“Oiloak dira gure oinarri”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko uzt. 8a, 09:00

Zerbitzu ugari eta elkarren artean oso bestelakoak eskaintzen dituzte Goiburuko Basitegi baserrian. aiurri

Bizitokia izateaz gain, landa-oiloen hazitegia, zalditegia eta nekazal-etxea da. Asteburu honetan egingo den “Ongi etorri baserrira” ate irekiera jardunaldian hartuko du parte.

Bi mendeko ibilbidea dauka Urnietako Basitegi baserriak. Etxearen lehen eskritura 1816. urtekoa da, hain justu ere. Bada, txokoari bestelako zukua atera nahian, zaharberritu egin zuten Vanesa Barriusok eta bere familiak. Beren bizitokia izateaz gain, landa-oiloen hazitegia, zalditegia eta landa-turismo da Basitegi. Bertako ateak ireki dizkio Aiurriri, izan ere, datorren asteburuan egingo den “Ongi etorri baserrira” proiektuan hartuko du parte, herritarrak lehen sektorera hurblidu asmoz.

Grosekoa sortzez, nola amaitzen du hiritar batek landa-eremuko baserri baten gidari izaten?

Bizitzak izugarrizko itzuliak ematen dituelako. Psikologia ikasi nuen eta giza baliabidetaan egon nintzen praktiketan enpresa batean, urtebetez. Ondoren, bost urtez Urbil merkatal zentroan egin nuen lan, mugikorrak saltzen. Baina bizitza-eredu hori ez nuela batere gustuko jabetu nintzen. Era berean, gurasoekin batera etxe bat eraikitzeko lur-sail baten bila nenbilen eta, kasualitatez, Basitegi baserriarekin egin genuen topo. Hala, jarraian Euskaber (Eusko Label zigiluko arrautzak eta arrautz ekologikoak) proiektua ezagutu genuen; horrela, baserria erosi eta hiruzpalau urtera, oiloen proiektua jarri genuen martxan.

Hortaz, bizitoki izateaz gain, gauza gehiago ere bada zuretzat Basitegi.

Hala da. Izan ere, lur-sail handiak genituen eta horiek garbitzen joan gara pixkanaka-pixkanaka, etekina ateratzeko asmoz. Txerriak ere izan ditugu; esperientzia ona izan zen, irakaspen handiak atera genituelako, baina izugarrizko lana ematen dute eta ez zuen jarraipenik izan horrek.

Era berean, landa-turismoaren obrarekin genbiltzala, nire semeen zaldiak baserrira ekarri genituen (lehenago hipika batean aritzen ziren zaldiekin) baserrira. Hori horrela, lagun baten proposamenez, zaldian aritzeko pista bat egin genuen. Halaber, gure zaldiekin klaseak jasotzen ditu nahi duenak (15-18 zaldi eta poni ditugu, orotara, baita zenbait moxal ere), eta, bestalde, jendeak bere zaldia gurean utzi eta zaindu egiten diogu.

Lehen sektoreari begira lan egiteaz gain, landa-turismoa ere baduzue eskuragarri.

Sei gela eta bi apartamentu ditugu. Gelei dagokionez, sukalde komunitarioa erabiltzeko aukera bermatzen dugu eta bakoitzak hemen inguruko tontor baten izena hartzen du, bertako leihotik ikusten den mendiaren arabera erabakita.

Zein bezero motek bisitatzen dute Basitegi?

Denetatik. Landa-turismoan, adibidez, atzerriko jende pila hartzen dugu, europarrak, batez ere. Herrialde katalanetatik ere mordoxka etortzen dira. Zalditegiari dagokionez, gehienbat, Donostiako edota Tolosaldeko jendea hurbiltzen da, ingurukoa, alegia, baina Urnietakoa, inor gutxi. Urte osoan, klaseak ematen ditugu, eta, udari begira, udaleku itxiak ere badira gurean.

Basitegiren azpiegitura handiari eusteko, lantalde handia al dago atzean?

