Kirol jardueran murgildu da batez ere orain hamarkada batetik hona, batez ere. 2021. urtean, Europako txapelduna izan zen triatloi sprint-ean, baita Espainiako txapelduna ere triatloi olinpikoan, sprint-ean eta super-sprint-ean. Era berean, Espainiako txapelduna izan zen zortzi ur frogatan, bai igerilekuan, bai ur irekietan. Oktatloiean trofeoa irabazi zuen eta Espainiako errekorra dauka 800 metro libre modalitatean. Hamarkada bete garaipen, beraz, eta orriotako lau izkinetan kabitzen ez diren beste hainbeste lorpen ditu zintzilik.
Hamar urte egin behar da atzera zure kirol-ibilbideaz hitz egiteko. Lehenago ere hasi al zinen kirolean?
Nire egunerokoan ez zegoen kirolerako aparteko lekurik. Mendizaleak gara senarra eta biok, eta, asteburuan, irteerak egiten genituen. Baina kirolari ibilbideari, bere horretan, 65 urterekin ekin nion, entrenatzaile pertsonal batekin, fundamentu handiz.
2003an, Astigarragako lagun batekin batera, Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia egin nuen, baita asko gozatu ere. Horregatik, igeriketari heldu nion hasieran, 69 urte bete arte. Ondoren, hankak indartzeko asmoz, korrika egiten hasi nintzen. Horrela, nire lehen triatloiean hartu nuen parte. Bizikletan ibiltzen ikasi egin behar izan nuen, ez bainekien.
Egun, biak egiten ditut: alegia, urte erdiz buru-belarri igeriketa-probak prestatzen aritzen naiz, eta, gainerako sasoiean, triatloiak. Halere, lehiaketen araberako prestaketa egiten dut.
Kirola serio eta txukun eginez gero, edozer gustatzen zait; horretarako, buruak zein gorputzak laguntzen dutela sentitu behar dut. Batzuetan, ez da irabazten, erdizka gelditzen zara, baina garrrantzitsuena da zure esku dagoen hori ondo egin duzula sentitzea, gustura sentitzea. Dominei balioa eman baino, nahiago diot ahaleginari eman garrantzia: "Nola egin dut proba?", galdetzen diot neure buruari. Esate baterako, joan den urtean, lehenengoz, Europa mailako triatloi bat egitera joan nintzen. Gauzak txukun egin nahi nituen: arazo dezente izan nituen igeriketako zatian, bidea oztopatzen zidatelako lehiakideek. Bizikleta erronka handia izan zen niretzat, jende mordoxka pilatu ginen, eta baten batek atzetik joko ote ninduenaren beldur nintzen, iraganeko istripu batengatik. Azkenik, korrika saioa ezinhobe atera zitzaidan, nahiz eta meñiskoa apurtuta eduki. Europa mailan eskuratu nuen urrezko domina, hala. Nolanahi ere, niretzat garrantzitsuena da inoiz triatloi batean egin dudan denbora onena lortu nuela egun hartan. Hori da poz handiena, arazoak arazo, oso emaitza ona eskuratu nuela (01:53').
Kirola egitean, gorputzari jaramon egitea garrantzitsua al da?
Berebizikoa. Gaitz arraro bat dut pasa den abendutik, Arteritis de celulas gigantes delakoa; buruari eragiten dio eta ahalegin fisiko handiko egoeren aurrean buruak nola erantzuten didan ikusi behar dut. Entrenamenduetan, hori lantzen hasi naiz; alabaina, berriki egin ditudan txapelketetako emaitzei erreparatuta, uste dut aukera izango dudala. Sendagileek esan didate horrela jarraitzen badut, nire bi erronkei eutsiko diedala: triatloi olinpikoa Japoneko Master Joko Olinpikoetan eta Gibraltarreko itsas-zeharkaldia. Mantso-mantso, pazientzia handiz, baina, egunero, aurrera.
Alabaina, burua ere prest eduki behar duzu horrelako erronketan, ezta?
