Urnietako Udalak balorazio oso positiboa egin du asteburuan udalerrian ospatu diren 2022ko Gazte Festen inguruan. Giro onak eta urnietarren parte-hartze handiak markatu ditu aurtengo Gazte Festak, eta Udalak, jai-gogoa eta herritarrek erakutsitako errespetua nabarmendu nahi izan ditu, eta jakinarazi, jaiak inolako gertakari aipagarririk gabe igaro direla.
40 ekitalditik gora
Pandemiaren ondorioz bi urtez Gazte Festak ospatu gabe egon ostean, 2022ko azken asteburu honetan 40 jarduera inguru programatu dira, eta guztiak normaltasunez egin dira. Urnietako Udalak herritarren, eragile kulturalen eta udal langileen lana eta konpromisoa eskertu nahi ditu, eta baita egun hauetan izan duten jarrera ona ere.