HK10 hoteleko harreran bezeroak dabiltza hara eta hona. Kafetegian ere jendea hamaiketakoa egiten, eta langileak pozik, bi urte eta erdiko epe gogorra atzean utzi dutelakoan. Maite Alkain gerentea ere bai, noski, bezeroak baitira bere arnas bidea.
Poza ematen du hotelera sartzeak. Alaitasuna sumatzen da langileengan, zure aurpegian. Zein da momentuko egoera?
Normaltasunera iristen ari garela esango nuke. Bi hilabete eskas pasa dira pandemiako azken arau murriztaileak desagertu zirela, baina badirudi orain dela 10 urte gertatu den zerbait izan dela. Gizakion buruak badu gaitasun berezia txarrak diren gauzak zokoratzeko, baztertzeko, eta horrek laguntzen zaitu aurrera egiten. Oso nekatuta geunden pandemiaren kontuarekin, eta maiatza eta ekaineko lehen egunetan halako goraldi bat nabaritu dugu. Donostia da gure termometroa, eta Donostia atzerritarrez josita dago. Atzerritarrek gogoa dute, eta bertakoak ere bi urtez egin ezin izan dituzten ekitaldi piloa antolatzen ari dira, izan bataio, jaunartze, ezkontza, edo bestelako ekitaldiren bat.
Donostiatik hain gertu egotea erabakigarria da zuentzat.
Bai, guztiz, han hotelak betetzen badira, turistek norabait joan behar dutelako. Bestela ere, gurean prezioak lehiakorragoak dira, Donostian baino askoz merkeagoak, eta horrek ere laguntzen du. Maiatzaren 28ko asteburua zubia zen Frantzian, eta Pasaiako Itsas Festibala ere antolatu zuten. Bertako bezero pila bat etorri zuren gurera, ostegunetik igandera hotela betetzeraino. Gure hotela, eta Gipuzkoako hotel asko bete ziren.
Logela librerik ez zenutela esan behar izan zenieten hainbat bezerori, beraz. Zer sentitu zenuen egoera horrekin?
Poza, lasaitasuna, hainbeste espero genuen eguna iritsi zela. Udari begira ere agerikoa da erreserbak egiten ari garela, pandemia aurreko martxara bueltatzen ari garela pixkanaka… Pandemiaren bukaerak halako lasaitasuna ekarri du jendarte guztira, eta gure negozioan mugimendu handia. Azken orduko erreserba askorekin aritzen gara, gu eta hotel gehienak. Pandemiak utzi duen herentzia da hori. Plangintza egokia egiteko ez da ona, baina ez dago besterik. Malgutasunez jokatu behar izan dugu, erreserbak bertan behera uzteko epearen inguruan, baina hori ere bere ohiko egoerara bueltatuko da pixkanaka.
Nola eragin dizue zuei ziurgabetasun horrek?
Azken orduko erreserbak bertan behera uztea baino, erreserba horien baldintzak aldatu behar izan ditugu sarri, eta ez behin bakarrik. Esan nahi dut, talde batek 40 gela gorde, hurrengo egunean 45, ondoren afariarekin, gero gabe… Horrek lan taldea asko aztoratzen du, lan sail askori eragiten dielako. Bezeroak mantentze aldera erraztasunak eman behar izan ditugu derrigor, baina aurrerantzean malgutasun horrek murriztu egin beharko du. Pandemian azken 24 orduko mugan sartu arte erreserba bertan behera uzteko aukera ematen genuen, eta pandemia aurretik 48 ordu. Muga horretara bueltatu beharko dugu pixkanaka. Aldaketak egiteko aukera murriztu, baina ezer berezirik ez. Pandemia aurreko garaiko arauak bueltatuko dira pixkanaka.
Pandemia garaian ezinbestekoa izan zen arauen malgutasuna.
Erabatekoa. Azken unean edonor kutsa zitekeen COVID-arekin, edo gertuko kontaktua izan. Bezeroen aldetik, baina gure lan taldearen aldetik ere bai. Gosari, otorduekin eta beste ere egunero moldatu behar izan dugu.