Oso prest. Joan den urrian, Madrilen egin nuen triatloi super-sprint delakoa izan da nire bizitzako erronkarik gogorrena. Bi triatloi ziren, elkarren segidan, birritan honako itzuli hau: 300m igerian, 5km bizikletan eta 1km eta 300m korrika. Eguzkia parez pare genuen uretan zein bizikletako tarte batzuetan; uretan, buiaren kontra jo arte, ez genuen ikusi ere egin! Bizikletako zatia oso maldatsua zen; hotz handia genuen, eta, ondorioz, muskuluek ez zidaten behar bezala erantzuten. Egoera horretan, aurrera egiteko agintzen zidan buruak. Txapeldun bukatu nuen. Espainian, triatloi olinpikoa, sprint-a eta super sprint-a egin duen lehen emakumea naiz gure adinaren bueltan (+70 urte eta +75 urte).
Aitzindari zara, hortaz.
Hala gertatu da bai, baina horrek ez dit harrotasuna eman, izan ere, buruko eta gorputzeko osasunagatik egiten dut nik kirola. Denboraren poderioz, norbanakoa gaitasunak galtzen doala diote. Bada, urtetik urtera, erronkak ipintzen dizkiot neure buruari, eta egin, egin behar ditut. Momentuz, gauzak ondo doaz.
Eta zein da sekretua?
Oso mugitua naiz eta egiten dudan gauza oro ondo egitea dut gustuko. Egia da ez nuela inoiz pentsatu triatloi bat egingo nuenik. 69 urterekin hasi nintzen; ez zitzaidan burutik pasa ere! Genetika nahiko berezia dudala diote; tomasenatarrak zein alzuritarrak sasoi onekoak izan gara. Ama hamasei urterekin mutilekin aritzen zen pilotan jolasten Aranoko pilotalekuan, pentsa!
Zein entrenamendu egiten duzu garaipen horiek guztiak lepoan zintzilik izateko?
Orain, gaitza daukadanez gero, eguneko gauza bat egiten dut. Esaterako, Anoetan izaten naiz ordu eta erdiz. Martxora bitarte, gutxi gorabehera, bakarrik egin ditut entrenamendu guztiak, kontrolaturik, jakina. Orain, berriz, taldean ari naiz kirolean, Kairoscorerekin, eta askoz ere politagoa da. Gainera, martxa galdu ez dudala ohartu naiz, bixi ikusten dut neure burua. Beste zenbait egunetan, fisikoa lantzen dut. Istripua izan baino lehen, hiru bider gehiago entrenatzen nuen. Orain, horrelaxe behar du nire gorputzak. Lehengo astean hasi nintzen bizikleta eta lasterketa lantzen.
Osasun-azterketak egitea garrantzitsua al da zure adinarekin?
Sei hilean behin egiten ditut osasun-azterketak, nire bizitzako probarik handiena egitear nago-eta: Master Joko Olinpikoak garrantzitsuak dira, baina inportanteetan inportanteena Gibrartalgo itsas-zeharkaldia da. Izan ere, mugara eramango dut gorputza: erritmo jakin batean egin behar dut, sei edo zazpi bat orduz.
Halaber, niretzat kirola osasuna da, sendagaia. Ohartu nintzen, adibidez, nire sorbalda eta belauna sendatzeko kirola behar nuela. Nire hezurrak kaltetu egin ziren kirolik egin gabe egondako urtebete luzean. Osteoporosia nuen bi ornotan, eta, aldakan, osteopenia. Kirolak osatzen lagundu ninduen. Dena dela, kontrol zorrotza eraman behar dut janarekin, hidratazioarekin zein atsedenarekin. Gorputza asko zaindu behar dut. Eta askok esango didate ea egiten ditudan kirol-probekin zaintzerik badaukadan. Ariketa fisikoa egiten dudanean, gorputzak esaten dit noraino heldu naitekeen. Iragan urteko lau triatloiak axubeta gabe amaitu nituen; lanketa egin dudalako da hori eta eman diezadakedan beste eskatzen diodalako gorputzari, behartu gabe, nahiz eta txapelketetan asko exijitu.
Istripua aipatu duzu behin baino gehiagotan. Hori izan al da lesiorik garrantzitsuena?
Bai, 2019. urtean. Atzetik kolpatu ninduten bizikletan, Inpernu auzotik (Donostia) gertu dagoen biribilgunean, Triku triatloi lasterketan. Txapelketa herrikoietan, normalean, bizkor joaten ahalegintzen naiz, segurtasuna medio. Bada, egun horretan buruan nindoan; biribilgunean sartzeko frenatu egin behar izan nuen, eta gazte batek atzetik eman ninduen eta beste bi elkargurutzatu zitzaizkidan. Ondorioz, burua espaloiaren kontra kolpatu eta sorbalda atera zitzaidan.
