Zabaltzear da euskara, hezkuntza eta uretako kirolarekin lotutako diru-laguntzak eskatzeko epea

Aiurri 2022ko eka. 29a, 11:10

Urnietako Udalak hainbat jarduera diruz laguntzen ditu eta ostiral honetan, uztailaren 1ean, irekiko da euskara, hezkuntza eta uretako kirolarekin lotutako dirulaguntzak eskatzeko epea.

Askotariko ekintzetarako diru-laguntzak ipiniko ditu martxan

Euskara

Euskara-ikastaroetan matrikulatzeagatik diru-laguntza eskatzeko, eskatzaileek matrikularen ordainketa epearen barruan egina izan beharko dute, Urnietan erroldatuta egon beharko dute, eta gutxienez %80ko bertaratzea eta ikastaroaren aprobetxamendu ona izan beharko dute. 

  • Epea: uztailaren 1etik irailaren 30era.

Helduen Heziketa Iraunkorreko-HHI ikastaroa

Urnietan erroldatuta dauden langabeek jaso ahal izango dute laguntza, bai eta udalerrian ematen ez den maila eta ordutegian matrikulatuta egon direnek ere. Beti ere Andoaingo, Astigarragako, Hernaniko, Lasarte-Oriako edo Usurbilgo Helduen Heziketa Iraunkorreko HHI zentro bateko ikasle izan badira edo oinarrizko mailatik hasi eta Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua eskuratzeko prestakuntzara arteko maila batean hartu badute parte. Graduatu titulua eskuratzeko ez den beste edozein ikastarotan izena emandako langabetuek ere dirulaguntza hau jaso ahalko dute.

  • Epea: uztailaren 1etik 30era . 

Uretako ikastaroak

Herrian bermatzen ez diren ur-jardueretan parte hartzen duten pertsonek ere aukera dute garraioan laguntza eskatzeko, baldin eta Urnietan erroldatuta badaude eta kirol instalazioen bazkide badira. 

  • Epea: uztailaren 1etik 30era.

Musika-grabaketak

Eskatzaileek Urnietan erroldatuta egon beharko dute, eta taldeen kasuan, taldea osatzen duten pertsonen bi herenek bete beharko dute baldintza hori.

  • Epea: uztailaren 1etik azaroaren 30era.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!