Urnietako Gazte Informazio Puntuak Bidaiateka lehiaketa jarriko du abian

Aiurri 2022ko api. 19a, 11:30

Urnietako Gazte Informazio Puntuak Bidaiateka lehiaketa jarriko du abian herriko gazteen mugikortasuna sustatzeko helburuarekin. Modu honetan, gazteek azken urte hauetan bizi izan dituzten esperientzia interesgarrien berri emateko aukera izango dute.

Buruntzaldeko edozein Udaletan (Urnieta, Hernani, Astigarraga, Usurbil, Andoain eta Lasarte) bizi, ikasi edo lan egiten duten eta 2006a baino lehenago jaiotako gazte bidaiazaleek aukera paregabea dute haien bidaiaren bat ezagutzera emateko: nolako esperientzia izan zen, nola antolatu zuen bidaia, zein ibilbide burutu zuen, zer ikusi eta ikasi zuen...

Lehiaketa Instagram bidez egingo da eta bi fase izango ditu: aurkezpen fasea eta azken fasea. Lehenengo fasean 60 segundoko bideoa igo beharko da bidaiaren aurkezpena eginez. Horretaz gain, @gazteinfournieta profila jarraitu beharko da, feed-eko testuan @gazteinfournieta aipatu beharko da eta #BidaiatekaUrnieta hastag-a erabili beharko da. Bestalde, aurten, KM0 saria egongo da Euskal Herrian egindako bidaientzako. Sari horretara hautatu nahi dutenek feed-eko testuan #KM0 hastag-a erabili beharko dute. Aurkezpen fasean bideoa igotzeko epea maiatzaren 2an irekiko da eta maiatzaren 5ean itxiko da. Edozein bidaiak balioko du.

Maiatzaren 9 arte ahalik eta “atsegin dut” gehien lortzea gakoa

Ezarritako epean igotako bideoen arten maiatzaren 9 arte ahalik eta “atsegin dut” gehien lortzea izango da helburua, izan ere, “atsegin dut” kopuru handienak eskuratzen dituzten 3 bideoak izango dira azken fasera igaroko direnak. “Atsegin dut” kopuruan berdinketa suertatzen bada berriz, epaimahaiak erabakiko du berdindutakoen arten zein igaroko den azken fasera. Dinamika berdina jarraituko da KM0 sarirako ere. 

Azken fasean lehiatzeko hautatuak izaten diren pertsonek bidaiaren informazio zabalagoa emanez gehienez 5 minutuko iraupena izango duen bideo bat prestatu eta bidali beharko dute gazteinformazioa@urnieta.eus helbidera. Horretarako azken eguna maiatzaren 16a izango dute. 

Sari potoloak 

Hiru bideo horiek @gazteinfournieta-ko instagram kontura igoko dira eta bideo irabazlea hautatzeko orduan ondorengo gauzak hartuko dira kontuan:

  • Bistaratzeak
  • “Gustatzen zait” kopurua.
  • Epaimahaiaren puntuazioa: material grafikoaren kalitatea, azalpena, komunikazio trebetasunak, originaltasuna eta balorazio askea.

Hiru alor horietan puntu gehien batzen dituen bideoa izango da irabazlea eta sariak berriz ondorengoak:

  • 1.postua: 250 euro
  • 2.postua: 150 euro
  • 3.postua: 100 euro
  • KM0 saria: 150 euro
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!