Martxan da udaberriko Jabekuntza Eskola

Aiurri 2022ko mar. 9a, 09:00

Urnietako Udalak Jabekuntza Eskolaren udaberriko programazioa jarriko du abian, "*emakumeen ahalduntze-prozesuak bultzatzen jarraitzeko asmoz". Besteak beste, maitasun erromantikoaren deseraikuntza eta harreman sozio-afektiboen kudeaketa izango dira hizpide. Horretarako, askotariko profesionalak izango dira bidelagun: Pepa Bojo, Espazio Lunarra, Amher eta Emagin.

Hori lantzeko, martxoa eta ekaina bitartean luzatuko den eskola, inaugurazio ekitaldi bat, hiru tailer (talde dinamikak, arte terapia eta emakumeen arteko loturak sakontzeko espazioak), bi zineforum eta amaierako ekitaldi bat izango dira.

Gainera, neska gazteek protagonismo berezia izango dute eskolan; izan ere, proposamen bat garatuko da haientzat bereziki: “Neska gazteentzako Jabekuntza Eskola”. Horren bidez, bereziki beren interesei eta beharrei erantzuten saiatuko da. Parte hartu nahi dutenek martxoaren 31 baino lehen jarri beharko dute harremanetan berdintasun arloarekin (berdintasuna@urnieta.eus).

Izen-ematea

Tailer orokorretarako izen-emateak martxoaren 2an ireki ziren eta martxoaren 11n amaituko dira. Bi modutan eskura daitezke.

Gainerako jardueretarako, gonbidapenak lortu beharko dira.

Zaintza-zerbitzua

Eskolako jarduerek zaintza-zerbitzua ere izango dute, baina zerbitzu hori eskatu egin beharko da izena emateko edo gonbidapena lortzeko orduan, 15 eguneko aurreikuspenarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!