“Tokiko merkatariek bezeroak zaintzen dituzte”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko mar. 31a, 10:33

Gipuzkoako Ganbera Merkataritza-Enpresa sariak banatu ditu, berriki. Ainhoa Oyarbide izan da garaileetako bat, "10bitxiak" kategorian. Eskualdeko onena izan da.

Aurten, bost urteko ibilbidea bete du Lasarte-Oriako “Imagine” dendak. Eta ba al da ezer hoberik urteurren borobila sari batekin ospatzea baino? Oso eskertuta dago Ainhoa Oyarbide urnietarra, dendaren burua.

Saria jaso berri du zure dendak, Imagine arropa-dendak, orain gutxi Gipuzkoako Ganberak Merkataritza-Enpresa sarien XXVIII. edizioan. Ezusteko atsegina, ezta?

Helbide elektroniko bat bidali zidaten lehiaketaren berri emanez eta izena emateko proposatuz. Harritu egin ninduen mezuak, baina galtzeko ezer ez neukanez, parte hartzea erabaki nuen. Lehen, enpresen artean egiten zen bozkaketa, baina, orain, herritarrek dute irabazleak aukeratzeko ahalmena. Eskualdeka antolatzen da, eta nire denda Lasarte-Orian dagoenez, Buruntzaldean hartu nuen parte. Bada, egun batean, gizon bat sartu zen dendara irabazlea nintzela esanez. Zelako sorpresa!

Gipuzkoako hamar merkataritza-enpresa nabarmenen artean dago zure denda. Zer behar du saltoki batek guztien artetik nabarmentzeko?

Xarma izan behar du eta herritarren arreta deitu. Horrez gain, asko zaintzen dut bezeroekin dudan harremana; ezagutzen ditut nigana jotzen duten herritarrak, eta hori, adibidez, merkatalgune handi batean, ezinezkoa da. Gainera, pandemian, oso agerikoa izan zen tokiko denden garrantzia eta horiek herriarekin zuten lotura. Halere, orain, goranzko joera hartzen ari da berriro ere online bidezko erosketa.

Zerekin egingo du topo herritarrak “Imagine” dendara sartzen denean?

Denda oso txikia da, baina ahalegin handia egiten dut, herritarren premiei erantzun eta beren gustukoa den arropa ekartzeko. Esaterako, orain bi asteburu, Madrilen izan nintzen eta bezero batek eskatutakoa bilatzen aritu nintzen, tartean; hori ez du edonork egiten. Nire lan-jarduna ez da dendan amaitzen; zenbaitetan, etxean egoten naiz goizeko ordubiak arte jendeak eskatutakoaren bila, baita asteburuan ere.Tokiko merkatariek bezeroak zaintzen dituzte, eta, beno, nik zortea daukat, izan ere, behin eta berriro errepikatzen dut: nire ustez, munduko bezero onenak ditut. Baten bat lagun bilakatu da, pentsa!

Nerabeetatik hasi eta adinekoetara bitarteko jendea sartzen da nire dendan. Arropa-markei dagokionez, Tifosirekin egiten dut lan; oso errentagarria da kalitatearen nahiz prezioaren aldetik, esate baterako, bakeroetan, aski ezaguna da marka. Bestalde, Minueto markako soinekoak ditut, eta Brave Soul nahiz Lilu markak aurkituko ditu bezeroak nirean.

Dendako erakusleihoa, gainera, oso modu deigarrian duzu apainduta.

Nik neuk osatzen dut, eta urteko une jakinetan apaintzen dut, zenbait egun berezi aitzakia gisa hartuta, izan San Valentin, izan Arimen Gaua... Hori dela eta, Lasarte-Oriako erakuslehio lehiaketa irabazi dut, birritan.

Egoitza Lasarte-Orian izan arren, ba al daukazu bezerorik herriko mugetatik kanpo ere?

Jakina. Bestez ere, eskualdetik gertu, hala nola, Urnietatik, Usurbildik, Zubietatik, baita Hernanitik nahiz Donostiatik ere.

Ba al dago modurik zurekin online bidez harremanetan ipintzeko?

Denda txikia da nirea; beraz, oraingoz, Instagrametik, Facebooketik eta WhatsAppetik jarri daiteke nirekin harremanetan, online bideari dagokionez. Webgunea eduki nahiko nuke, Lasarte-Oria eta inguruetatik at ere nire berri izan dezaten; alabaina, horretarako, biltegi handiago bat behar dut. Komunikazioa landu beharra dago jendeak zure berri eduki dezan.

Imagine denda

  • Geltoki, 19. Lasarte-Oria.
  • WhatsApp: 657 71 11 61.
  • Instagram: @imaginelasarte.
  • Facebook: Imagine Lasarte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!