Pertsona bana daukat zaldi-klaseak ematen, landa-turismoa garbitzen eta ukuilua zein oiloak zaintzen. Bide horretatik, gora eta behera aritzen naiz ni, han eta hemen, egun osoan eta etxekoek ere laguntzen dute (etxetik kanpo egiten dute lan).

Uztailaren 8an eta 9an Gipuzkoako zein Bizkaiko 30 baserritarrek beren etxeko ateak zabalduko dituzte ukuiluak, baratzak eta landaguneak ezagutzera emateko, “Ongi etorri baserrira” proiektua medio. Tartean, Basitegik.

Parte hartzen dudan lehen aldia da, nahiz eta bisita gidatuak maiz egin izan ditudan, antzerako egitasmoekin. Oraindik ez didate zehaztu zer den egin behar dudana, baina ukuilua ezagutzeko aukera izango du gerturatzen denak, bertan, dituen duda guztiak argitzeaz batera. Horrez gain, bisitaldian zaldi-klaseak ikusteko parada ere izango dugu.

Jakien jatorria berraurkitzeko egitasmoa da “Ongi etorri baserrira”, bai eta mahaiean dastatzen diren elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak ezagutzeko aukera ezinhobea ere. Bide beretik, horrelako proiektuek laguntzen al dute kontsumoaren gaineko kontzientzia pizten?

Izan ditudan antzeko bizipenetan oinarrituta, apur bat, jada, kontzientziatuta dator jendea, normalean, nahiz eta, toki guztietan bezala, badiren eszeptiko batzuk. Azken horiei zer pentsatua eman ohi die bisitaldiak, eta aurrez zituzten zenbait iritzi aldatzen zaizkie.

Kalitatezko arrautzak dituzuela diozu. Zein nolako bizitza dute?

Animalien bizitza ahalik eta onena izatea nahi dugu. Guztira, gutxi gorabehera, 6000 oilo ditugu, eta badira gu baino handiagoak diren ekoizpenak: landa zabalean egoten dira, eta pentsu osasuntsua ematen diegu, arto askorekin. Egun osoan adi egoten gara, edozein ezustekori azkar batean erantzuteko. Basitegiko gainerako zereginek denbora luze eskatzen badigute ere oiloak dira gure oinarri; oilorik gabe, ez genuke beste guztia egingo, ez litzateke bideragarria izango.

Ez da, gainera, sasoi erraza izaten ari lehen sektoreko langileentzat.

Oso iluna. Pentsua, baita beste lehengai batzuk ere izugarri ari dira igotzen. Egunez egun egiten dugu lan guk. Nolanahi ere, aurrera begira, tarifak igotzeko beharrean topatzen naiz; bestela, ez zait errentagarria aterako. Oiloei dagokionez, babestuago sentitzen gara, finean, Euskaberren aterkipean gaudelako.

Zailtasunak zailtasun, ba al dauka lehen sektoreak jarraipena emango dion belaunaldi gazteagorik?

Nire kasuan, 40 urte egin berri ditut eta ez dut neure burua premia horretan kokatu, oraindik. Dena dela, arazo hori nabarmena da: normalean, ez familiatik, ez kanpotik, ez dago lekukotza hartzeko prest dagoenik. Gurean, espero dut, hainbeste lan egin ondoren, norbaitek jarraipena ematea.

Txanponaren beste aldean, indar handia hartu al du azken boladan landa-turismoak?

Etortzen den jendeak lasaitasuna eta gertutasuna bilatzen du. Gurekin hitz egitea dute gustuko, bai eta inguruak ezagutzea ere. Oiloek eta zaldiek bezeroekin egoten laguntzen digute, ikusmira sortzen dutelako.

Ahalegina egiten dugu, bezeroek bertako produktua nahiz inguretako tokiak ezagut ditzaten: Adarrazpi, golf-a, sagardotegiak… Donostiatik harago ere badelako zer ikusi. Ez dugu nahi Basitegi turistei begirako lo-lekua izatea soilik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!