“Jaiolekuak baldintzatzen du neskato askoren bizitza”

Andoni Urbistondo 2022ko eka. 25a, 09:00

Hara eta hona ibili zalea da Lide Serrano urnietarra, eta mundu asko ezagutu du 24 urterekin; Peruko Piura eskualdera joango da astelehenean, hiru hilabeterako.

Zaila da Lide Serrano jaioterrian harrapatzea (24 urte). Veneziatik iritsi berria da turismo jasangarria sustatzeko proiektu batean parte hartu ondoren, eta berehala Perura doa Sanmielak arte. Nazioarteko Lankidetzan trebatua da, eta genero ikuspegiko gabeziek lotu dute munduko emakumeekin lan egitera.

Nor zaitugu, Lide?

24 urteko urnietarra, Zuzenbidea eta Komunikazioan graduatua Deustuko Unibertsitatean. Nazioarteko Lankidetza eta Garapena master-a egin berri dut EHU-n, Hegoa erakundearen bitartez. Master-a garapen bidean dauden herrietan lan egiteko dago bideratua, proiektu ezberdinetan: genero gaiak, eraldakuntza sozialerako hezkuntza, ekimen ekonomikoak, ekologia soziala, giza eskubideak… Zuzenbidea eta komunikazioa ikasi nituen, baina ez nintzen erabat identifikatzen ez bata, ez bestearekin. Nazioarteko ikasketak oso erakargarriak egiten zaizkit, zuzenbide alorrekoak batez ere.

Zuzenbidea egiten dutenek bulego batean egiten dute lan, eta komunikazio alorrekoak komunikabide ezberdinetan…

Praktikak abokatu bulego batean egiteak ez ninduen batere motibatzen, eta erredakzio batean egoteak ere sobera ez. 3. kurtsoan nazioarteko elkartasun praktikak antolatu zituzten Deustuko Unibertsitatean. Nire burua aurkeztu eta hautatu ninduten. Indiara joan nintzen bi hilabeterako, eta han konparaketa ikerketa bat egin nuen herri hartako neskatoek zuten hezkuntza eskubideaz, landa gune eta hiri guneetan, ze ezberdintasun zeuden bi eremu horietan.

Eta zer moduz Indian?

Asko markatu ninduen esperientzia hark. Gogorra izan zen, baina era berean etorkizunean arlo horretan jarduteko bultzada eman zidan. 4. Kurtsoan praktika txanda berri bat egin behar zen. Mexikora joan nintzen, nire amona bertakoa baita.

Jauzi handia, Indiatik Mexikora, ezta?

Lotura handia dut Mexikorekin, eta Caritas Tehuacan elkartean praktikak egitea lortu nuen. Nire amona Tehuacan hirian jaio zen. Bi hilabete eman nituen han, zuzendaritzan, haur eskoletara joaten, elkarrizketak egin eta beste… Ondoren Erasmus ikasketak burutu nituen Mexikoko Universidad Iberoamericana jesuiten unibertsitatean. Nazioarteko Lankidetza ikasketetan sakontzeko baliatu nuen epe hura. Argentinako irakasle bat ezagutu nuen, eta hark hautatutako bidetan sakontzeko arra sartu zidan.

Pandemiak hegoak moztu zizkizun apur bat, askori bezala.

Etxera bueltatu nintzen, pandemia betean, karrera bukatuta eta impasse egoera batean murgildu nintzen. Akademia batean aritu nintzen lanean, ingelesa eta frantseseko eskolak ematen, on-line ikastaroak egiten... EHUko Nazioarteko Garapen eta Lankidetza master-a egiteko hautagaitza prestatzen ere egon nintzen luze, eta hautatu ninduten. Mundu osoko ikasleak hautatzen dituzte, baina 25 lagun baino ez.

Master-ak egin ez ditugunontzat, zer dira, zehatz-mehatz?

