Boulderra, kiroldegiaren eskaintza berria

Andoni Urbistondo 2022ko eka. 17a, 07:28

Kiroldegia eraikitzeko lanen atarian Udalak herri elkarteei galdetu zien zein behar, ekipamendu izan beharko lukeen kiroldegi berriak. Zanpatuz mendi taldeari egin zitzaion kontsulta, eta mendi taldeak boulder edo eskalada gune bat atontzeko eskaera egin zuen.

Zergatia sinplea da. Eskalada gero eta herritar gehiago erakartzen duen kirol diziplina da, izan mendian, edo barruko instalakuntzatan. Udako lehen egun hauetan Santa Barbarako haitzak jendez mukuru daude, baina Urnieta inguruko eskalada edo boulder ekipamenduak ere bai. Izan Donostiako Pio Baroja kiroldegian, edo Martuteneko Boulder Factory instalakuntzetan. Babespean dauden instalakuntzak ezinbestekoak dira Euskal Herrian, eguraldia euritsua denean ezinezkoa delako eskalada aire librean egotea. Urnietako kiroldegiko boulderrak beste aukera bat emango die eskalada zaleei urnietarrei, eta inguruko herrietako zaleei.

Zabalik da kiroldegi berria, eta guneak eskaintzen dituen ohiko berrikuntzez gain bada orain arte Urnietak eskaintzen ez zuen aukera polita: boulderra. 12,5 metroko bi horma ditu, eta 3 metroko altuera, zailtasun anitzekin

Urnietako kiroldegiko boulderra Azpeitiko Natural Progression dendako Jose Luis Urkizu 'Beltxa' aditu azpeitiarrak osatu du, Zanpatuz taldeko Mikel Martiarena eta Mikel Legarreta kideekin elkarlanean. Lauki erdi baten itxura dauka, eta alde bakoitzak 12.5 metroko luzera. Altuera, aldiz, hiru metrokoa da gehienez, eta horrek ekipamendu edo sokarik gabe aritzea ahalbidetuko die eskalada zaleei, hormaren behealde guztia koltxoiekin hornitua egongo baita, erorketak samurtzeko.

Boulder edo instalakuntza barruko eskalada bizitzen ari den gorakadaz analisi hau egiten du Martiarenak: “Fisikoki eta mentalki oso kirol aberatsa da: hankak, besoak, gerria… gorputzeko atal asko lantzen dituzu, eta burua ere bai, erronkak betetzea, edo bideren bat kateatzeko buruz indartsua izan behar baita. Eguraldiaren baldintza ere hor dago. Udan hainbeste ez, baina uda ostean, eguraldia okertzen denean, eta egunak moztu, boulderra erabiltzea aukera ezin hobea da eskalada teknikan hobetzen jarraitzeko”.

Martiarenak eskaladan beste kirol diziplina askotan gertatzen ez dena gertatzen dela nabarmentzen du, diziplina inklusiboa dela: “Alegia, elkarrekin jardun daitezkeela haurrak, gazteak edo hain gazteak ez direnak, eta mutilak eta neskak”. Boulderraren erabileraren baitan, edo erabiltzaileen eskaeren baitan, Zanpatuz mendi elkarteak ikastaroak eskaintzeko aukera aztertuko du, etorkizunean. Etorkizunean argituko da, era berean, eskaladak kiroldegian beste guneren bat izango duen edo ez, bigarren hori ohiko rokodromoen itxurakoa, eta sarrera nagusiaren ondoko horman eraikiko litzatekeena.   

Erabilera eta ordutegia

Boulderra erabiltzeko kiroldegiko sarrera ordaindu beharko da, beste bezero guztiak bezala, baina Udalak bazkide txartela egiteko hainbat aukera ematen du, eta horri esker, boulderraz gain, hainbat erabilpen egiteko aukera sortzen da, diru gutxiago ordainduz. Salneurrien zerrenda webgunean kontsulta daiteke.

Kiroldegia asteko egun guztietan egongo da irekia, goizeko 08:30tik 22.00ra aste egunez, eta goizeko 00:90tik 21:00ra larunbat, igande eta jaiegunetan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!