Abokatua zara, orgibidez. Abokatutza orokorra eskaintzen duzu. Zein bezero mota hurbiltzen ari zaizu?
Donostitik egiten dut lan, Laia kolektiboaren barnean. Kaleko abokatuak garela esan ohi dugu; ez dugu trajerik janzten. Ohikoak diren jardueretan lan egiten dugu. Familia arloan, dibortzioak nahiz herentziak, eta, arlo administratiboan, isunak eta abar. Lan-arloko aferak ere iritsi zaizkigu bulegora, kaleratzeak adibidez. Arlo penalari ere heltzen diogu.
Zuen alde, esan dezagun, euskaraz eskaintzen duzuen zerbitzua da.
Bai. Abokatutzan, oraindik ere, hizkuntza hegemonikoa gaztelania da. Lehen esan bezala, kaleko abokatuak gara eta, gainera, euskaldunak. Balio erantsi hori badugu.
Zerbaitetan nabarmentzen ari al zarete?
Garai batean, oso ohikoa zen abokatuak arloka espezializatzea, baina, gaur egun, alor guztietan trebatu beharra dago.
Pandemia garaian isunei buruz asko hitz egin da.
Hainbat abokatu elkartu ginen pandemia garaian, ERTEak eta isunak zirela-eta, dei ugari jaso genituelako. 80ko hamarkadako lege bat aplikatzen zen, baita Mozal legea ere, eta lege horien aplikazioa oso intepretazio ezberdinetara zabalik zegoen. Arbitrarietate handia egon da, kasu askotan. Eta horri nola aurre egin ez zegoen batere argi. Adibide bat jarrita, zakur baten jabeak isuna jaso zuen bere etxetik hainbat metrora zegoelako. Horrelako kasuak iritsi zaizkigu.
Oro har, epaiketa saihesteko negoziazio-prozesu askotan izaten al zarete?
Halaxe da. Kontziliazio saiakerak egiteko aukera dago, eta askotan akordioa bilatzen da.
Lan handia ematen al dute familia alorreko kasuek?
Estafa modukoak lantzea egokitu zait, azken aldian. Demagun, ibilgailua erosi duzula, eta ibilgailu horrek ez ditu salgai jarri zituzteneko baldintzak betetzen. Horrelako kasu asko landu ditut. Dentix hortz-klinikaren kasuan, bezero askok bete ez zen zerbitzu bat kontratatu zuten. Enpresa hori itxi zuten, eta bezero askoren eskubideak airean geratu ziren. Erreklamazio ugari egin genituen, eta batzuk Dentix enpresaren erosle berriarekin konpondu ziren baina beste asko ez. Kontsumobidera jo dugu, kasu hauetan.
Zer da zure lan esperientzian bereziki gogoan duzun kasua?
Abokatutza masterra egin nuen, eta giza eskubideei buruzko beste bat ere. Lankide baten laguntzaile aritu nintzen Frankismoaren garaiko kereilak kudeatzen. Ondarroako eta Elgetako kasuak landu genituen. Asko ikasi nuen kasu horien lanketan.