Etxebizitza tasatuen zozketa maiatzaren 18rako iragarri dute

Aiurri 2022ko mai. 13a, 09:12

25 etxebizitza zozkatuko dira, salneurri tasatuan. 1, 2 eta 3 logelako etxebizitzak dira 174.000 eta 274.000 euro artekoak.

Ermotegiko eremuan eraikitako 25 etxebizitza tasatuak notario aurrean zozkatuko dira Saroben, datorren maiatzaren 18an iragarri duten ekitaldian. Arratsaldeko 16:00etan abiatuko da zozketa. Udalak emandako datuen arabera, 1, 2 eta 3 logelako etxebizitzak dira; eta baita egokitutako etxebizitza bat ere. Prezioei dagokionez, tamainaren arabera 174.000 eta 274.000 euro artekoak izango dira. Eremu horretan denera, 130 etxebizitza eraikiko dituzte. Tasatuak 25 dira, babes ofizialekoak beste 25. Eta 80 salmenta librean aterako dira merkatura.

Zozketan parte hartuko duten hautagaiak

Zozketan parte hartuko duten hautagaien zerrenda otsailean argitaratu zen Etxebideren webgunean. Hala ere, Urnietako Udalak ohar bidez azaldu duenez, "etxebizitzen sustatzailea den Britac Proyectos SL enpresak abisu bat bidaliko die zozketan izena eman duten pertsonei, bertaratzerik izango duten baieztatzeko". Ermotegiko etxebizitzen inguruko informazio osoa Etxebideren webgunean edota enpresa-eraikitzaileari deituta lor daiteke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!