"Migratzaileak" dantza ikuskizuna, igande honetan Saroben

Aiurri 2022ko mar. 18a, 07:26

Victoria Eugenia antzokian emanaldi arrakastatsua plazaratu ostean, Urnietan egingo du konpainiak geldialdia, egoitza artistiko duen gunean, Saroben, aurkezteko; hain justu ere, martxoaren 20an, igandearekin, arratsaldeko 19:00tan.

“Migratzaileak”. Horrelaxe du izena Aukeran Dantza Konpainiak sortu duen azken lanak: Edu Muruamendiarazen gidaritzapean, Oier Guillan idazleak ipini dizkio hitzak egitasmoari, eta Donostiako DFeria arte eszenikoen jaialdian estreinatu zen, hilaren 12an nahiz 13an. Bada, bi egunetan Victoria Eugenia antzokian emanaldi arrakastatsua plazaratu ostean, Urnietan egingo du konpainiak geldialdia, egoitza artistiko duen gunean, Saroben, aurkezteko; hain justu ere, martxoaren 20an, igandearekin, arratsaldeko 19:00tan.

“Zer da migratzaile izatea ez bada, funtsean, mugitzea: gorputz bat lekuz aldatzeko prest egotea, eta leku berri horretan norbera den gorputza berriro deskubritzea”. Zer hausnartua utzi nahi du konpainiak ikus-entzuleen artean, “mugimenduari irekitzeko ariketa bat” proposatzen du. Hala, ahotsaren, dantzaren eta musikaren bitartez, historiari, istorioei begiratu nahi die.

Donostiako antzoki garrantzitsuena zapaldu ostean, eta, Urnietatik igarota, Bilbora egingo du jauzi konpainiak, martxoaren 25ean Arriagako oholtza gainera igotzeko, Loraldia jaialdian.

Sinopsia

Migrazioa mugimendua da. Mugitzea, funtsean, gorputz bat lekuz aldatzea. Lekuz aldatzean gorputzaren barruko guztia mugitzen da harekin: ametsak, beldurrak, minak eta itxaropenak. Migrazioa mugimendua da. Eta mugimendua arintasuna, mugarik eza. Gorputzak irekitasuna behar du mugitzeko: irekia egon mugimendua abiatzeko, irekia egon mugimendua jasotzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!