Herriko bi ikastetxeetara iritsi da "Parte Hartuz" prozesua

Aiurri 2022ko mar. 15a, 13:22

Aurreko urtera arte, parte hartze prozesuak 16 urtetik gorako urnietarrei bideratuta egon ziren, baina iaz, estrainekoz, lanketa berezi bat gauzatu zen Egapeko eta Magaleko lehen hezkuntzako seigarren mailako ikasleekin eta haien ekarpenak jaso ziren aurrekontu irekien parte hartze prozesuan. Aurten, jarraipena eman zaio ekimen horri.

Hala, parte-hartzeko prozesuen funtzionamendua eta helburuak azaltzeko saio pedagogikoak jaso dituzte bi ikastetxeetako ikasleek, Jorge Segurado Urnietako Alkatearen zein Mikel Pagola zinegotziaren eskutik. Garbi azaldu zaie, bestalde, proposamenek balekoak izateko bete behar dituzten baldintzak zeintzuk diren. 

Halaber, aurreko urteetan onartuak eta baztertuak izandako proposamenen gaineko adibideak jarri dizkiete ikasleei aurretik emaniko azalpenak adibide praktikoekin errazago ulertzeko.

Orain, bigarren lan-saio bat egingo dute LH6ko ikasleek, gela bakoitzak Udalari egingo dizkion proposamenak adosteko. Aurrekontu irekien parte hartze prozesura bideraturiko 150.000 euroetatik gutxienez 15.000 euro erabiliko dira ikasleek gauzaturiko proposamenak egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!