"Erakargarria eta eraginkorra behar du ikasketak"

Alba Cabrera Jauregi 2022ko eka. 30a, 11:09
Ane de Sosa eta Juan Villar, Gaztelania eta Lieraturako ikasgelan. aiurri

Egundoko arrakasta lortu dute Twitterren Ane de Sosa Egape Ikastolako ikaslearen apunteek. Juan Villar irakasleak bota zion erronka urnietarrari.

Oso sinetsita dago Juan Villar Egape Ikastolako irakaslea ikasle orok dituen gaitasunetan. Hala, orain hamarkada bete inguru hasi zuen bere Gaztelania eta Literatura irakasle-jarduna Egape Ikastolako DBH 3. eta 4. mailan. Irakasteko ohiko bidetik ihes egin du, ordea, era arrakastatsuan; hori dio, behintzat, orain gutxi jasotako ezusteko atseginak. Twitterren, izugarrizko sona lortu dute bere ikasle den Ane de Sosa urnietarrak eginiko apunteek: gaur gaurkoz, hiru milioi ikustaldi izan ditu txioak, 7.739 birtxio eta 58.056 atsegite. Biekin elkartu da Aiurri; ezin sinetsita daude oraindik.

Nola eskuratu dute horrelako oihartzuna Barroko garaia biltzen duten apunte batzuek? Nola atera zen proposamena?

Juan Villar: Barroko garaiko apunte batzuk ekarri zizkidan Anek, nik ikasgelan hala eskatuta. Berarekin bildu eta hamarreko lana zela esan nion, baina hutsetik beste batzuk egitea proposatu nion, eskuz. Zergatik? Edukiari nahiz estetikari dagokionez, bikaina zen lana, eta, orduan, gaitasuna zuela jabetuta, zerbait gehiago ikas zezala nahi nuen, behin kurrikuluma beteta. Hala prototipo batzuk egin genituen, azken emaitzera iritsi baino lehen.

Metafora bisualak arakatu genituen eta pertsonen proportzioak neurtu; dinamikoak izatea eskatu nion, bai eta ingurune batean kokatzeko ere. Horrez gain, Barroko garaiko erreferente bat jartzeko aipatu nion, eta “Las Meninas” txertatu du apunteetan. Sasoiko testuinguru geopolitikoa (goiko aldean) zein kulturala (azpiko aldean) erretratatu du, xehetasun handiz.

Nolakoa izan da, Ane, apunteak egiteko prozesua?

Ane de Sosa: Barrokoaren laburpen bisuala da: krisialdi bat eman zen eta ezkortasun handia ekarri zuen horrek. Bestalde, gerrek, uzta txarrek eta epidemiek hilkortasun-tasa areagotu zuten nabarmenki. Bien bitartean, Espainian, monarkia absolutua zegoen ezarrita. Eta literaturan landutako gaien artean, indar nabarmena maitasunak, gai moralek nahiz sozialek izan zuten. Halaber, kulteranismoa eta kontzeptismoa bereizi nituen, hainbat ezaugarri ipintzeaz gainera: bi artista izendatu ditut, Luis de Gongora (poeta) eta Francisco de Quevedo (idazlea).

Nabari da eman dizkiodan bi apunteen arteko aldea. Orri zuria ongi antolatzeko esan zigun Juanek, edukiak argitasunez bereizi ahal izateko. Lehenengo apunteen kasuan, egitura ez da hain argia. Aldiz, eman diodan azken lanean, txukunago ageri dira ideiak. Estetikari dagokionez, esaterako, kafea erabili dut, lurraren koloreak eskuratzeko, beste proiektu batean irtendako proposamen baten harira.

J.V.: Lanketa sakon baten erakusketa da lana. Pazientzia handia izan du Anek, izan ere, hilabete baino gehiago egon gara honetan, nahiz eta denbora guztia ez diogun lan horri eskaini.

A.S.: Gainera, horrelako proiektu bat egite hutsarekin, edukiak barneratu ditut; ez dut sekula ahaztuko. Finean, ikas-liburuekin astuna egiten da horrelako azalpenak ikastea.

J.V.: Erabilitako metodologia visual thinking da. Nolabait, irudi bitartez, pentsamendua garatzean datza, alegia, ideia konplexuak marrazki sinpleekin jorratu dituzte, Feynman teknikaren bidez: ulermen sakona ziurtatzen du ideia zailak errazak bihurtzeak. Twitterren, agian, zenbaitek ez dute ongi ulertu (eduki gutxi dagoelakoan da jendea). Ez dakite zein nolako lanketa dagoen horren atzean; zorroztasun handiz erabaki dira xehetasun guztiak, Borgoinako gurutzea, edota “Armada garaiezina”-ri erreferentzia egiten dion itsas-ontzia, kasu.

Nolakoa izan da, Ane, zure lan batek Twitterren horrelako inpaktua izatea?

A.S.: Izugarrizkoa. Lehendik ere igota zeukan Juanek nire lanen bat edo beste Twitter plataformara, baina ez dute, sekula, horrelako dimentsiorik hartu.

Gustuko al duzu horrela ikastea?

A.S.: Niretzat errazagoa da, arinago barneratzen dugu edukia eta ez da astuna egiten, oso erakargarria delako.

Juanen klaseak ez dira ohikoak. Gogoratzen al duzu berarekin izandako lehen eguna?

A.S.: Jakina! Joko bat egin genuen, asmakizunekin.

J.V.: Ikertzaile-talde bat ziren, eta logikako ariketa mordoxka egin behar zituzten, mailatik mailara igarota, txosten bat eskuratu arte: gamifikazio baten bidez, ikasturteko programazioa aurkeztu nien.

