Irteera, elurraz gozatzera

Aiurri 2022ko mar. 11a, 09:23

Aurreko asteburuan, Zanpatuz mendi-elkarteko urnietarrek irteera antolatu zuten Luz Ardidenera. Elurraz gozatzeko aukera izan zuten, eskiak nahiz snowboard taula erabilita. Goizean goiz irten eta iluntzerako Urnietan ziren berriro.

43 lagun irten ziren Urnietatik, larunbatean, goizaldeko 06:15tan.  Saint-Sauveurren geldialdia egin zuten eguna igarotzeko eskiak alokatzeko, eta goizeko 10:00tan  Luz Ardideneko pistatan eskiatzen ari ziren. Arratsaldeko 15:30ak arte gozatzeko aukera izan zuten urnietarrek. Elurra egin berria zegoen, eta, egunak aurrera egin ahala, behelainoa sartu zen. Antolatzaileen ahotan, "egun zoragarria igaro genuen, gurekin etorri zirenak pozik itzuli ziren Luz Ardiden aldetik".  Eguna goiz hasi arren, bidaiarien erdiak sagardotegira joanez luzatu zuen larunbata. Zanpatuzen irteera, beraz, bikaina izan zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!