Pandemia bukatu dela dirudien honetan, nola gogoratzen duzu garai ilun hori?
Ba ezer onik ez, iraun egin dugula baizik. Zailtasun pilo bat eduki dugu, baina hemen gaude. Nire eskertza sendoena helarazi nahi nioke lan talde osoari, ontzi hau hondoratu ez zedin egin duten lan bikainagatik. Egoera oso larria zela ulertu genuen denok, eta harro gaude eutsi diogulako. Lan taldea da gure altxorrik preziatuena.
Ez zen samurra izango pandemia garaian hotel bateko gerentea izatea, ezta?
Ez… Besteak beste nire lana bezero gehiago nola erakarri aztertzea delako, eta ez dut jardun hori egin ahal izan. Pandemiak ekarriko zigun azken kolpeari nola aurre egin ematen nituen orduak: arauak nola bete, musukoa, garbiketa, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak… Nekagarria izan da, etsigarria. Baina bukatu da, itxuraz, eta orain ja gure jarduna hobetzeko aztertzen pasatzen dut lan jardunaldi gehiena.
Eta nola hobetu dezakezue?
Puntuazio ona daukagu Booking atarian, 8.5 nota. Gosariei puntuazio ona ematen diete bezeroek, baina ni hori nola hobetu bilatzen saiatzen naiz, demagun, Nafarroako olioa eskainiz tostadetan. Gelatan detaile txiki bat eduki bezeroekin… Udari begira parrilla jarriko dugu martxan, ofizialki Sanjuanetako asteburuan, baina asteburu honetan proba batzuk egingo ditugu ziurrenik, karta osatzeko eta beste. Ea eguraldiak laguntzen gaituen…
Zer sumatzen duzu azken astetan etorri den bezeroarengan? Estereotipoa mantendu da, aldatu da?
Oraindik goiz da hori esateko, baina sektoreko beste kideekin hitz egin dut eta ez genuen espero atzerriko bisitarien halako gorakada. Ezustean harrapatu gaitu. Euskal Herriko eta Espainiako turismoaren hazkuntza espero genuen, baina Frantzia, Belgika, Herbehereetako jendea etorri da, eta AEBetakoak ere bai, espero ez genuenean. Ukrainako gerra hor dago, haientzat Ukraina eta gu eskualde berean gaude, eta ez genuen haien bisitarik espero. Donosti Cup txapelketan ere AEBetako talderen bat bada, galdetu nien ea etorri behar zuten eta baiezkoa eman zidaten. Txapelketa horretan ere parte hartzen duten kirol taldeen marka hobetu dute, atzerritarrak pilo bat.
Bere garaian kirol taldeak erakartzeko egin zenuten apustuak eraginkorra izaten segitzen du.
Funtsezkoa. Izan futbola, eskubaloia edo saskibaloi taldeak, eta batez ere txirrindulari taldeak. Lan egiten dugun agentziak esaten digu txirrindularitza taldeak guregana etorri nahi dutela, eta gu, noski, gustura.
Eta zergatik ote, nahi hori?
Nire ustez erosoa delako, aparkatzeko toki asko dugulako, eta nahieran ibiltzen direlako hemen. Pentsa Donostia erdigunera bidaltzen dutela talderen bat, autobusa garbitzeko eta beste. Itzulian hainbat talde izan genituen, mutilak eta neskak, Donostiako klasikorako ere baditugu. Vueltarako, abuztu bukaerarako momentuz ez dugu eskaerarik jaso.
Zer izango litzateke uda on bat zuretzat?
%100 betetzea utopia da, baina %80 edo 90 beteko bagenu, balantzea bikaina izango litzateke. 52 gela dauzkagu, badira batzuk…
Bizitza, salneurriak, dena goraka doa… Logelen prezioa ere bai?
Beharko, baina orain etorriko dena hirugarren igoera litzateke, eta ezin da igoera oro bezeroaren bizkar gain jarri.
