Haserre daude Saletxeberri Berriko bizilagunak, “babesgabetasun-egoera” batean bizi direla sentitzen dute. Pankartaz josita esnatu zen apirilaren 29an Andoain eta Urnieta bitarteko biribilgunean, Xoxokara igoeran dagoen etxebizitza-blokea: “Edateko ur garbia denon eskubidea” edota ”Saletxeberri legalizazioa ya” leloekin, besteak beste. Zer diote bizilagunek, baina?
2009. urtean sartu zen bizitzen bertan Javier Etxaniz komunitateko presidentea; 2017an, berriz, Victor Indart presidente-ordea. Azaldu dutenez, 35 apartamentuk osatzen dute eraikina, eta horietako zenbait hutsik daude, besteak beste, La Caixarenak diren hamazazpi. Gainerakoetan, bakarrik, bikotean edota familian bizi dira herritarrak. Beren pisuaren jabe dira bertan bizi diren hiru kide, eta besteek, bertan bizi ez diren jabeei alokairua ordaintzen diete.
Duela hogei urte inguru eraiki zen etxebizitza-multzoa, dirudienez, hirugarren sektoreko erabilera gisa. Ondoren, bizitegitarako erabilera-eskaera egin zen, baita onartu ere. Gutxi iraun zuen egoera horrek, helegite baten ondorioz lizentzia lehengo egoerara itzuli baitzen, bertako jabeen zoritxarrerako.
Egun, legeari dagokionez, hirugarren sektoreko erabilera (hotela, hostala, ostalaritza) izatera bideratutako eraikina da. Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Egungo jabeek ezin dute bizigarritasun-baimenik izan, eta, ondorioz, Aiurrekin harremanetan jarri diren bi kideen esanetan, 2010an, ur-zerbitzua eten zuen Urnietako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia oinarri izanda.
Harrezkero, instalazio partikular batetik eskuratzen dute ura, baina ez da edangarria eta makina bat arazo izan dituzte dozena bat urtean. Izan ere, “xantaiak, hertsapenak, oztopoak, mehatxuak, ur-mozketak” pairatu dituzte eraikinaren ustezko kudeatzailearen aldetik, baieztatu dutenez. “Gutako batek harekin liskarra izaten bazuen, ura mozten zigun”, dio presidenteak: “Ura ordainarazten zigun, edangarria ez den ura”.
Nolanahi ere, eraikina legezkoa dela jakinarazi dute komunitateko buruek, eta hirigintza alorrean erabiltzen den hizkera erabilita, "kontsolidatutako" eremua da hori.
Errolda-agiria Arartekoaren bidez lortu dute
Oztopoak izan dituzte herrian bizitzeko. Esaterako, errolda-agiria eskuratzea ez da lan makala izan. Etxanizen lekukotza deigarria da: "Nire kasuan, zazpi urte egon nintzen erroldatu gabe bertan bizitzen, eta, Arartekoaren bidez, azkenean, lortu nuen nire jabetzakoa den etxebizitzan erroldatzea”.
Eraikinak ofizialki duen lizentzia dela eta, ezin dituzte, gainerako urnietarren antzera, zergak ordaindu: ez Ondasun Higiezinen gaineko zerga, ez zaborraren gaineko zerga, ez urarena. Kontraesankorra delakoan dira bizilagunak: “Zaborra botatzeko herritar-txartela daukagu, eta Berrittu aldizkaria ere ailegatzen zaigu”.
2020. urtean Saletxeberri Berri bizilagunen komunitatea osatu zuten. Gipuzkoako komunitateen erroldan erregistatuta daude ofizialki, NIF-IFZ zenbakia eta guzti. Eta lan eta lan ari dira, beren espazioa bizigarriagoa izan dadin.
Presidenteak kontatu bezala, “inoiz jaso ez dituen mantenu-lanak” egin dituzte eraikinean eta inguruetan. Bestalde, azpian zuten legez kanpokoa omen zen tailerra –2015. urtearen bueltan ireki zen– itxi dute, baita bizilagun guztien ordainketak eguneratu eta eraikineko ustezko kudeatzailearen arazoa konpondu ere: “Gizon horrek dirua iruzurrez atera du hemendik, eta Udala jakinaren gainean zegoen, baita Ertzaintza ere”.
“Inpotentzia handia” sentitzen dutela dio presidente-ordeak: “Udal ur hornidura eta zergak ordaindu ahal izatea eskatzen dugu soilik. Ez diegu inporta”. Halaber, abokatu batekin dabiltza harremanetan egoerari irtenbidea bilatzeko asmoz. Horren aurrean, presidenteak gehitu du Udalak duela egoerak hobera egiteko ahalmena.
Oinarrizko premiak asetu ezinik
Inor gutxiren bistan igaro da oharkabean Saletxeberri Berriko eraikina orain aste batzutatik hona. Pankartaz betea dago, bi hamarkada luzetan bizi izandako egoera salatzeko asmoz. Orain, gainera, arazoak areagotu zaizkie.
Edateko urik gabe
Bertako bizilagunek adierazi bezala, 2010. urtean, ur-hornidura eten zuen Urnietako Udalak. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia bete zuen horrela. Urteak aurrera joan ahala, ordea, erosle eta bizilagun berriak hurbildu dira eraikinera bizitzera. Eta ur-hornidura arazoak bere horretan dirau.
Hala, ur gabezia horri erantzuteko, instalazio partikular bat dute eraikinean duela hamabi urtetik hona. Ponpa baten bidez, akuifero batetik eskuratzen dute ura.
Hamabi urte daramatzate, beraz, sistema horrekin indarrean; alabaina, ur hori, gogorarazi dutenez, ez da edangarria, alegia, etxeko-lanetarako soilik darabilte, kare asko duelako. “Ez da mantenu-lanik egin; egoera tamalgarrian dago”, dio komunitateko presidenteak. “Apurtzear dago, eta berria erosteak 15.000 euro kostatuko litzaiguke, gutxi gorabehera”. Aipatu beharra dago Urnietako Udalaren azpiegitura haraino iristen dela, alegia, ur-zerbitzua egon, badagoela, baina zementuzko bloke batekin moztuta dago.
Behin behineko irtenbide bat topatze aldera, orain, elektrogeno ekipo batekin daude. Horrela, egunean zortzi orduz ura izateko aukera daukate.
Oinezkoen ikuspegitik, irisgarritasunik gabe
“Zebra-bidea, noizko?”, dio pankartetako batek. Errepidez inguratuta dago Saletxeberri Berriko bizilagunen eraikina. “Zuzenguneetan ez dago abiadura murrizteko ezertxo ere, eta jendeak, igoera horretan, abiadura bizkortzen du”, azpimarratu du presidenteak.