“Nork bere konfiantzan klik egingo du"

Alba Cabrera Jauregi 2022ko mai. 6a, 10:31

Nerea Redondo Otamendi formakuntza erraztailea da eta berak gidatuko du Andoaingo Jabekuntza Eskolako tailerra: “Konfiantza sortu eta elikatu” .  Maiatzaren 7an eta 14an, izango dira hitzorduak, 09:30-13:30 artean.

"Barne egoeratik datorren sentimendua" da Nerea Redondo Otamendi formakuntza erreztailearentzat konfiantza, "burutik askatzen gaituena".  Funtzionatzeko, pentsatzeko nahiz sentitzeko erarekin du harremana. Hain justu ere, egurenorokoan norbanako orori zeharkatzen dion aferari eutsiko dio aurki Andoaingo Jabekuntza Eskolan emango dituen tailerretan: “Konfiantza sortu eta elikatu”.

Inoiz bukatzen al da konfiantza elikatzeko prozesua?

Pertsona bakoitza ezberdina da, eta nork bere ibilbidea dauka konfiantzarekin, bizipenek baldintzatuta. Esperientziak baliabideak ematen dizkigu, batzuetan erabilgarriak eta beste batzuetan ez. Baina tresnak izatea onuragarria da, behar den momentuan barrenak indartu ahal izateko.

Konfiantza lantzeko, autoestimuaz, motibazioez edota zaintzaz ere jardun behar gara, besteak beste. "Noiz sentitzen zara erosoago: zaintzaile rolean edo zaindua izatean?”. Emakumeok oraindik ere zaintzaile-lanetan sentitzen gara erosoen. Galdera horrek lotura handia du konfiantzarekin. Izan ere, gusturago gaude rol horretan, inor molestatu gabe, gauzak azkarrago eta hobeto egiten ditugula sinistarazten digun ego txikia daukagulako barruan.

Zer behar du norbakakoak besteengan konfiantza sentitzeko?

Bakoitzak egiten duena bizirauteko egiten du, bere borondate onenarekin. Finean, animaliak gara eta bizirauten laguntzen digute lehen mailako sentimenduek: haserrea, sorpresa, nazka, beldurra…

Nola hitz egiten diogu geure buruari? Nola hitz egin digute? Eta horretatik zer hartu dugu eta zer ez? Konfiantza lantzean, nork bere buruarekiko duen maitasuna, segurtasuna zein epaia sartzen dira tartean, eta aurreiritziek ere konfiantza baldintzatzen dute.  

Ongizatearen jendarteak makina bat mezu bidali dizkigu, eta gugan izugarrizko pisua dutela jabetu gara, konfiantza praktikan ez edukitzeko: izan zaitez indartsu, izan zaitez adeitsu, atsegin eman. Horrez gain izan zaitez perfektua, eta eraginkorra, egin gauzak azkar eta ondo. Eta, gainera, ahalegindu zaitez. Mezu horiek konfiantza ukitzen dute, bai besteengan, bai nork bere buruarengan.

Zeure burua maite baduzu, konfiantza sentituko duzu, alegia, zeure forofa baldin bazara, zeure buruari lagun onenari bezala hitz egiten badiozu eta epaitzen ez baduzu.

Besteek gugan sinisten dutela sentitzeko, beharrezkoa al da guk geure buruan sinestea?

Ez du zertan. Bada jendea gidatzeko gai ez dena, baina beste norbaitekin kotxean gustura joaten dena. Alabaina, maiz, beldurrak lehoi baten aurrean egongo bagina bezala uzten gaitu, eta geldi-geldi gelditzen dira batzuk; bestek batzuk hanka egiten dute ziztu bizian. Halere, argi dago gurea izan behar dela segurtasuna; besteek egiten dutenaren arabera baldin badatorkigu beti, ez dago gure bizitzaren gaineko kontrola izaterik. Hori landu egin beharra dago.

Konfiantzia apurtu dala sentitzen dugunean, zein da gakoa berriro sortzen hasteko?

Konfiantza eraikitzea asko kostatzen da, baina segundu bakarrean apurtu daiteke. Hala, ditugun bizipenek asko baldintzatzen dute osaketa, baita egiten den lanketak ere. Justizia, maitasuna, aurreiritziak eta abar dugun ulertzeko moduari lotzen zaio. Baldintzagarria da guztiz: nola hitz egiten diogu geure burari? Eta geure buruan? Gainera, badira gurean batere lagungarriak ez diren esaera zaharrak, tartean, “sasian zarraparra denean, ke gabeko surik ez”. Jendearengan konfiantza dugula pentsatu arren, sarri, ez dugu horrela sentitzen. Denbora eskaini behar zaio, mesfidantzak min ematen duelako.

Lotura al du autoestimuarekin?

Konfiantzaz jokatzeko garrantzitsua da autoestimua lantzea. Lehena urratzen zaigunean, bigarrena kaltetzen da. Gainerakoekin alderatzeko joera daukagu; zergatik izan behar dute supermerkatuko sagar gorri eta distiratsuak azokako askotariko ezaugarritako sagarrak baino hobeak?  Guztiok gara perfektuak gure inperfekzioan.

Generoak zein adinak pisua al dute konfiantza hizpide denean?

Adinaren kasuan, ez dut hain argi ikusten, bakoitzaren bizi-ibilbideak markatzen duelako hori. Aldiz, generoan, bai. Emakumeoi  makina bat rol eta uste egotzi zaizkigu. Gainera, gugan defentsa-mekansimoak sorrarazi dizkigute jazarpenek, sexu-erasoek, komentarioek, gutxiespenak eta beste egoera askok; horietako bat da mesfidantza. Halaber, zenbait alorretan, emakumeok irabazi egin behar izan dugu gizonei hasieratik eman zaien konfiantza.

Sare sozialek harremanetan hainbesteko indar duten garaiotan, nola eragiten dute horiek konfiantzan?

Mesfidantzazko aurreiritziak ditut nik sare sozialekiko, gugan duten eraginaz ohartzen ez garela iruditzen baitzait. Aurrez aurreko harremanetan konfiantza ezaz jokatu eta sare sozialetan guztiz kontrako jarrera hartzen duen jende asko dago. Eragin handia dute, eta mesfidantza elikatzen dute, beste gauza batzuen artean.

Andoaingo Jabekutza Eskolan horretaz guztiaz hitz egiteko txokoa osatu duzue.

Konfiantza eta konfideltzialtasun gunea izango da tailerra. Bertan, nork bere funtzionatzeko eraz hausnartzeko aukera aurkituko du, kontzientzia hartu ezean, ez baitago aldaketarik. Barre egingo dugu eta aurreiritziak kanpoan utziko ditugu.  Bi larunbat izango dira, eta goizez elkartuko gara lau orduko saio bana egiteko. Horrek ere aukera emango digu egiten ditugun hausnarketak praktikan jartzeko lehen aste burutik bigarrenera bitartean. Bigarren saioan hausnarketa horietan sakonduko dugu, ikastaroa borobiltzeko. Bestalde, nahiko jendek eman du izena jada, nahiz eta oraindik tokia libre  dagoen, norbaitek nahi izanez gero. Emakumetik emakumera konplizitatea sortzen da eta hori magikoa da: tresnak sartuko dizute motxilan, etoretorkizunari begira gustorago eta lasiago bizitzeko. Ziur nago oso emaitza interesgarriak izango ditugula eta nork bere konfiantzan “klik” bat egingo duela. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!