Iritsi da Donosti Cup, txapelketaren 30. urteurrenean

Aiurri 2022ko uzt. 5a, 13:17

Eskualdeko zenbait herritan geldialdia egin du Donosti Cup futbol txapelketak, bere sorreraren 30. urteurrenean. Hala, uztailaren 3tik 9ra bitartean, askotariko adinetako futbol zaleak hara eta ona arituko dira partidak jokatzen, etxekoen kontra baita nazioarteko taldeen aurka ere. 

Antolatzaileek adierazi bezala, 20 herrialdetako 760 taldek baieztatu dute beren parte-hartzea txapelketan, azken edizioan (2019) baino 100 taldek gehiagok, hain justu ere. Ildo beretik, Urnieta Kirol Elkarteak ere arrastoa utzi nahi du lehiaketan. Izan ere, bost talde ari dira parte hartzen egunotan: B13, B14, B16, B19, G17.

Ezer berezia badakar lehiaketak munduko edozein txokotako jendearekin jokatzeko aukera da hori. Txile, Japonia edo Kongoko Errepublika bezalako herrialde urrunetatik iritsi dira jokalariak. Amerikako Estatu Batuak izan da, hirugarrenez, atzerritik talde gehien ekarri dituen herrialdea, 80, zehatz-mehatz.  Bestalde, Donosti Cup-eko kideek adieraz legez, Frantziak (40 talde) eta Mexikok (12 talde) ere errepresentazio handia izango dute. Baina ez dira horiek bakarrik egongo, honako toki hauetatik ere hurbildu baitira Euskal Herrira futbolaz gozatzeko: besteak beste,  Andorra, Italia, Portugal, Suitza, Belgika, Erresuma Batua, Suedia, Txile, Bolivia, El Salvador, Honduras, Libano, Palestina, Japonia...

Talde aipagarriak ere badira tartean: Olympique Lyon, emakumezkoen Txapeldunen Ligako txapeldun berria, Benfica, BK Hagën (Suedia), Orlando City (AEB), CF Pachuca (Mexiko), Olimpia (Honduras), RSD Español edo Real Oviedo.

Hori horrela, Donostia inguruetako futbo-zelaietan hamaika partaide izango dira jokoan, Urnietan, tartean. Gaur goizean, adibidez, gorritxoek (B19) etxean jokatu dute Martuteneren aurka (1-3). Bestalde, argazki galerian ere Gainzuri eta Independiente Madrid (1-7) taldeen aurkako partidako irudiak ageri dira.

HEMEN klik eginez gero, Urnietako futbol-zelaian izango diren norgehiagoka guztiei buruzko informazioa jasoko duzu. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!