"Kopak erakutsi dit taldean dena dela posible"

Pablo de Torres 2022ko mai. 19a, 07:23

Talde izaera giltzarria izan da Kopa irabazteko garaian. Gipuzkoako Kadete mailako Kopa eskuratu berri du Urnietako Kirol Elkarteko emakumezkoen taldeak, iragan larunbatean jokatutako finalean, Ilintxa (Legazpia), 3-0 garaitu ostean. 

Kadete taldean adiskidetasun handia sortu da, urteotan. Denboraldia eta kadete mailako esperientzia ederki borobildu dute, kirolean oso gutxitan gertatzen den loria eskuratuz.

Gipuzkoako Kadete mailako Kopa eskuratu berri du Urnietako Kirol Elkarteko emakumezkoen taldeak, iragan larunbatean jokatutako finalean, Ilintxa (Legazpia), 3-0 garaitu ostean. Eguerdiko 12:00etan izan zen hitzordua, hain justu ere, Ordiziako Altamira zelaian. Bi taldeetako makina bat zalez beterik zeuden harmailak, eta hiru arbitrok epaitu zuten jokoa, finala baitzen.

Norgehiagoka hasi eta berehala sartu zuten gorritxoek lehen gola, Juneren eskutik. Hala, Ilintxak bere lerroak aurreratu eta, ondorioz, nagusitasuna erakutsi zuen. Halere, denborak aurrera egin ahala, oso partida berdindua izan zen, desorekarik gabekoa.

Bigarren zatiari ekin eta gutxira, Leyre Holgadok sartu zuen UKEren bigarren gola, jokaldi eder baten ondotik. Azkenik, Nora Navarrok ipini zion pastelari ginga; bere eskarmentu baliotsuarekin, golean amaitu zuen Ilintxako taldearen atera egindako jaurtiketak. Ez ziren bakarrik egon, urnietar asko joan baitziren Ordiziara  beren taldea animatzera. Giro ona izan zen nagusi zelai barruan, baita kanpoan ere, naturaltasun handiko lehiakortasunarekin.

Jokalariak dira protagonistak eta garaipena nola bizi duten galdetu diegu.

Protagonisten adierazpenak

  • Nora Navarro: "Talde guztiak batera merezi genuen azken dantza".
  • Aloña De Torres: "Denboraldi osoan egindako lanaren emaitza da, baita taldearen batasunaren eta elkarlanaren isla ere".
  • Leyre Holgado: "Azkenean, merezitakoa lortu dugu, elkarrekin gauden azken urteari amaiera ona emateko".
  • Lide San Sebastian: "Sortu dugun familia eta ekipoaren erakusgaia".
  • Oihana Arrue: "Kopa irabaztea gakoa izan da amaiera ahalik eta modurik onenean emateko denboraldi osoan pixkanaka eraiki dugun familia puskari".
  • Ihintza Manterola: "Urte hauek elkarrekin lanean egon eta gero, merezita geneukan kopa irabaztea".
  • Nahia Hernandez: "Kopak erakutsi dit taldean dena dela posible".
  • Leire Perez: "Hilabeteetako lanaren ondoren, eman geniezaiokeen amaierarik hoberena".
  • Eneritz Usarralde: "Familia batek merezi duen saria".
  • Nerea del Castillo: "Merezi duguna, azkenean, lortzea".
  • Laida Egaña: "Bizitza guztian amets bat izan dena, egi bihurtzea".
  • Ane Martinez: "Denboraldia ondo bukatzeko merezi izan dugun oparirik hoberena".
  • Nora Agirre: "Elkartuta zegoen talde bat familia bihurtzea".
  • David Cuenca: "Kontzeptu futbolistikoek bezala, talde-lanak, baturak eta batasunak ere garrantzi handia dutela erakusteko modua izan da. Taldeak duen indarra erakusteko modurik hoberena".
  • Beñat Lizaso: "Azken bi urteetako lanari bukaera bikaina eman diogu. Urte gogorra izan da, hainbat faktorek bidea zaildu digute. Garaipena taldearen batasunaren eta indarraren emaitza da".
  • Aimar Lizaso: "Familia puskaezin baten azken ordainsaria".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!