A.S.: Oso harrituta gelditu ginen guztiak. Izan ere, eduki, eduki ditugu Gaztelaniako irakasle onak, baina ikas-liburuei itsatsita egon gara beti. Hasiera batean, arraroa egin zitzaigun, ez baikaude ohituta. Ez genuela asko ikasiko uste genuen, hasieran, baina argi eta garbi gelditu da baietz.

Gainerako ikasgaietan, ez dugu horrela funtzionatzen, bakoitzak bere metodologia duelako. Egia da, nire ustez, zaila dela arlo guztietan modu honetara ikastea, baina Biologia-Geologia bezalako ikasgai batean, adibidez, eraginkorra izan daitekeela uste dut.

J.V.: Lehen bi hiruhilekotan, pentsamendu ludikoa sustatu dugu klasean. Horrek honakoa hau eragiten du: hainbat aldiz ahalegindu behar zara gauza bat egiteko, eta akatsa ez da zigortzen. Horren adibide dira prototipoak; makina bat egin dituzte, helburua lortu arte. Zortzitik gorako media du klaseak. Aneren lanaz gain, oso proiektu interesgarriak eman dizkidate gainerako ikasleek ere.

Era berean, Juan, beraiengandik ikasteko aukera ematen al dizu zure lan egiteko moduak?

J.V.: Noski baietz. Ni ez naiz gai Anek egin duena egiteko. Oso azkar ikasten du botatzen diozuna, eta super boterea da hori, gaur egun.

Kontaidazu, Ane, nolakoa da klase egun bat Juanekin?

A.S.: Ez da gainerako irakasgaiak bezala. Ez dugu irakasleak azalpenak ematera itxaron behar. Hasieratik parte-hartzaile aktiboak gara: talde bakoitzak bere proiektuari ekiten dio, nork bere erritmora, presiorik gabe. Ez da soilik irakaslearen azalpena entzutea, apunteak hartzea eta azterketarako ikastea. Guk klasean ikasi egiten dugu eta inork zailtasunik badu, laguntza eskaintzen diogu.

J.V.: Ikasgelara bizpahiru minutu berandu ailegatu izan naizenetan ere, lanean topatu izan ditut beti. Lan-giroa dugu klasean eta oso deigarria da hori. Azterketa, esaterako, ez da betiko froga izaten, landutako edukiak ongi barneratu direla ikusteko ariketa da.

Lateral thinking delakoak pisua du zure irakasle-jardunean, ezta, Juan?

J.V.: Sormena lantzeko estrategiak erakusten dizkiet. Steal like an artist ideia ere asko erabiltzen dut: dibergentzia prozesu baten bidez, informazio kopuru handia arakatzean datza, eta, behin hori eginda, konbergentzia ematen da, hau da, aurkitutako eduki horretatik guztitik garrantzitsuena dena hautatzen, konbinatzen eta eraldatzen da. Horixe da Anek egin duena azken lan horretan.

Horrenbeste arrakastaren aurrean, egon al da argitalpenaren harira desadostasunik, kritikarik?

J.V.: Bai, batez ere, hiru ildo nagusitan banatuko nituzke jasotakoak. Lehenik, eurozentrista zela esan zidaten. Bigarrenik, negrolegendario-a dela, hots, zati historikoak Espainiako historia beltza iruditzen duela idatzi zuten beste zenbaitek. Eta, azkenik, eduki falta nabarmendu dute, “gure garaian orrialde mordoa genuen ikasteko”.

Ez dut ezer esan nik horren aurrean, jada, jendeak erantzun duelako. Espainiako momentu jakin bat irudikatu nahi genuen, eta horregatik girotzen da bertan mapa. Bestalde, negrolegendario delako ideiari erantzunez, ez dut ezer esateko; azkenean, han eta hemen aurkitu dugun informaziora mugatu gara. Halaber, edukiari dagokionez, proiektu zabala gauzatu dugu eta jendeak ez du ulertu hori, soilik, egindako lanketa guztiaren laburpen bisuala dela, orrialde bakarrean.

Talka handia egiten al du zure irakasteko moduak egun indarrean den ereduarekin?

J.V.: Orain bat hamar urte, etorri nintzenean, taldeka eta ordenagailuekin ipintzen nituen ikasleak, konpetentziak lantzen. Egun, eskola osoak egiten du lan horrela, baita Gipuzkoako askotariko ikastetxeek ere.

Gabezia handiak ditu indarrean dagoen hezkuntza-ereduak. Erakargarria eta eraginkorra behar du ikasketak.

Non jarriko zenuke, hortaz, begirada hutsune horiei aurre egiteko?

J.V.: Niretzat, motibaziotik hasten den prozesua da ikasketa. Motibazioak interesa sortzen du, eta interesak ezagutza. Presaka gabiltza hezkuntzan, ezagutzetara egiten dugulako salto, zuzenenan. Aurreko bi pausoei jaramonik egin gabe, hirugarrena ezin da ongi garatu. Kurrikuluma murriztu beharko litzateke, eta benetan garrantzitsuena dena erabaki. Eguneratu egin behar gara eta estrategiak pentsatu, kasu honetan, gaur egungo (eta ez duela hogei urteko) 14-15 urteko nerabeei zuzenduta, motibazioa, interesa eta ezagutza sustatzeko. Ikastea zerbait serioa eta formala dela uste du jendeak. Eremu hori gainditu egin behar dugula uste dut: ez da ikaslerik gelditzen atzean, horrela, ez eta “txar”-tzat jotzen direnak ere.

A.S.: Askori ez zaie erraza egiten liburu baten aurrean ipini eta orrialdeak ikasten hastea. Ikasteko metodo ona da Gaztelania eta Literatura ikasgaian darabilguna. Nire iritziz, maizago erabili beharko litzateke.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!