Kafe kapsulak biltzeko edukiontziak jarri ditu Urnietako Udalak

Aiurri 2022ko mai. 18a, 09:22

Urnietako Udalak, San Markoseko Mankomunitatearekin elkarlanean, erabilitako kafe-kapsulak biltzeko eta egoki birziklatzeko lau edukiontzi jarri ditu herriko hainbat puntutan.

Kafe kapsulak birziklatzeko aukerak sukaldeko olioa biltzeko lehendik jarrita dauden edukiontzien ondoan kolokatu dira:

  • Azkorte kale hasieran (apaiz etxearen ondoan)
  • San Juan 36 etxe parean
  • Pintore kalean (kiroldegi berriaren sarrera inguruan)
  • Etxeberri plazan

Edukiontzi berriez gain, urnietarrek orain arteko aukerak ere erabili ditzakete kafe-kapsulak birziklatzeko. Batetik, hilean bi aldiz etortzen den hondakin bereziak biltzeko ibilgailuan entrega daitezke: ibilgailu hau hileko lehenengo ostiralean San Juan plazan egoten da, eta hirugarrenean, aldiz, Idiazabal kalean, autobus geltokiaren ondoan. Bestetik, Garbiguneetara eramateko aukera ere badago.

Helburua da, edukiontzi berriei esker, herritarrek eskura izatea kafe kapsulak egoki birziklatzeko modua. Hala, Urnietako Udalak herritarrak animatu nahi ditu edukiontziok erabiltzera eta hondakin birziklagarri hori gainontzekoetatik bereiztera, "keinu sinple horrek beste elementu batzuetarako lehengai gisa berrerabiltzen lagunduko baitu, beste batzuk kontsumitzeko beharrik gabe".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!