Zabalik da Udal Kiroldegiko bazkide egiteko epea

Aiurri 2022ko mai. 25a, 09:54

Ekainean irekiko ditu Kiroldegi berriak ateak, igerilekuarekin batera. Hala, herritar andana saiheste aldera, bazkide-prozesua martxan jarri duela iragarri du Urnietako Udalak. Berrikuntza batekin dator: telematikoki egin daiteke, joan beharrik gabe..

Ohikoa den bezala, bazkide egin nahi duten urnietarrek askotariko tarifak izango dituzte aukeran. Kuota orokorra 168 eurokoa izango da, urteko eta pertsonako. Abonu familiarraren kasuan, urte osoko kuota 254 eurokoa izango da. Dena den, urte amaierara arte bazkide egiteko aukera ere dago; kasu honetan, datozen 7 hilabeteetako kostua 114 eurokoa da pertsona bakoitzeko, eta abonu familiarraren kostua, aldiz, 174 eurokoa da.

Horren harira, honako talde hauek tarifa bereziak izango dituzte: 21 urtetik beherakoek, 65etik gorakoek, gazte eta ikasle txartela dutenek, langabetuak eta pentsiodunak. Hauen kasuan, urte osoko kuota 105 eurokoa izango da, beti ere beharrezko den dokumentazioa aurkeztuz gero. Urtea amaitzear dagoen honetan (7 hilabete) bazkide egin nahi badute, 72 euro ordaindu beharko dute.

Igerilekuko abonua
Igerilekuko udako abonuari dagokionez, banakako bonuak 53,83 euro balioko du, eta familiarrak, aldiz, 107,65 euro. Kasu honetan ere, badira kuota bereziak: 21 urtetik beherakoek esaterako, 10 sarrerako bonua erosteko aukera izango dute, 36,58 euroan; eta 21 urtetik gorakoek, 57,88 euroan. Udalekuko edo talde berezi bateko kide diren herritarrek aldiz, 4,01 euro ordaindu beharko dituzte, eguneko.

Beterriko zenbait udalerriekin akordioa

Era berean, Urnietako Udalak gogorarazi du Udal Kiroldegiko bazkideek Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoaingo kirol instalakuntzak erabiltzeko aukera ere izango dutela, Beterriko udalerri horiekin duten akordioari esker.

Informazio gehiago jakiteko, egin klik HEMEN

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!