Hitzarmena, aniztasun funtzionala duten haurrek kirola egiteko aukera izan dezaten

Aiurri 2022ko api. 4a, 14:48

Eskola kiroleko jardueretatik kanpo geratzen diren aniztasun funtzionala duten haurrei multijarduera proiektuan parte hartzen laguntzeko hitzarmena sinatu du Urnietako Udalak Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin. Sinadura-ekitaldian izan dira Jorge Segurado Urnietako alkatea eta Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko presidentea.

Urnietako Udalak hileko 85 euro emango dizkio Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioari, programan parte hartzen duen eta herrian erroldatuta dagoen adingabe bakoitzeko. Alde batetik, jardueraren kostu osoaren %33 ordainduko du; hilean 50 euro, parte-hartzaile bakoitzeko. Bestetik, Ezintasun Aitortua duten Adingabeak Artatzeko Programaren barruan, Urnietako Udalak hilean 35 euroko beste kuota bat ordainduko du parte-hartzaileko, gizarteratzea sustatzeko eta eskola kiroleko jardueraren kostua udalerrian antolatzen diren antzeko jarduerekin parekatzeko. Aniztasun funtzionala duten haurren kirol hastapena (multijarduera) programa Urnietako kiroldegian eta Andoaingo Allurralde Kiroldegian egingo da 2021-2022 ikasturtean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!