Ospakizuna Azkorten

Xabier Lasa 2022ko mai. 6a, 10:38

Azkortera hurbildu zirenek Xabier Murua apaizak emandako meza entzun zuten lehenbizi, eta ondoren, Ion Ansorregi eta Anjel Larrañagaren trikiti doinuak. Larrañaga beraren eta Mikel Mendizabalen bertsoekin amaitu zen goizeko erromeria .

Datorren igandean, hilaren 8an, Azkorten bigarren erromeria ospatuko da, Lasarte-Oria eta Urnietako udalek Ttakun elkartearekin elkarlanean antolatuta. 11:00etan meza izango da, eta ondoren, herri kirolek, Ttirriki-Ttarraka taldeak eta bertsolariek girotuko duten erromeria ospatuko da. Autoentzat itxita egongo da errepidea, eta bus zerbitzua doan jarri dute, Lasarte-Oriatik zein Urnietatik. Urnietak (10:00-13:30) Pintore Kaletik abiatu eta Azkorterako joan etorri egingo du (azken igoera 12:00etan). Bestalde, antolatzaileek, “salda, txorizoa, odolkia eta edaria tabernan” izango dela ziurtatu dute.

 

Hamaiketako eza, hizpide

Anjel Larrañaga eta Mikel Mendizabalek elkarrekin egin zuten saioan, besteak beste, autobusa eta bertsozaletasuna, eta, erromeriak girotzeko beharrezkoak diren pintxo eta edariak izan zituzten aipagai. Hain zuzen, meza ostean, bertan parte hartu zuten fededun batzuek, autobusean sartu eta Urnietara jaitsi ziren, Azkorteko festan ondoren zetozen trikitilari nahiz bertsolarien saioarekin interes handirik jarri gabe. Hori zela eta, hona Larrañagak bota zuen bertsoa:    

Ai, Mendizabal esango dizut
hemengo gauzak zer diran,
bakarren batzuk aldegingo dute
autobusa eta segidan.
Beste batzuek aurrean daude
bertsoaren ikusmiran,
hor ikusten da euskaldun eta 
bertsozaleak zein diran.

Bestalde, aurten Azkorteko ermitaren aterpean taberna zerbitzurik ipini ez zela eta, kritikarako aldartea hartu zuten bi bertsolariek, puntuka ari zirela.  

1/ Mikel Mendizabal: 
Hemengo festarekin 
ari gera kunplitzen.
Anjel Larrañaga: 
Gauza argirik asko
ez degu aurkitzen.
Mikel Mendizabal: 
Baina zerbait badela 
zait neri iruditzen.
Anjel Larrañaga: 
Tragua hartuta saiaz
egon gaur bizitzen.

2/ Anjel Larrañaga: 
Bertsolariak behar du
tragoa ondoan.
Mikel Mendizabal: 
Eta orduan bertsoa
errazago gogoan.
Anjel Larrañaga: 
udaletxea ez dabil
lenengo moduan.
Mikel Mendizabal: 
esan alkateari 
gero joandakoan.

3/ Mikel Mendizabal: 
Etorri ote da ba
zuen alkatea?
Anjel Larrañaga: 
Baina ez da preziso
denak esatea.
Mikel Mendizabal: 
festetan gaude eta
behar da pakea.
Anjel Larrañaga: 
Estalpe hau nahi nuen
tabernaz betea.

4/ Anjel Larrañaga: 
Non dira tragoa ta
non dira pintxoak?
Mikel Mendizabal: 
Urru samar daude
Guretzat, gaixoak.
Anjel Larrañaga: 
Horren desiatutzen
zeuden gehientsunak.
Mikel Mendizabal: 
gero beteko ditugu
gure kapritxoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!