintzari egindako ekarpena medio, Lourdes Iriondo eta Xabier Lete omenduko dituzte dantzariek, Kontrapas kantuarekin. Horrekin batera, Kantazaun herriko taldea ere bertan izango da, eta, beren laguntzaz, abestia kantatuko dugu, bi omenduen etxean loresorta utzi bitartean.
Eguerdian, herri-bazkaria antolatu du Poxta Zahar elkarteak, Egape Ikastolan. Ostean, bingo musikatuak emango dio hasiera arratsaldeari eta Kilimak euskal runbako taldeak girotuko du iluntzea. Laster jarriko ditugu eskuragarri herri bazkariko sarrerak.
Horrez gain, aurki, Urnietako Udalak ikuskizun bat antolatuko du Korrikaren alde. Data zehazteke dago oraindik.
Prestaketa handia eskatzen al du hamaika eguneko lasterketa erraldoiak?
Korrikaren atzean jende asko dago lanean. Gainera, aurtengo edizioa Donostian bukatzeagatik, Gipuzkoako euskaltegiek ardura handiagoa hartzen dute. Etorri bezala, joan egiten da Korrika, ziztu bizian. Baina horren atzean prestaketa handia dago, herriz herri nahiz eskualdeka, aurreikusi egin behar direlako gerta daitezkeen ezusteko guztiak, lasterketa oztopatu ez dadin. Horrez gain, Korrika Txikia ere antolatzen da, eskolekin.
Herritarrek, eragileek ere parte hartu dezakete ekimenari babesa ematen, ezta?
Korrika Laguntzaile egin daitezke herritarrak 12 euroko dirulaguntzaren truke. Horrek hainbat abantaila dakartza: Korrikaren eta AEK-ren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak dituzte. Halaber, asteroko zozketan parte hartu dezakete. Bestalde, petoa erosteko aukera dago 5 eurotan, bai euskaltegian, bai Korrikako furgoneta igaro baino lehenago.
Kontu korronte bidezko ekarpena egiterik dago (aek.eus helbidean dago eskura), baita kilometroa erosi eta lekukoa eramateko aukera ere. Jada eskuragarri dago Korrikako arropa zein materiala Hernaniko AEK euskaltegian edota online dendan.
Zulo handia eragin al zuen pandemiak Korrikan, eta, ondorioz, AEKn?
80. hamarkadan hasi zen Korrika, behar bati erantzuteko: eskutik eskura doa hizkuntza, baina, apur bat, presaz, galdu ez dadin. Euskaltegietan ditugun baliabideak nahiko mugatuak dira, baina gauza bera gertatzen da euskara oinarri duten beste eragileetan ere, esate baterako, Ikastoletan. Horregatik, ditugu Nafarroa Oinez, Herri Urrats eta tankerako ekitaldiak, euskalgintzaren errealitatea horixe delako. Euskal hiztun komunitatearen beharrari erantzuten dio bi urtean behin Korrikak. Hortaz, hiru urtez lasterketari ezin eutsi ahal izateak zuloa eragin zien euskaltegiei. Horren ordez, "Bultza!" ekimena antolatu genuen, tokian toki.
Hutsuneak hutsune, indarrez hartuko al duzue aurtengo edizioa?
Jakina. Eta ez euskaltegiaren bueltan gabiltzan kideok soilik; herritar askok gorde ilusioa dute. Lasterketa hutsal bat baino gehiago da, euskararen alde dagoen aldarrikapen erraldoia: oso toki gutxitan ikusten da bi astez hizkuntza gutxitu baten alde korrika jendea gau eta egun.
Zer ematen dio Korrikak Urnietari, Euskal Herriari?
Euskarak eta horren inguruan lanean diharduten eragileek babes txikia jasotzen dute oraindik erakunde publikoen partetik. Baina gure hizkuntzak aurrera egin badu, elkarren arteko zaintza bermatu dugulako izan da hori. Babesaren atzean, bada aldarrikapena, bada plazaratzea, eta horren adierazle da Korrika.