Hilaren 11n izango da Korrontzi Urnietan, Egape Dantza Taldeko kideak lagun eta zuen hamargarren diskoa oinarri, “Koplariak”. Ez da lan makala izango hamar lanen ibilbide luzeari eustea.
Ia hogei urte daramagu taula gainean, kontzertu mordoa Euskal Herrian zein bertatik kanpo. Hainbat eta hainbat herrialdetan izan gara gure kultura, euskal kulturaren erakusleiho izaten eta bide luzea egin dugu dagoeneko. Erdi txantxetan hasi ginen, bere garaian, proiektu txiki bat egiteko asmoz, eta hura, pixkanaka, garatzen joan da. “Koplariak” hamargarren diskoa izan zen, baina hortik aurrera ere atera genuen hamaikagarren lan bat Aita Mari itsasontziaren alde. Horien guztien bilduma egingo dugu larunbatean, Urnietan. Gure kanturik esanguratsuenek laburbilduko dute emanaldia eta horri dantza bertako Egape Dantza Taldeak ipiniko dio, alegia, beraiek hornituko dute dantzaz gure musika. Kontzertu potoloa izango da, dantzari asko daudelako tartean, baita ilusio handia ere.
"Gure kanturik esanguratsuenek laburbilduko dute emanaldia eta horri dantza bertako Egape Dantza Taldeak ipiniko dio, alegia, beraiek hornituko dute dantzaz gure musika"
Garai batean bezala betetzen al dira, egun, plazak trikitixaren melodiekin?
Hasi ginenean, jendeak maite zituen trikitixa, txistua eta tankerako instrumentuak. Garai hartan, erromeri-taldeetan trikitixak indar handia zuen eta Kepa Junkera bezalako erreferenteak zeuden. Alabaina, egia da, nolabait, kaleetan ohikotzat jotzen zirela musika-instrumentu horiek, ez, mespretxuz, alegia, betiko gisa. Egun, behar bada, hori aldatu da, eta behar duen tokia hartu dute trikitixak, txistuak eta albokak, besteak beste, eta hori oso polita da. Musika herrikoiaren bueltan aritzen dira instrumentu horiek, baina baita bestelako egitasmoetan ere. Finean baliabide asko dituzte, erritmo askotan sartzeko gaitasuna baitute. Bizirik dago trikitixa, eta, zorionez, edozein taulatan entzun dezakegu, osasuntsu dago.
Hortaz, koplazalea izatean jarraitzen al du Euskal Herriak?
Pandemia garaia pixkat bat aldendu denean, ohartu gara jendea inoiz baino gogotsuago dagoela. Joan den asteburuan, Laguna de Dueron (Valladolid) izan ginen, baita Bastidan ere, euskal eskola publikoen aldeko jaian. Gosez etortzen da jendea kontzertuetara, egarriz, ondo pasatzeko gogoz.
"Joan den asteburuan, Laguna de Dueron (Valladolid) izan ginen, baita Bastidan ere, euskal eskola publikoen aldeko jaian. Gosez etortzen da jendea kontzertuetara, egarriz, ondo pasatzeko gogoz"
Tradizioari uko egin gabe, inertzia berritzaileak txertatzen dituzue Korrontziren doinuetan. Ia bi hamarkadako ibilbidea aipatu didazu… Zeuon melodiek izan al dute nolabaiteko eraldaketa? Unean uneko testuingurura moldatu al dituzue?
Jakina. Finean, gu ere aldatu gara, ez gara lehengo berdinak. Trikitixa ere aldatzen doa, eta erritmo tradizionalak ditugu oinarrian (fandangoa, arin-arina eta abar), baina horren gainean melodia berriak eraikitzen ditugu. Edozein tradizio bere momentuan ere berritzailea izan zen, ziur asko. Izan ere, trikitixa tradizionala da gurean, baina ez ditu 150 urte baino gehiago Euskal Herrian. Tradizioaren sua mantentzea ongi dago, baina elikatu egin behar da hori, indartsua eta iraunkorra izan dadin garra.
Joan-etorri horretan, “Korrontzi dantzan” sortu zen. Nola gauzatu zenituzten proiektu horren lehen pausuak?
Dantzak asko eman dio Korrontziri. Herrietako dantza taldeek jarri zioten abiapuntua egitasmoari. Diskoak kaleratzen genbiltzan gu, eta, nolabait, herrietako dantza taldeek gure musikarekin koreografiak, dantzak eta proposamen berriak egiten zituzten. 2009. urtean Oinkari dantza taldearekin hasi ginen, eta, harrezkero, beti izan dugu dantza lagun. Hala, 2015ean ekin genion “Korrontzi dantzan” proiektuari: zergatik ez diegu guk gure musika koreografiatzen aritzen diren taldeei, dantza horiek ematen, erakusten, eta DVD batean batzen? Horrela egin genuen, irudia eta audio grabatu genituen eta hori izan zen guztiaren hasiera. Gure emanaldi guztietan dantzariak daude, beraiek dira protagonista: guk dantzari eman baino, dantzariek eman ziguten guri horren abiapuntua.
Urte mordoxka igaro da jada egitasmoaren sorreratik, eta Euskal Herrian barrena 70 talde baino gehiagorekin izan gara elkarlanean: beren entseguetara joan gara eta koreografiak jorratu ditugu, bai eta zuzeneko emanaldiak ondu ere. Portugalen, Madrilen eta Bartzelonan ere izan gara.
Zer sentitzen duzue dantza talde askoren soinu-banda zaretela ikustean?
Ilusioa, batez ere. Zure etxeko bakartasunean egiten dituzu kantuak, eta, nolabait, ona eta txarraren irizpidea galtzen duzu. Bada, abesti hori norbaitek dantzatzea eta plazaratzea da zure lanak merezi duela ikusteko frogarik onena. Egape Dantza Taldea aspalditik dabil gure erritmoekin lanean, eta hortik hasi zen geure harremana. Edu Muruamendiaraz da bertako koreografiagilea eta sarri hitz egin izan dugu elkarlanean aritzeko aukeraz. Pandemia aurretik hasi ginen hizketan, eta larunbat honetan izango da hitzordua. Geure arteko hartu-emanaren, bataren dantzaren eta bestearen musikaren aitortza txikia izango da.
Zergatik ezin dute galdu urnietarrek eta dantzazaleek larunbateko emanaldia?
Ilusioz beteriko emanaldia izango da, eta urte luzez egon gara ikuskizuna prestatzen. Energia eta giro ona edukiko duen hitzordua izango da, emanaldi potoloa, eta Egape Dantza Taldeak pisua izango du. Energia eta indar handia daramagu bertan eskaintzeko.