"Hariak" bakardadeen aurreko estrategiaren aurkezpena

Aiurri 2022ko uzt. 1a, 09:00

Xedea ibilbide-orri bat ezartzea da adinekoen artean joera den bakardadearen fenomenoari aurre egiteko.

Adineko bakardadearen auziari heldu diote Urnietan: astearte arratsaldean, Saroben aurkeztu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik Gipuzkoako bakardadeen aurreko estrategia, Hariak. Orain bi urte, erakunde publikoekin eta herritarrekin lankidetzan egindako parte-hartze prozesuaren emaitza da hori; 51 pertsonako talde eragile batek gidatuta, guztira 400 kidek baino gehiagok hartu dute parte.

Adina eta bakardadea elkar lotuta doaz

Gipuzkoako bakardadearen aurrean “jarduteko esparru estrategiko bat” sortzeko asmoz ekin zioten egitasmoari, izan ere, Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariaren esanetan, “lehen mailako erronka” da afera, ikerketa bateko datuetan oinarrituta: “55 urtetik gorako Gipuzkoako biztanleriaren %30 inguru bakarrik sentitzen da, nahiz eta %5,5ak soilik onartzen duten modu irekian”.

Bakardadearen hiru dimentsiotan esku hartu ahal izateko eratu da estrategia, soziala, emozionala eta existentziala, eta bakardade egoerei, bakardadearen aurreko kalteberatasun egoerei eta harreman bazterketako egoerei aurre egiteko jarduerak aurreikusten ditu. 12 esku-hartze maila biltzen ditu proiektuak, zuzendariak azaldu bezala: prebentzio unibertsala, espazio fisikoen eraldaketen, sentsibilizazioaren eta aisialdiko zein boluntariotzako jardueren bidez; prebentzio selektiboa, bizikidetza-dinamikak sortuz, auzo-komunitateak dinamizatuz eta arrakala digitala murriztuz; eta prebentzio egokitua, etxeko laguntzei eta konpainia-jarduerei esker.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!