Hemen da “Ongi etorri baserrira” egitasmoa, zazpigarrenez, herritarrei lehen sektorera gerturatzeko ahaleginean. Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 baserrik, hain zuzen ere, beren ateak irekiko dituzte asteburu honetan, hilaren 8an eta 9an, ekoizten dituzten produktuen nondik norakoak zehaztasunez bezain hurbiltasunez ezagutzera emateko.
Urnietan, Basitegiz gain, sektoreko beste zenbait eragile ere daude sartuta proposamenean. Dena dela, eskaintzaren arrakasta ikusi besterik ez dago, zeren, Urnietaren kasuan, behintzat, sarrera guztiak agortu baitira.
Egitarau aberatsa
Goiburu auzoan kokatuta, ardiak hezten dituzte eta munduan aski ezaguna den Idiazabalgo gazta egiten dute Adarrazpi gaztaindegian; hala, ardiei bisita egingo zaie, baita gazta eta mamia nola egiten den ikasi ere. Adierazi dutenez, bazkari-dastaketa egiteko aukera dago, bertakoekin aurrez hitz eginda.
Bide beretik, Eula sagardotegia ere tartean da. Izan ere, Euskal Herriko txokoren batean sagardoak indarra baldin badauka, Buruntzaldea eskualdean da hori. Usurbil, Astigarraga, Hernani Urnieta…Askotariko sagardoa dastatu daiteke herri horietan. Horregatik, Lategi auzoan kokatutako sagarrondoei bisita egiteaz gain, sagardotegia etxekoen eskutik ezagutzeko parada izango dute bertaratzen direnek.
Azkenik, Otazu onddoek ere ikusmira handia sortu dute. Otazu anaiak buru diren familia-enpresa da eta Urnietako Agroaldean duten negutegietan shitake perretxikoak ekoizten dituzte, Ergoien auzoan.