Master-ak alor jakin batean espezializazioak lortzeko ikasten dira. Demagun gradu batean ikasgai orokorragoak lantzen direla, ba master batean zehatzagoak. Zuk nahi duzun ikasketetan jartzen duzu fokua. Nire kasuan genero ikasgaia hautatu nuen, eta horretan ari naiz.

Orduan zer zara, zein ogibide, jardunbide duzula esaten diozu galdetzen dizunari?

Nazioarteko Lankidetzan jardun nahi duen norbait naiz. Nire ametsetako lana zein izango litzatekeen ere garbi dut: UN Woman erakundean, alegia, Nazio Batuen Erakundeko Emakumeen alorrean. Emakume eta neskatoen alde erronka handiak gauzatu nahi nituzke. Indiak neskatoen inguruko grina piztu zidan, jendarteko sektore zaurgarriena direlako generoagatik eta adinagatik. Hori eraldatzeak motibatzen nau. Garapen bidean dauden herrialdeetako neskatoek hezkuntza, informaziorako eskubide gutxiago izango dute, eta ez dute munduko beste neskatoen garapen bera edukitzeko aukerarik izango. Indiako kasu asko gogorrak dira benetan.

Nolakoak izan ziren Indian pasa zenituen bi hilabete horiek?

Human Development and Research Center izeneko erakundearentzat egin nituen praktikak, Alboan Jesuiten GKE-arekin harreman estua duena. Ahmedabad hirian egon nintzen, Guyarat eskualdean, India mendebaldean. Slum edo auzo txiro batzuetara joan ginen, eta zortzi urteko neskatoak dotore jantzita zeuden, makillajea eta guzti. Itzultzaileari galdetu nion zergatia, eta esan zidan egun horretan senarra lortzen zutela. Pentsa, zortzi urterekin 50-60 urteko gizaseme batekin ezkondu!

Esperientzia gogorra izan zen zuretzat?

Oso herrialde konplikatua da. Kasta sistema indarrean dago, berez Konstituzioak debekatzen badu ere. Badago talde bat, ukitu ezin direnak deitzen zaie. Ez dizute bostekoa ematen, zikinak direla kontsideratzen dutelako. Paria batzuk bailiran. Han egin nuen proiektua, eta Deustuko Unibertsitatean txostena entregatu. Slum batean egin genuen elkarrizketa batean gertatu zitzaidana oroitzen dut bereziki. 8 urteko neskato bat zen, Krishna, eta ingelesez hitz egin zidan, bere egoera kontatzen. Amets asko zituela, hegazkin pilotua izan nahi zuela. Gizonek erabat monopolizatzen duten lanbidea da hori Indian, eta Krishnarentzat ezinezkoa izango da bere ametsa lortzea, bere bizitza gizonen batekin ezkondu eta harekin egotera mugatuko baita ziurrenik. Hesi horiek hausten saiatu nahi nuke.

Zer ikasi zenuen Indian?

Irakaspen garrantzitsuena hauxe: Jaiotzen zaren lekuak baldintzatzen duela zure bizitza. Indian gertatzen da, baina Mexikon ere bai. Han oso ohikoa da genero biolentzia, matxismo asko dago, bertako gizonak oso matxistak dira. Egoera, gainera, estrukturala da, hezkuntza kontua. Emakumeek etxea, senarra, familia bezalako balioak babestu eta zaintzeko heziketa jasotzen dute etengabe, eta eraldaketa zaila da egoera horretan. Ustelkeria ere handia da, eta erreformak egitea oso zaila da, feminizidio asko daude. Horri buruz egin dut nire MAL delakoa, master amaierako lana, eta datuak beldurtzeko modukoak dira. Estatuak ofizialki jakinarazten dituen datuak x 6 edo x 7 biderkatzen dituzte GKE-en eta NBE-n txostenek.

Genero ikuspegia jorratzeko asmoa duzu, etorkizunean.

