Bi urteko eraikuntza-lanen ostean, ekainaren 8an ireki zituen ateak Urnietako kiroldegiak. “Erabiltzaileen beharretara egokitua” dagoela iragarri du Urnietako Udalak, “bai jarduera banaka egiten dutenei, eta baita kirol federatua edo eskola-kirola egiten dutenei begira ere”. Orain arteko ordutegi bera izango du: astelehenetik ostiralera, 08:30etatik 22:00etara, eta asteburu eta jai egunetan, 09:00etatik 21:00etara. Hori horrela, Buruntzaldeko kirol-hitzarmena duten herrietako kirolzaleek instalakuntzaz gozatzeko aukera izango dute aurrerantzean: Urnietaz aparte, Lasarte-Oriak, Andoainek eta Usurbilek. Erabileraren araberako antolamendua dauka eraikinak, eta, eskailerez gain, igogailu batek solairu guztiak elkarrekin konektatzen ditu, Udalaren esanetan, “erabiltzaileen irisgarritasuna bermatzeko”. Sarrera igerilekuko solariumaren ondoan kokatuta dago. Solairu horretan bertan daude ere, besteak beste, muskulazio- zein kardio-gelak, spinning, rokodromoa eta arte martzialak egiteko nahiz erabilera anitzeko aretoak.
Halaber, lehen solairuari dagokionez, taldeka egiteko instalakuntzak daude, alegia: eskubaloiko pista zaharraz gain, beste kirol-pista bat ere badauka kiroldegiak. Bestalde, teniseko pistaren alboan, berrikuntza gisa, padelean aritzeko bi pista jarri dituzte. Azken horietan, ordaindu egin beharko da txanda hartzeko, baina bazkideek doan erabiltzeko aukera izango dute, baldin eta une horretan bertan erreserbarik eginda ez badago.
Bukatzeko, zaleei begirako gunea izango da bigarren solairua, bertan baitaude kirol anitzeko pistetako eta futbol zelaiko harmailetarako sarbideak. Solairuen arteko komunikazio-sistemak kiroldegiko erabiltzaileak eta ikusleak ez gurutzatzea ahalbidetuko duela nabarmendu du Udalak.
Kulturako eta aisialdirako gunea
Kirolari ez ezik, musikaren, aisiaren eta kulturaren arloan lan egiten duten elkarte eta pertsonei ere zerbitzua emango die kiroldegi berriak. Horrela, esaterako, herriko musika-taldeek beren entseguak egin ahal izateko box-ak kokatu dira, baita Urnietako eragileei begirako entsegu-aretoa ipini ere. GazteInfok Gazte Informazio Gunearen egoitza berria bertan izango du aurrerantzean.
Irekiera-ekitaldian izan zen Jorge Segurado alkatea, eta proiektua gauzatzea ahalbidetu duten eragile guztiei eskerrak eman zizkien, baita herritarrei ere: "Udalak, herritarrekin batera, parte-hartze prozesu bat garatu zuen inbertsio estrategiko nagusiak aukeratzeko, eta bozkatuena kiroldegiaren birmoldaketa izan zen. Udalak bere gain hartu zuen agindua, eta, azkenean, gauzatu dugu". Bide beretik, Harkaitz Millan Kultura eta Kirol diputatua ere izan zen hitzorduan eta instalazio publikoek kirola egiteko “sarbide demokratikoa” bermatzen dutela nabarmendu zuen hitza hartzean. Haren adierazpenez, berriki berreskuratutako Foru Aldundiaren Kirol Instalazioen Planaren bidez, kirol-praktika berriak egin ditzakete herritarrek, eta “irisgarritasuna eta kirol inklusiboa bermatu” da.