Gainean daukagu Korrika. Azken uneko lanetan murgilduta?
Azken egunak badatoz, eta horiekin batera, urduritasuna. Korrikaren bueltan, beti badago zer egina eta azkeneko egunetan zer esanik ez... Lanean gabiltza azkeneko ukituak ematen.
Non jasoko dute urnietarrek lekukoa, eta noren esku utziko dute, ondoren?
Azken urtetako edizioetan Hernanitik etorri da Korrika eta Urnietako udalerritik pasa ondoren, Andoain aldera joan da; aurten, ordea, aldaketa txiki batzuk egin dira ibilbidean. Oraingo honetan, Korrika lasarte-Oriatik etorriko da; Kostegi nekazal etxetik igaroko da eta herrirantz hartuko du, gero betiko lez, Andoain aldera joango da.
Zer moduz joan da kilometroen salmenta?
Oro har, Urnietan, pandemiak eragina izan duela nabaritu dugu. Ez bakarrik AEKn eta Korrikan, baita beste hainbat sektoreetan ere; eta ez da harritzekoa: autonomoen prezioen egoera, argi indarraren prezioa, gasolinaren egoera... Pandemia honek ondorio latzak ekarri dizkigu guztioi.
Hala ere, aipagarria da Korrikaren ilusioan ez duela eragin, izan ere, jendearen parte hartzea eta interesa nabarmentzekoa izan baita.
Lasterketa erraldoia iragartzeko, Korrika Eguna egin zen Urnietan. Zer moduzko harrera izan zuen?
Hasiera batean, kalean egin nahi zen Korrika eguna eta plazaz plaza ibili, herrian kale-ikusgarritasuna lortzeko; eguraldia ez genuen lagun eduki eta, azkenean, Egape frontoian egin genuen. Jende mordoa bildu zen –baita euskaltegiko hainbat ikasle ere–, eta gustura gelditu ginen goizeko saioarekin.
Ondoren, hitzorduaren aitzakiaz, antolatu al da ezer berezirik Korrika herritik igarotzen den egunerako?
Apirilaren 8an goizean goiz Korrika pasako da eta, gero, 10:00etan, Magale eta Egapeko HHko eta LHko ikasleek Korrika Txikia egingo dute. Azkenik, arratsaldean, udaletxean, etxeko txikienentzako zuzendutako ekitaldi bat antolatu da.