Ikastetxeetako ikasleek proposamenak egin dizkiete udal ordezkariei, Agenda30 ekimenaren harira

Aiurri 2022ko eka. 10a, 13:32

Ikastetxeetako ikasleek Eskola Agenda 2030 ekimenaren barnean egindako proposamenak aurkeztu zituzten Osoko Bilkuran: guztira, 22. Bertan, ekimenaren markoaren barruan egin zituzten jarduerak azaltzeko tartea izan zuten, baita proposamenak egiteko aukera izan ere. 

Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) 15. puntua landu dute, hau da, Lehorreko ekosistemetako bizia. Eremu hori hain zabala izanik, ikasleek larreetan, zelaietan eta larretako loreetan jarri dute arreta ikasturte honetan. Proposamenei dagokienez, 22 aurkeztu zituzten guztira, lau eremutan banatuta: sortu, zaindu, baserriak eta hondakinak. Proposamenak bozketa-ordenaren arabera azaldu zituzten, hau da, eremu bakoitzeko lehenengoak izan ziren boto gehien jaso zituztenak:

SORTU

1. Hegazti eta intsektuentzako toki egokiak eta etxeak prestatzea eskatzen dizuegu.
2. Lasai egoteko berdegune edo parke natural bat sortu (zuhaitzekin, landareekin, jolas parke bat material naturalekin...).
3. Urnietako lorategietan landare espezie desberdinak landatu.
4. Herritarrei zuzenduriko natur bisita gidatuak edota mendi irteerak proposatu hilabetean behin, jendea motibatu eta sentsibilizatzeko.
5. Parkeetan dauden zuhaitz eta landare espezie desberdinen informazioa eta izenak adierazi panel edo karteletan.
6. Hesi biziak (naturalak, egurrezkoak, zuhaixkekin...) hesi artifizialengatik ordezkatu posible denean: Sorgintxulon, Magale ikastetxeko igoeran...
7. Mendiko seinaleak margotu eta interpretatzen ikasteko udalaren eta ikastetxearen arteko elkarlana bultzatu.
8. Txakurrentzat soilik izango den parke bat sortu edota dagoena berritu.
9. Urtean behin Urnieta inguruko zona berdeen inguruan argazki lehiaketa bat
antolatu.

ZAINDU

1. Basozain eta landare-zaintzaile gehiago jarri.
2. Gune berdeetan eraikinik ez eraiki posible den heinean, eta zuhaitzak mozten baldin badira, beste nonbait landatu.
3. Liztor Asiatikoaren kabiak kendu.
4. Belarra behar den tokietan moztu (Adibidez, Buruntzara doan bidean) , baina behar ez den tokietan handitzen utzi eta gutxiagotan moztu biodibertsitatea handitzeko.
5. Berdeguneak eta belardiak zaindu: landareak ureztatu, belazean dauden zulo handiak estali, garbiketak egin...
6. Argentinako panpa landareak kendu, oso kaltegarriak direlako.

BASERRIA

1. Km 0 eta ekologikoak diren produktuen kontsumoa sustatzeko kanpainak egin.
2. Baserritar, ostalari eta dendariekin elkartu beraien negozioetan bertako produktuak saltzeko.
3. Baserritarrei diru-laguntzak eman supermerkatutako produktuekin konpetitu ahal izateko.
4. Baserria eta herria hurbiltzeko ekintzak antolatu: baserriak bisitatzeko mendi bueltak antolatu...

HONDAKINAK

1. Kaleko zaborrontziak sailkatzeko prest egotea, izena ondo adierazita agertzea eta material natural edo birziklatuekin eginda egotea.
2. Txakurren jabeei beraien maskoten gorotzekin nola jokatu behar duten jakinarazi behin eta berriz.
3. Hondakinak eta txakurren kakak jasotzeko kartel informatzaileak jarri.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!