Nola salduko zenuke HK 10 hotela Donostian ostatu hartzea baina hobea dela?
Ezberdintasun garrantzitsuena logelaren salneurria da. Donostian 200 eurotik gora ordaindu behar da gaueko, gutxi asko, eta 300 euro ere bai zenbait ostatutan. Gurean nabarmen gutxiago balio du. Nire ustez gurean aparkatzeko erraztasuna estimatzen du asko bezeroak, baita Donostiara garraio publikoa erabiliz joan daitekeela, eroso. Azaltzen diegu non geratzen diren autobusak eta trenak, ze maiztasun duten, eta asko erabiltzen dute. Batez ere trena, azkarragoa delako. Autoan ez joateko gomendatzen diegu, aparkatzeko komeriak izan ditzaketelako, eta lortzekotan lurpeko aparkalekuak garestiak direlako. Otorduak egiteko orduan ere Donostiak zerbitzu onak ditu, baina jende asko dago, eta ez da erraza otorduak egiteko tokiren bat bilatzea. Akaso txanda eman zain egon behar duzu, eta bezero batzuk nahiago dute gurean lasai-lasai afaldu, ondo ematen dugulako eta ez dutelako tokiren bat bilatzen egon behar. Gure aldeko beste ezaugarri bat Euskal Herriko beste herrialdeetara eguneko bisitak egiteko toki aproposean gaudela da, autobiatik kilometro erdira. Eta lan taldearen adeitasuna, noski (barrez).
Zenbat zarete?
20-22 lagun.
Han eta hemen entzuten diren zailtasun berak al dituzue langileak lortzeko?
Lan talde egonkorra dugu. Arazo horiek ez dira berriak, urte dezente daramatzagu. Kontua da belaunaldi berriak sartu direla merkatuan, eta horiek ez dutela, akaso, aurreko belaunaldiek lan arau edo ordutegiekin zuten, genuen malgutasuna. Moldatu egin beharko dugu. Ulertze aldera, Frantzian eguerdiko 13.30tik aurrera bazkaltzeko zailtasunak izango dituzu aurrerantzean, eta hoteletan gauerditik aurrera kopa bat hartzea ere gero eta zailagoa izango da. Langilerik ez delako egongo.
Zuen bezeroak zer egiten du ostatua eta gosaria bakarrik hartu, edo afaria ere bai?
Gero eta gehiagok afariarekin hartzen dute, aurreko erantzunean azaldu dudanagatik. Bezeroek esaten didate, ‘Getariara goaz egun pasa, bazkaltzeko edo afaltzeko tokiren bat?’ Eta nik baietz, baina zenbat ordaindu beharko dutena ohartaraziz. Tarteka herriko beste jatetxeetara ere bidaltzen ditugu bezeroak, Zaldundegira edo Oianumera, eta gustura bueltatzen dira.
Hotelak jendea erakartzen du herrira, uste duzu ezagunak zaretela herrian, baloratzen dela halako ostatu bat egotea herri txiki batean?
Guk balioa ematen diogu Urnietari, baina herriko beste enpresa eta komertzio guztiek ematen dioten neurri berean. Enpresa langileak, hornitzaileak etortzen direnean badakite hemen zer eskaintzen dugun. Erraustegira datorren lan talde bat daukagu, eta inguruko industria guneetara etortzen den jendea ere bai. Eragile ekonomikoa gara, baina herriaren sustapena ekar dezaketen ekitaldiekin inplikatuta gaude.
Bukatzeko, zer esaten dizuete bezeroek, hotela uzten duenean?
Kataluniako eskubaloi talde bat eduki genuen ez aspaldi, Zarautzen jokatu zuena, Gironako Bordils taldea. Oso gustura egon zirela esan ziguten, eta nota bikaina eman ziguten. Norbaitek esan zigun, ‘nigatik balitz 10 bat emango nizueke’. Pozik sentiarazten zaituzte horrelako esanek. Aintzat hartu bezero berriek booking atariko notari asko erreparatzen diotela, eta guk 8.5ekoa dugu. Ez da txarra.