Energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa bultzatuko da herrian plaka fotovoltaikoen bidez

Aiurri 2022ko mar. 11a, 10:03

Juan Diego Edinorreko ordezkaria, Jorge Segurado Urnietako alkatea eta Herme Gonzalez PSE-EEko Zinegotzia.

Urnietako Udalak proiektu pilotu bat sustatuko du, jasangarritasun energetikoari laguntzeko balioko duena: plaka fotovoltaikoen bidez energia berriztagarriaren ekoizpena eta kontsumoa sustatuko du.

Horretarako, Urnietako Tokiko Energia Elkartea sortu berri da, Edinor enpresaren eskutik, otsailaren 11n egindako osoko bilkuran eraketa aho batez onartu ondoren. Sinadura ekitaldian Juan Diego Edinorreko ordezkaria, Jorge Segurado Urnietako alkatea eta Herme Gonzalez PSEko zinegotzia egon ziren. Proiektu hau sozialisten proposamen batetik sortu da, gerora Udaleko Gobernu Taldearekin landu dena eta Udalean ordezkatuta dauden talde guztiekin adostu dena.

Ekimen honekin herritarrak erdigunean jarri nahi ditu Udalak, "trantsizio energetikoarekin eta banatutako energiaren bidezko garapen iraunkorraren helburuekin bat datorren hornidura elektrikoaren eredu berri bat bultzatuz". Horrela, ingurumenarekin, ekonomiarekin eta gizartearekin lotutako onurak lortuko lirateke partaideentzat.

Energia hori garbia da, funtsean hiri-eremuan erraz integratzen diren plaka fotovoltaikoak erabiltzen dituelako. Eraginkorra da, kontsumitzen den lekutik gertu sortzen baita, garraio eta banaketa galerak murriztearekin batera. Aurrezten laguntzen du, tokiko instalazioetan ekoitzitako energia garraioko bidesariagatiko tasetatik salbuetsita dagoelako eta merkaturatze kosturik ez dakarrelako. Era berean, energia sistema jasangarriagoa garatzen du, energia berriztagarriaren ekoizpena areagotzen duelako, energia iturriak dibertsifikatzen dituelako eta azken kontsumitzaileei autonomia handiagoa ematen dielako.

Premisa horien guztien pean sortu da Urnietako energia komunitatea, zeinak esperientzia pilotu bat egingo baitu ezaugarri onenak dituzten bi eraikin hautatuta, gero eskariaren arabera handitu ahal izateko. Azken finean, Urnietako Udalak autokontsumorako eta hiri-ingurunean energia garbien eta lokalen kontsumo partekaturako sarbidea erraztuko die herritarrei, instalazio fotovoltaikoak beren etxebizitzetara hurbilduz eta kontsumoan eraginkortasun energetikoa bultzatuko duen kultura garatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!