Merkatarien egoera zailari buelta emateko plan berria aurkeztu du Udalak

Aiurri 2022ko mai. 13a, 09:09

Tokiko merkataritzaren gainbehera islatzen duten bi adierazle irauli beharko lirateke. Urnietarren % 50ak herritik kanpo egiten ditu erosketak. 2008ko krisiaz geroztik, 30 merkatalgune itxi dira herrian

Aurkeztu du jada Urnietako Udalak herriko Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia (MIPB), “tokiko merkataritza hobetzeko eta modernizatzeko” xedez. Jorge Segurado alkateak eta David Rosco Gizarte Sustapen eta Garapen pertsonaleko zinegotziak eman zituzten xehetasunak aste hasieran emandako prentsaurrekoan. Planaren sorkuntzan, ezinbestekoak izan dira, Udalaren ahotan,  “On Bizi” merkatarien elkartearen kolaborazio aktiboa eta, bestetik, Ikertalde enpresaren laguntza. Horrez gain, prozesuan, herritarrek ere, parte-hartzaile gisa, lekua izan dute. Agerraldia astelehen goizean egin zuten, eta arratsaldean jendaurreko aurkezpena egin zuten Lekaion.

2021. urteko irailean ekin zion Udalak Planaren lanketari, Roscok adierazi lez. 500 urnietarri inkestak egin zitzaizkien, telefonoz eta kalean. Ondoren, herriko merkataritza-eskaintza aztertu zen merkatarien lankidetzarekin, eta, azkenik, sektorearekin partekatu ziren egindako lana nahiz bildutako datuak, azken ekarpenak jasotzeko eta plana borobiltzeko.

Erosketak, herritik kanpo

2008. urtean 107 establezimendu zeuden Urnietan, eta 2021ean, aldiz, 77. Hortaz, urte horietan guztietan, 30 establezimendu galdu dira. Urnietan erretratu hori bera egotea hainbat faktorerekin lotu zuen zinegotziak. Lehenik, “merkaritzaren sektorea egiturazko eraldaketa-prozesu sakon batean” murgiltzera eraman dute, haren adierazpenez,  2008ko krisi ekonomikoak zein 2020an hasitako pandemiak: “Bi urteotan, nabarmen aldatu da bizitzeko eta kontsumitzeko modua, trantsizio digitalak pisu handia hartu baitu eta online erosketak egiteko joera asko hazi baita”. Hari horri tiraka, sektorean bezeroekin komunikatzeko bide berriak bilatzearen garrantzia nabarmendu zuen, bezeroen premiei ahalik eta modurik zehatzenean erantzuteko.

Kontsumo-ohiturei begira ere ipini zen zinegotzia: inkesten erantzunetan oinarrituta, “aniztasuna, erosotasuna eta erraztasuna” medio, herritarren %50ak herritik kanpo egiten ditu erosketak egunerokoan. Horietatik gehienak saltoki handietara joaten dira (%30); beste zenbait, ostera, inguruko herrietara (Hernanira, %28) edota Gipuzkoako hiriburura (%23).

Horrenbestez, Roscok uste du faktore horiek guztiek zuzenki eta modu larrian eragina izan dutela gertuko merkataritzan. Horregatik guztiagatik, tokiko dendak egungo egoerara egokitu beharrean daudela uste du zinegotziak. Haren aburuz, teknologia berriak txertatu beharko dituzte, eta  bezeroei egokituriko “esperientzia erakargarria” eskaintzeko gai izan behar dira, errraztausnak eman, “kalitatezko balio erantsia” sortzeko: “Kontsumitzaileak edozer eskuratzeko aukera zabalak ditu, eta, horrenbestez, herriko merkataritzak bere lehiakortasun maila handitu beharko du bezeroarekiko hurbiltasunetik, profesionaltasunetik, ezagutzatik eta konfiantzatik abiatuta”.

Bost ardatz

Merkatal espazioa edo hirigintza, Urnieta komunitatea, animazioa nahiz dinamizazioa, gobernantza eta lehiakortasuna. Bost puntu horiek dira planaren bizkarrezur, eta, Roscoren hitzetan, lehiakortasunari emango zaio lehentasuna: “Agertoki globala asko gogortu da, eta, ondorioz, lehiakortasuna inoiz baino beharrezkoagoa da. Mundu digitalaren sarrera da azken urteotan merkataritza-sektorean eragin handiena izan duen alderdietako bat, eta beharrezkoa da saltokiek 2.0 ikuspegia sartzea beren dinamikan”.

Hala, bi lehiakortasun mota bereizten ditu Planak: banakakoa eta kolektiboa. Lehenengo puntuak merkatalgune bakoitzak hartu beharreko erantzukizunari egiten dio erreferentzia. Bigarrena, ostera, bi ardatzetan banatzen da;  “On Bizi” elkartea, batetik, eta, enpresen edo establezimenduen arteko lankidetza, bestetik. Bezeroak fidelizatzeko eta balio erantsia eskaintzeko indar eragile bihur daiteke saltokien arteko lankidetza-harremana, Planean azaldu legez. Hori horrela, elkartearen dinamika goraipatu zuen zinegotziak: “Saretze dinamika horri jarraipena eman beharko zaio, gero eta kide gehiago elkartean sartzeko, establezimenduetako arduradunen inplikazio maila handitzen joateko eta etorkizunean jarraitu beharreko estrategia definitzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!