Arizmendiko hegazti gripearen fokua kontrolpean dagoela dio Udalak

Jon Ander Ubeda 2022ko mai. 14a, 08:00
Carlos Delgado - Wikipedia

Arizmendin hegazti gripeari dagokion protokoloa aktibatu zuten, eta infekzioak jotako hegaztiak hil zituztela dio Udalaren oharrak. 

Lasaitasunerako mezua zabaldu nahi izan du Urnietako Udalak, Eguzki talde ekologistak Arizmendiko gertaera zabaldu ostean. Udalaren oharrean adierazten denez, hegazti gripearen aurkako protokoloa aktibatu zen Urnietan. Eta, bestalde, Eusko Jaurlaritza zaintza areagotzen ari dela nabarmendu nahi izan dute.

Udalaren oharra

"Urnietako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri ondoren, jakinarazi du hegazti gripe kasu bat egon dela Arizmendiko fauna basatia berreskuratzeko zentroan, gaur egun kontrolpean dagoena. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek Azpeitia eta Beasain inguruan aurkitutako putrea Urnietako zentrora eraman zuten, bertan azter zezaten. Behin zentrora iritsita, beste hiru putre lehoirekin kontaktuan egon zen eta horietako bat kutsatu egin zen. Sintomak ikusi ondoren, dagozkion analisiak egin zizkieten eta H5N1 patogenizitate handiko hegazti-influenzako birusean positibo eman zutela baieztatu zen, hegazti gripea izenagatik ezaguna den birusa. Hala, protokoloa aktibatu eta une horretan berreskuratze-zentroan tratatzen ari ziren hegaztiak hil egin ziren. Zentroa berrogeialdian egongo da hara eraman daitezkeen animalien segurtasuna bermatu arte".

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, azken hilabeteetan zaintza areagotu egin da Euskadiko hiru lurralde historikoetan, Frantzian izen diren kasuak medio. Infekzioa garaiz detektatzea da helburua.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!