Bai. Indian eta Mexikon bizitakoak, eta orain egin dudan master-ak eraman naute genero ikuspegia lantzera, haurren giza eskubideak ere gustuko gaia badut ere. Jasangarritasunaren alorrean edozein kontutan arituko nintzateke gustura. Abendutik hona Valentziako IVE erakundean aritu naiz lanean (Institut Valencia de la Edificación), Bilboko Into Destinations aholkularitza talde baten bitartez, turismo destino jasangarriak lortze aldera, eta klima aldaketari begira erresilientzia indartzeko. Europar Batasunak sustatutako ekimena da. Venezian egon naiz ez aspaldi, hango erakunde ofizialekin turismo jasangarria lantzen.

Eta orain Piura eskualdera zoaz, Perura.

Master-a egiten dugun bitartean hainbat proposamen helarazten dizkigute GKE ezberdinetatik. Egoaizia Eibarko GKE-aren proposamena jaso nuen, Peruko eskualde hartan sexu eta ugalketa osasun zerbitzuak jasotzeko aukera eta kalitatea hobetzeko proiektua garatzeko. Gai erakargarria iruditu zitzaidan emakumeen gorputza delako ardatza, emakumeak ahalduntzea bilatzen duelako. Bertako emakumeek euren gorputzarekiko ze eskubide dituzten jakin dezatela, horri esker euren eskubide bortxaketak saihestu ahal izateko.

Hiru hilabete egingo ditut han, baina dagoeneko bi hilabete daramatzat Egoaizia GKE-arekin aurre lanak egiten. Handik bueltan, urrian, Donostiako Udalean hainbat ekitaldi antolatuko ditugu, Peruko emakumeekin testigantzarekin, han egin dugunaren emaitzak jakinarazteko gurean.

Zer nolako egoera topatzea espero duzu han?

24 urteko emakumeak, nire adin berekoak, hiru haurrekin, plangintza familiarraren inguruko informaziorik ez dutelako, edo informazioa eskasa delako.

Jende gutxik pilatuko zuen zuk adina eskarmentu 24 urterekin.

Oso gustuko dut hara eta hona ibiltzea, pertsona eta kultura berriak ezagutzea. Kultura ezberdinekin konplizitatea bilatzen dut, eta horrek aberastu egiten nau asko.

Zer esaten dizute koadrilako lagunek?

Nekaezina naizela. Mapa mundi bat daukat tatuatuta bizkarrean, eta antzera jarraitu nahi nuke, proiektutik proiektura jauzika. Beti bueltatzen naiz etxera, Euskal Herrira, gure herria delako, baina atzerrian ere gustura ibiltzen naiz. Ingelesa hitz egiten dut, frantsesa ere bai, moldatzen naiz. Arabiera ere ikasi nahi nuke, asko erakartzen nau mundu horrek.

Genero berdintasuna utopia bat al da egun?

Bai, erabat. Lan asko dago egiteko oraindik.

Ze arazo konpondu beharko litzateke azkarren zure ustez?

Genero biolentzia. Hori galarazten saiatu behar dugu. Gure artean dago, eta areagotu egin da pandemia garaian, baina ez gara jabetzen. Ez dugu ikusten ikusi nahi ez duguna. Genero biolentzia ez da zigor fisikoa bakarrik, hizkuntza mailako biolentzia ere badago. Hezkuntzarekin konpondu behar den egoera da. Txikitatik umeak berdintasunean hezten badira, nagusiak direnean ez dira botere patriarkalak eragindako jarrerak gertatuko.

Gutxietsita al dago genero indarkeria?

Bai. Genero perspektibak bizitzako alor guztietan egon behar du, eta ez dago: enpresa munduan, hezkuntzan, parrandan...

Feminismoa hitza entzun eta gizonezko asko asaldatu egiten dira. Zergatik?

Eraso bat bezala hartzen dutelako. Feminismoak onena nahi du emakume eta gizonentzat, baina hori ez da ulertzen. Denok gaude generoaren ontzian, eta denok egin behar dugu lana elkarrekin.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!