Peru eta Nepal aldera egindako espedizioak ikusgai Saroben, Zanpatuzen eskutik

Andoni Urbistondo 2022ko mai. 14a, 08:55

Zanpatuz mendi taldeak emanaldia antolatu du hurrengo ostegunerako, maiatzak 19 dituela, Urnietako Udalarekin elkarlanean, Saroben. 19:00tan da hitzordua, eta bi emanaldi eskainiko dira: Nepalgo Dorje Lakpa mendia, 6.966 metrokoa, eta Huayhuash mendikateko trekking-a, Perun. Bi aktibitateak iazko urrian egindakoak dira.

Sarrera librea da, eta bi modu daude tokia gordetzeko. Bime.me plataforman, on line, edota Sarobe bertan hartuz sarrerak, astelehenetik ostiralera (ordutegia: 09:00-13:00 / 16:00-20:00).

Joseba Oiarzabal eta Andoni Urbistondo urnietarrek eskainiko dute lehen emanaldia, 20 minutukoa. Iaz Hego Amerikan izan ziren, Perun, Huayuash mendikatean. Cordillera Blanca ezagunaren ondoan dagoen mendikatea da Huayhuash, hura baino askoz ezezagunagoa, eta konparazioan, askoz jende gutxiago erakartzen duena. Besteak beste azpiegiturak ere askoz oinarrizkoagoak direlako. Huayhuash mendikatea 30 kilometro da luze, eta 10 zabal, eta sei mila metrotik gorako zazpi mendi ditu. Horien artean dago Yerupaja izenekoa, 6.634 metro, Peruko bigarren mendi garaiena, Huascaran ezagunaren ostean (6.768 metro).

Huayhuash-eko trekkina 10 egunekoa da, eta ia egunero 4.000 metrotik gora egiten dute bidea trekking zaleek. Hainbat glaziar laku eder eta tontor ikusgarri ikusten dira ibileran, eta baldintzak nahiko deserosoak dira. Ur berorik ez, trekking osoan, eta sakelakoa argazkiak ateratzeko baino ez, ez baitago estaldurarik apenas. Eguraldia ere kaskar samarra izan zuen bikoteak, elurra eta euria ia egunero. Egun pare batean 5.000 metroko langa gainditu zuten, eta majo sufritu.

Perutik Nepalera

Bigarren pelikula Iker Madoz eta Mikel Inorizaren eskutik etorriko da. Mendi gidaria da Madoz, iruindarra, eta urtebete pasa darama lanean, irteerak gidatzen. Pirinioetan eta Alpeetan ibiltzen da batez ere Madoz, eta orain gutxi Suitzako Oberland eskualdean egon da mendi eskia egiten. Eskalada, mendi eskia eta mendi irteerak gidatzen ditu batez ere, Euskal Herriko eta atzerriko taldeekin. Inoriza lagun, iaz Nepalgo Dorje Lapka mendira egin zuten igoera kontatuko du.

Mikel Zabalza alpinista ezagunarekin batera ibiltzen da Madoz mendian, eta hura 30 urte atzera 6.966 metroko mendian egon zela baliatu zuten, bertaratzeko. Zabalza 1992an egon zen, ipar aurpegitik. Madozek, Inorizak eta beste lau mendizalek taldea osatu, eta emanaldia eman duen bikoteak hego paretatik igotzea erabaki zuen: “Ez da mendi teknikoa, eta gustura aritu ginen, bai mendian, baita mendiraino iritsi bitarteko bidean ere”. Izan ere, igoeraz gain Nepalgo Langtang bailaran bizi izan zituzten momentuen kontakizuna ere egingo dute Madozek eta Inorizak. “Mikelek nik baino gehiago, hitzontziagoa baita”, dio umoretsu Madozek.

Igoera haren emanaldi pare bat eskaini dituzte, dagoeneko, eta harrera ona izan duela dio Madozek. Horregatik, urnietarrei eta inguruko mendi emanaldien zaleei Sarobera bertaratzeko deia egin du, bi pelikula interesgarrirekin gozatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!