Eskultura-lehiaketa, zaintza-arloan emakumeek egindako lana aitortzeko

Aiurri 2022ko api. 21a, 09:24

Urnietako Udalak eskultura-lehiaketa bat jarri du martxan, zaintzaren esparruan emakumeek egiten duten lana aitortzeko asmoz.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek 18 urte beteta izan beharko dituzte, eta lan bakarra aurkeztu ahal izango dute, originala, argitaratu gabea eta beste lehiaketa batean saritua izan ez dena. Era berean, erabilitako materialek erresistenteak izan beharko dute agente atmosferikoen jarduerarekiko, Zaldundegi plazaren goiko eremuan jarriko baita eskultura. Lehiaketa zabalik dago eta lanak Urnietako Udaleko Bertan bulegoan aurkezteko azken eguna uztailaren 15a izango da.

Parte-hartzearen nondik norakoak

Lehiaketak bi fase izango ditu. Lehenengoan, epaimahaiak gehienez 3 proposamen aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean, sormena, originaltasuna eta kalitate-irizpideak aintzat hartuta. Bigarren fasean berriz, urnietarrak izango dira epaimahaiak. Eskultura irabazlearen sortzaileak 6.000 euroko saria jasoko du (BEZa barne), eta zenbateko horren barruan sartuko da eskultura gauzatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!