Musika Eskolako matrikulazio-epea, zabaltzear

Aiurri 2022ko mai. 6a, 08:29

Lourdes Iriondo Musika Eskolako ikasleek astelehenetik aurrera izango dute 2022-2023 ikasturtean matrikulazioa egiteko epea zabalik. Hala, maiatzaren 9tik 16ra bitartean, egungo ikasleek aukera izango dute matrikula berresteko, instrumentua aukeratzeko (III. musika tailerreko ikasleak), datuak aldatzeko edo baja emateko.

Eskaerak bideratu ahal izateko posta elektroniko bat bidali beharko da lourdesiriondo@urnieta.eus helbidera.

Musika Eskolan, baja

Datorren ikasturtean baja eman nahi duten ikasleek berriz, inprimakia bete eta lourdesiriondo@urnieta.eus helbidera bidali beharko dute. Bajarik ematen ez duten ikasleek matrikulaturik jarraituko dute datorren ikasturtean.

Matrikulan, aldaketak

Era berean, datorren ikasturteko matrikulan aldaketaren bat egiten duten ikasleek matrikula-proposamen bat jasoko dute. Hala, Musika Eskolak azaldu du erantzunik edo jakinarazpenik jasotzen ez duen kasuetan, bidalitako matrikula-proposamena ontzat emango duela.

Kuotak

Kobrantzei dagokienean, matrikula-eskabidean adierazitako kontuan zordunduta egingo dira. Aurreneko kobrantza uztailean egingo da, 50 eurokoa. Ondoren, gainerako kuotak, 9 hilabeteetan zehar likidatuko dira, irailetik maiatzera bitartean.

Matrikula, bertan behera

Matrikula formalizatu ostean, zein kasutan eman ahal izango den baja ere zehaztu du Musika Eskolak: ikasketetan edo lan baldintzetan aldaketak daudenean, bizilekua Urnietatik kanpo aldatzean eta osasun arrazoi larriren bat dagoenean. Kasu guztietan eskatuko da ziurtagiriren bat, egiaztatu ahal izateko.

Ikasle berrientzat, izen-ematea

Bestalde, datorren ikasturtean Lourdes Iriondo Musika Eskolan ikasi nahi duten ikasle berriek maiatzaren 19tik 30era izango dute matrikulazio epea zabalik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!