“Zegama-Aizkorri bosgarrenez korritzea oparia da niretzat”

Andoni Urbistondo 2022ko mai. 27a, 09:00

 Ainhoa Jauregik urnietarrak sei orduko langa jaisteko asmoa izango du, aurreko ekitaldi guztietan egin duen bezala.

Eguraldiaz galdezka erantzun ditu galderak Ainhoa Jauregik (Urnieta, 42 urte). Lau hilabete luze daramatza Zegama-Aizkorri prestatzen, eta egun gutxi batzuk baino ez dira geratzen proba hori osatzeko. Bere azken Zegama izan litekeela jakitun da; eta gozatu egin nahi du, eta hiru seme-alabekin ondo gordetzeko moduko argazkia atera helmugan.

Zer suposatzen du zuretzat berriro Zegama-Aizkorri egiteak, orokorrean?

Normalkuntza puntu bat. Garai latzak pasa ditugu sozialki eta hainbat jardueratan, izan ditugun mugekin, eta orain festak, kale-giroa eta beste berreskuratu ditugun neurrian, oso positiboa da berriro proba hori korritzea.

Eta maila pertsonalean?

Pertsonalki, gai izan naizela mendiko maratoi bati aurre egiteko, horrek eskatzen duen prestakuntza handia gaindituta. Opari bat da han egotea, eta opari bat hiru urte atzera Zegaman egin nuen denborari esker dortsal hori ziurtatzeko gai izan nintzelako. Sinetsita nengoen ezin niola opari horri uko egin. Gaitasun hori berreskuratzeko modua daukadala jabetu naiz, pandemiaren ostean, eta festa bat, egun on bat pasatzeko aukera izango da. Bosgarren Zegama-Aizkorri izango da niretzat, eta pribilegiatua sentitzen naiz. Lehena umeak izan aurretik egin nuen, eta ez zen nire denbora onena izan. Nire marka onenak ama izan eta gero izan dira, eta onena hiru umeak eduki ostean, 2019an. Urte horretan, 05.37 egin nuen. Bero handiko eguna, eta aproposa ez marka ona egiteko, baina nik lor dezakedan denbora onenaren oso gertutik zegoela esango nuke, oso prestakuntza ona egin nuelako. Egin ditudan Zegama guztietan sei ordutik beherako marka egin dut.

Eta, bosgarrenean, ze asmo?

Bada, sei orduko langatik jaistea, berriro. Baina 42 urte ditut, hiru gehiago. Bizitzako karga, hiru ume, lanaldi osoa, beste zaletasun batzuk ere jorratu ditut… Sei ordu eta sei ordu eta erdi artean ibiliko naizela esango nuke. Erreferentziak baditut, eta lasterketako bi heren osatu ostean jakingo dut sei orduetatik jaisteko aukera dudan edo ez. Ez nau markak itsutzen, dena den, proba aurpegi onarekin bukatzea baizik, gozatzea, eta hiru seme-alabekin etorkizunean gordetzeko moduko argazki polit bat egitea helmugan. Uste dut bero handi samarra datorrela iganderako, eta horrek zailtasuna handitzen du. Muturreko eguraldi guztiek bezala. Pazientziarekin jokatu, ondo jan, ondo edan eta korrika egin. Ondo ezagutzen dut dagoeneko nire gorputza, eta ondo neurtzen dut nire ahalegina.

Zer esaten dizute aurten korritu dituzun probetako zenbakiek?

Sei edo zazpi egin ditut, horietako bat 35 kilometrokoa, orain dela hilabete edo. Zegama egiteko gai ote nintzen jakiteko egindako testa izan zen, hain zuzen ere. Egin nuen, eta jabetu nintzen Andraitz mendira iritsiko nintzela (Zegama-Aizkorri maratoiko bi heren markatzen dituen mugarria). Handik behera, Zegamara bitarte, iraun.

Zer ematen dizu mendian aritzeak?

Sentsazio onak. Korrika egiten baduzu, osasunez ondo zaudela esan nahi du, animo eta energia baduzula, tamainako ahaleginak egiteko. Beraz, bizirik sentitzen naiz korrika ari naizela, oso gauza pertsonala. Egunerokorako ere oreka eta indar handia ematen dit. Ez da sailkapen edo emaitza jakin baten kontua, maila pertsonalean esanahi berezia duten hainbat gauza baizik.

Jokin Lizeaga bikotekidea esatari arituko da Euskal Telebistan. Nola biziko duzu egoera berezi hori?

Beno, antolakuntza mailan umeen zaintzan-eta arazotxo batzuk eman dizkit, baina tira, ja koskortuta daude eta moldatuko gara. Badakit Jokin gustura aritzen dela esatari jardun horretan, eta bion nahiak uztartzen saiatzen gara. Egoera ideala biok dortsala janztea izango litzateke, eta ea posible den urteren bat amets hori betetzea. Berak nahi du, azken aldiz, Zegama batean dortsala jarri eta korrika egin, ez dakit ni moldatzeko gai izango naizen. Aurtengoa nire azken Zegama izango da, akaso. Esfortzu handia eskatzen du niretzat, eta lau hilabete daramatzat egurrean, San Sebastian egunetik, hain zuzen ere. Gogor egin nion neure buruari, esanez, ‘edo mendian korrika hasten zara, edo Zegamari agur’, eta hasi nintzen, pixkanaka. Jokinek korrika egingo balu, ahalegina egingo nuke, eta, ez bada posible, ikusiko dugu. Mendi-lasterketak korritzen segituko dut, baina maratoiko distantzietan ez. Maratoiak prestatzeak ahalegin handia eskatzen du, eta ondo pentsatu behar da.

Mezuren bat, Sancti Spirituko maldan gora egongo diren urnietarrei?

Ondo hartuak izango direla euren animoak, ura eskaintzeko eta eskertza mezu zintzoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!