Dena dela, kirola egiten jarraitzen duzu 76 urterekin. Zer esaten dizu jendeak?
Lehen begiradan, jendeak ez du uste hain kirolzalea naizenik. Baina, behin ezagututa, harri eta zur gelditzen dira. "Zu bezalakoa izan nahi dugu", esaten didate, eta nik erantzun: "Zaindu zaitezte eta eman egurra!". Mendian izan ezik, gainerako ariketetan, aditu batek, entrenatzaile pertsonalak zuzentzen nau. Pausuak ez badituzu behar bezala ematen, lesioak segituan etortzen dira.
Ezkutuko biziorik ba al du Rosario Tomasenak?
Ezin dituzu eduki, osasuna puntu-puntuan izateko, ez behintzat. Istripua izan arte, kafe bat hartzen nuen egunero. Harrezkero, ura besterik ez dut edan, ez beste ezer. Horrela lortu nituen joan den urtean hamahiru urreak.
Hamahiru zenbakiarekin harreman berezia omen duzu.
Zenbaki berezia da, martxoaren 13an jaio bainintzen, orain 76 urte. Bestalde, nire senarrak urte batzuk daramatza gaixo, eta, iaz, nire kezka handiena zen ea ez ote ginen urriaren 13ra ailegatuko, urrezko ezteiak bete baikenituen. Sekula ez dut horrelako sorpresarik egin; urtarrilaren lehen egunean hasi nintzen prestatzen gure urteurreneko oparia, eta ezusteko atsegina izan zen niretzat: orotara, hamahiru urre lortu nituen martxotik urrira bitarte parte hartutako probetan, hainbat errekor eskuratzeaz gainera, igerian nahiz triatloian.
Ba al daukazu hamar urteko kirol-ibilbidean lasterketa kuttunik gogoan?
Erronka zailak gainditzea izan ohi da niretzat garrantzitsuena. "Reto del Ebro" delakoa egin nuen 2018an, Tuterako triatloi sprint-a. Goizean goiz, bero handiarekin jaiki ginen egun hartan; eguerdirako, 36 gradu egiten zituen. Eta ibaia 1,5 metroko igoerarekin zetorrela entzun nuen herrian. Arratsaldean, uretan entrenatu genuen: izugarrizko korrontea zegoen, baita haizea ere. Gure bila etorri behar izan zuten. Entrenatzaileak, hala ere, lasterketan parte hartuko nuela esan zidan: korrontearen kontra zuzen-zuzenean jo gabe iritsi nintzen boiara; lortu, lortu nuen, baina, kostata. Behin hori gaindituta, bizikleta hartu genuenean, Moncayoko ziertzoak (haize hotza) gogor jotzen zuen, ertzaren kontra bota ninduen, baina ez nuen erretiratu nahi izan. Jarraian, euria, kazkabarra. Bizikleta eskuekin hartu nuen Ebro gaineko zubia igarotzeko, eta, aurrera! Korrikako tartean, ez genuen arazorik eduki. Oso gustukoa dut lasterketa hori, erronka handia izan zelako.
2015ean, Errusian izan nintzen, Kazan hirian. Bada, ur irikien munduko txapelketan parte hartu nuen, Kazanka ibaian, Volgaren adarrean, ibai hartara ailegatzeko 500m-ra. Izugarria izan zen. Oso eguraldi txarra egiten zuen, eta parte-hartzaile askok egin zuten atzera. Denboren arabera, laugarren postuan gelditzea aurreikusten nuen; alabaina, ttirripi-ttarrapa, zilarrezko domina lortu nuen. Horrelako leku batean igeri egite hutsa zoragarria da. Bled lakuan (Eslovenia) ere murgildu nintzen, duela hiru urte: ur hotzetan, 3000m egin behar izan nituen egun batean, eta, biharamunean 5000m. Nire denborarik onenak eskuratu nituen bietan; hotzak eman zidan gasolina!
Aurrera begira, horrenbestez, bi helmuga, ezta?
Gibraltarreko itsas-zeharkaldiari begira nago, baita Japoneko Master Olinpiar Jokoetako luzeera olinpikoko triatloiari ere. Horiexek dira nire helburuak; gaur gaurkoz, martxa hartzen ari naiz berriro ere. Ikusiko dugu. Unean-unean dagokidana egiten dut: nire burua zaindu, kirola ondo egin eta ilusioa izatea; horretarako, erronka garrantzitsuak behar ditut.