“Neure buruarekin egoteko tartea izan da bidaia”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko uzt. 17a, 09:00

Bizikleta gainera igo eta 45 egunez pedalei eragiten aritu da Joseba Errazkin Bermejo urnietarra. Finlandiako  Vierumäki herrixkatik Urnietara egin du jauzi, hainbat herrialde zeharkatu ondoren.

Hiru mila kilometrok baino gehiagok banatzen dituzte Vierumäki (Finlandia) eta Urnieta. Joseba Errazkin urnietarrak herri txiki horretan egin zuen Erasmus programa bederatzi hilabetez (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua). Bada, ikasturte osoko bidaia aberasgarri hori nahikoa ez eta esperientziari amaiera gozoa ematea erabaki zuen: Vierumäkitik etxera, Urnietara, bizikletan itzuli zen. 45 egun eta zortzi herrialde: Finlandia, Suedia, Danimarka, Alemania, Holanda, Belgika, Frantzia eta Euskal Herria.

Erasmusean erabaki eroak hartzen omen ditu jendeak. Horixe zurea: Vierumäkitik Urnietara, bizikletan.

Modu batera edo bestera, bederatzi hilabeteko esperientzia hasi aurretik, jada, banuen buruan nola eman amaiera borobila bidaia luzeari. Itzulera bizikletan egiteko ideia hemengo Erasmus programako koordintzailearekin hitz eginez otu zitzaidan. Izan ere, bere lagun batek ere antzeko zerbait bat egin zuen Erasmusa bukatzean. Hala, banuen ideia buruan, eta, Gabonetako oporretan, asmoarekin aurrera egitea eta bidaia diseinatzea erabaki nuen. Despedida progresiboa eman diot Erasmusari; izugarrizko esperientzia izan da.

Oso bestelakoa den errealitate batean bizi izan zara, gainera, ikasturte oso batez.

Herri txiki-txiki bat da Vierumäki, eta Errendimendu Handiko Zentro bat eta unibertsitatea ditu. Kanpin batean bizi ginen hiruzpalau lagun, inguruan supermerkaturik gabe. Lleidan ikasten dut nik, eta hango lagun batekin joan nintzen. Bertan, jende gehiagorekin elkartu ginen.

Ez du gure egunerokoarekin antzik. Oso isolatuta bizi ginen, baina polita izan da. Abuztuan joan nintzen, eta, lehen astetik aurrera, txamarra potoloekin ibili gara. Azarotik aurrera, apirila bitartean, gutxi gorabehera, elurra izan dugu. Eta, argitasunari dagokionez, urteko sasoi jakinetan, arratsaldeko 15:00etan, ilundu egiten zuen. Bertakoei horrek asko baldintzatzen die beren egunerokoa. Europa barruan gaude, baina oso bestelako bizimodua daukate. Egokitu egin behar izan gara, hortaz.

Bidaiari ekin aurretiko unean kokatuta, nola prestatu horrelako esperientzia bat?

Prestaketa dexente eskatu zidan bidaiak, aldez aurretik, eta kalkulua ondo atera zait. Egia da geldialdi gutxiago egitea aurreikusten nuela. Lehenik eta behin, Google Maps aplikazioa ireki eta Urnietara bizikletaz iristeko aukerarik ote dagoen begiratu nuen: 3302 km. Eguneko zenbat kilometro egin nahi nituen kalkulatu nuen, ondoren, eta horren arabera bidaiaren egun-kopurua jakin nuen. Desnibelak eta geldialdiak egiteko tokiak ere gutxi gora-behera kokatu nituen, baita GPSarekin, Google Earthen bidez, bideak sortu ere. Alabaina, ez nituen egun guztiak prestatu, bidaiatzeko askotariko metodoak erabili nahi nituelako.

Sentsazioen arabera bidaiatu dut. Lehen bi asteetan, GPSarekin aritu nintzen. Ondoren, inprobisazioari bide eman nion, eta, azken egunetan, mapa erosi eta iparrorratzarekin aritu nintzen. Zenbaitetan, bide laburrena aukeratu ez arren, izugarri gozatzeko aukera bermatu dit azken modu horrek. Zatiren bat edo beste ferryan ere egin dut, bideak hala eskatuta.

Lehenagotik ibili al zara bizikletan distantzia luzeak egiten?

