Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz Emakumeen Binakako Euskal Pentatloiko txapeldunak dira

Aiurri 2022ko eka. 20a, 07:36

Hiru bikoteak Tolosako podiumean (Argazkia: Euskal Herria Kirola, Egursport)

Arruti urnietarra aurtengo denboraldian murgildu da herri kiroletan lehenbiziko aldiz, eta geroztik, hasieran amestu ere egingo ez zituen lorpenak eskuratu ditu oso denbora gutxian: Urrezko Aizkolarien txapela lehenbizi Azpeitian ekainaren 8an, eta Amalur Arbelaitz oiartzuarrarekin batera Emakumeen Binakako Euskal Pentatloi txapela Tolosan, joan den larunbatean.

Hona azken sailkapena:

  1. Nerea Arruti-Amalur Arbelaitz 24:01.
  2. Garazi Arruti-Lucia Orbe 26:52.
  3. Karmele Gisasola Zelai III-Uxue Ansorregi 27:39.

Arrutik eta Arbelaitzek egundoko erakustaldia egin zuten Tolosan, eta bost minututan ondu zuten iazko txapeldunek, Garazi Arruti eta Lucia Orbek egindako marka.

Harria jasotzen, txingan, giza proban, aizkoran eta korrika aritu behar izan zuten, honako lanetan zehazki:

  • Harri jasotzea: 63 kiloko bola, 20 jasoaldi.
  • Giza proba bi plaza 250 kiloko harriarekin.
  • Aizkoran, 65 ontzako bi egur.
  • Txingak: sei plaza.
  • Korrika: bi kilometro (20 itzuli zezen plazari).

Lehenbiziko proban, harria jasotzen, Orbek eta Arrutik osatutako bikoteak hartu zuen aurrea. Giza proban, berriz, Arruti eta Arbelaitz izan ziren azkarrenak, eta hortik aurrera lehen postuari aisa eutsi zioten. Batik bat aizkoran lortu zuten alderik handiena (01:15).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!