Pello Zabalaren euskal neguak

Andoni Aizpuru 2022ko mar. 10a, 10:04

Neguzale porrokatua naiz ni. Elurzale amorratua. Ez dut ezkutatzen gainera. Gero eta gizarte “epelagoan” bizi garenez, hotz puxka batek, tarteka bada ere, ez baitigu batere kalterik egiten.

Aurtengo negua bihotzean iltzatuta geratu zait, ordea. Ez, jakina, izan dugun elurte mordoagatik. Nola ba! Pello, gure Pello, maisu eta laguna joan zaigulako, baizik. Euskal Herrian, jakinduriaren gordailu zen neretzat , batez ere, Pello Zabala  eta eguraldi kontuetan, erakusle eta irakasle aparta. Neguaren bihotzean izan zen, kandelario egunean, seinalatua oso neguko egutegian. Goizean izotzak errekondoak zuritu zituen egun hartan; arratsaldea, zeharo epela. “Kandelario bero, negua gero”., esango zuen Arantzazuko bere talaia paregabetik. Eta, Ai Pello!!! nik erantzun. Esaera zaharrak zaharkituta geratzen ari dira! Hori lehen bai… orain, kia, orain dena aldatuta dago. Elurzaleoi itxaropen izpi bat beti eman izan digu, dena dela,  esaera zahar horrek. Geroko gero… hurrengo urtekoan, edo hurrenagokoan…  Esperantza beti!

Eta Pellori berari ikasi nion nik negu meteorologikoa eta negu astronomikoa dauden bezala, “Euskal negua” ere badagoela. Alegia, hemen gurean, azaroaren 1ean hasi eta maiatzaren 1a arte negutu dezakeela, tartean eguraldi epel askoak egin arren. Galdetu bestela Urbia, Aralar, Okabe edo Belaguako artzainei. Eskarmentua baino eskola hoberik ez dago ikasteko.

Bistan da: aurtengo negu-negua berezia izaten ari da oso, baina euskal neguak (eskerrak!) azaroko eta abendu hasierako euri-elurrekin, zeozer berdintzen ditu estatistikak. Ordukoak dira Pirinioetan geratzen diren elur multzo handienak, baina gainontzeko mendietan zulo sakonetan besterik ez da geratu elur zaharra pilatuta. Gabonetako giro epel-beroak aide-demonio lurmendu zituen gure tontor apalak eta gero, tarteka-marteka, elur lapatsa bota badu ere, bota bezain azkar urtu du itsasotik iritsitako aire beroak.

Abenduko tenpora-egunetarako etorria zen Azoreetako Antizikloi Ahalguztiduna Euskal Herrira opor ttikiak pasatzera eta gero bera izan da jaun-da-jabe, hirutik bitan baino gehiagotan. Eta horrek, presio AAAltuak, zer ekarri ohi du? Negu-giro berezia! Ohi baino prezipitazio gutxiago eta izotz egun gehiago. Izotza sarri, behetan batez ere, goietan alderanzketa termikoa benetan esanguratsua izan baita. Eta hori elurzaleak garenontzat ez izan bene-benetako negu-giroa!

Martxo hasiera honetan zeozer nahastu du berriro eguraldia baina ustekabe handi samarra beharko luke hemendik aurrera orain arte izan ez dugun eguraldi makur eta hotza gailentzeko.

Eta orain dator zailena! Klima aldaketaren ondorio al da hau guztia? Datorren urtean, edo bi-hiru-lau urte barru negu gogorrik ez al dugu izango? Nik, badaezpada, ez nuke leporik jokatuko (bakarra daukat eta!) Nire bizi eta lan-eskarmentuak dio gero eta elurte gutxiago izaten dugula; gero eta tenperatura epelagoa. Euri kopuruarena ez daukat hain garbi, baina alde haundirik ez da egongo Kantauri isurialdean behintzat epe luze samarra hartuz gero. Baina zalantzarik gabe datorkigun klima epeltze hori bertan daukagula baieztatzea ez zait guztiz zuzena iruditzen. Urteetako segidak aztertu beharko ditugu horretarako. Badator. Ziur. 25-50 urte barru nabarmen, baina oraindik ere, hurrengo neguetan, Adarra mendira igo eta elurretan hanka-zulo eder askoak egiteko aukera izango dugu, noizean behin. Izan esperantza! Bestela, adiskideak, larri ibili behar dute munduko beste bazter askotan!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!