“Esnatu naiz” kabareta izango da Saroben

Aiurri 2022ko mai. 11a, 11:00

Elur Etxeak “Esnatu naiz” kabareta oholtzaratuko du ekainaren 3an Sarobe arte eszenikoen gunean, arratsaldeko 19:00etan.  

Gonbidapenak eskuragarri daude Sarobeko bulegoetan 9:00-13:00 eta 16:00-18:00 ordutegian, eta egun berean ere jasotzeko aukera egongo da txarteldegian ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago. Gonbidapenak online eskuratzeko, egin klik HEMEN.

Sinopsia

Elurrek Londresko The Pink Flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urtera arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du baserritan euskaldun honek modako trans artista izatea Londresen? Zer bizipen izan ditu Elurrek azken 10 urte hauetan? Eta zergatik da Beyoncé guzti honen erruduna?

Antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen showa da. Identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten digu.

Fitxa artistikoa

  • Izenburua: Esnatu Naiz
  • Ideia, gidoia eta zuzendaritza Andoni Mutiloa
  • Aholkularitza eta kanpo begirada: Amancay Gaztañaga
  • Artista: Andoni Mutiloa
  • Mugimendu zuzendaritza: Eneko Balerdi
  • Ekoizpena: Elur Etxea

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!