Lankidetza-hitzarmena sinatu dute Urnietako Udalak eta Andoaingo Txirrindularitza Eskolak

Aiurri 2022ko mai. 30a, 09:59

Urnietako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Andoaingo Txirrindularitza Eskolarekin, Urnietan txirrindularitza sustatzeko helburuarekin. Akordioaren arabera, herrian txirrindularitzarekin lotuta egingo diren zenbait jarduera zehazten dira.

Hori horrela, eskola arduratu zen iragan astebururako programatuta dagoen eskolarteko txirrindularitza proba antolatzeaz. Horrez gain, bere ardurapean egongo dira iraila amaieran junior eta afizionatuen kategorietarako kriteriuna, eta urte osoan kirolari eta osasunari buruzko hitzaldi bat antolatzea, Donostia Klasikoaren pasoa kudeatzeaz gain.

Urnietako Udalak 2.500 euroko diru-laguntza emango dio Andoaingo Txirrindularitza Eskolari, joan den ostegunean Jorge Segurado alkateak eta Jose Luis Barberena Andoaingo Txirrindularitza Eskolako zuzendariak sinatu zuten akordioan zehaztutako jarduerak garatzeko. Hitzarmen hau sinatzen den unetik 2024ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta luzatu ahal izango da, bi aldeek idatziz hala adosten badute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!