Txikia nintzela, txirrindularitza zalea nintzen, eta gustuko dut; Lleidan, adibidez, bizikleta egunerokoan erabiltzen dut. Halere, orain egin dudan distantzia ez dut sekula egin, inondik inora ere! Eguneko 70-80km egiten nituen, bataz besteko, alegia, bostpasei ordu, gehienez jota.

Zer sartu zenuen motxilan?

Aitaren lagun bati laguntza eskatu nion, horrelako bidaia asko egiten dituelako berak. Ahalik eta pisu gutxien eramateko gomendatu zidan. Maiatzaren 18an oraindik elurra desagertzen ari zen, eta banekien ibilbidearen zenbait tokitan hotz handia egingo zidala. Txapelak, termiko luzeak, pare bat txamarra, zakua, esterilla, kanpin-denda, sukaldatzeko oinarrizko baliabideak, udako arropa eta maillot bakarra. Oinarrizkoa hartu nuen, baina gehiegi izan zen hori ere! Bi motxilarekin abiatu nintzen eta, horietako bat apurtu egin zitzaidan; ondorioz, beste bat erosi behar izan nuen. Alabaina, beste hori ere hautsi egin zitzaidan. Horrela, Pariseko geldialdian, bertan utzi nuen, zuzenean, etxera bidaltzeko.

Non gelditu zen soinean eraman ez zenuen hori guztia?

Lagun batek ekarri zidan. Beno, Katalunian daukat maleta, eta uste dut irailera arte ez naizela itzuliko Lleidara (bertan ikasten du unibertsitate-gradua), beraz…!

Non eskuratu zenuen bizikleta?

Aitarena da, eta, Gabonen ondoren, sorpresaz Urnietara egindako bisitaldian eraman nuen Finlandia aldera.

Non egin duzu lo?

Basoetan, gehienbat, kanpin-dendarekin. Ez dut hotzik sentitu, lozaku ona daukadalako. Beste batzuetan, eguna euripean igaroz gero, kanpin batera sartzen nintzen dutxatzera. Kanpin-dendarekin arazoak izan nituen, ez zelako apartekoa; geruza bakarra zeukan eta barrutik busti egiten zen. Gainera, jendeak aterpea eskaintzen dizu bere etxean aplikazio baten bitartez.

Finlandiatik Parisera ailegatu arte, bakarrik aritu zara bidean. Nolako esperientzia izan da hori?

Gustatu zait, lasai-lasai joan izan naiz gehienetan. Musika entzun dut, eta podcast mordoxka bat. Neure buruarekin egoteko tartea izan da bidaia, hausnartzeko denbora luzea izan dut, baita ezer ez pentsatzeko ere.

Nolanahi ere, bidelagunik batu zaizu bidean, ezta?

Paristik aurrera, Sararekin egin dut bidaia, Finlandian nirekin bederatzi hilabetez egon den laguna, arreba, ia! Bera ere kirolaria da. Hamabi egun egin ditugu elkarrekin. Oso bestelakoa da, hitz egiteko aukera daukazulako uneoro. Leku ezohikoetan lo egiteko ausardia handiagoa daukazu, era berean. Landetan, hotel abandonatu batean egon ginen gaua igarotzen, hondartza pare-parean.

Poltsikoari asko begiratu behar al zaio horrelako bidaia bat egiteko?

Bada dirua, ekipajeak kalitate onekoa izan behar duelako. Baina merezi du. Eguneko, 10-15 bat euro gastatu ditut. Gainera, horrelakoetan, bakoitzaren erabakia da. Dirua baldin badaukazu, hotel batera joan zaitezke lotarako, nahi izanez gero; bestela, hortxe daukazu basoa, eta ez dago batere gaizki!

Hizkuntza muga izan al da uneren batean?

Bai. Frantzian, gizon baten etxean gelditu ginen. Guk ez geniekien frantsesik eta berak ez zekien ingelesik. Dena dela, afaltzen eman zigun eta guk guztiari oui oui, okey okey esaten genion! (Barrez)

Horrelako abenturetan izaten dira ezustekoak.

Bai… (Barrez). Suedian, euri pila egin zuen, egun batean, bereziki. Burugogorra naizenez, bidean aurrera eginda, egun horretako helmugara iristeko nire asmoak tinko jarraitzen zuen (horrelako bidaia batean izan behar da apur bat buru gogorra…). Bada, egun horretan, eguraldiak esan zidan, ezetz, ezingo nuela aurreikusitakoa bete. Landa-eremu baten erdian nengoen: gari-soroak eta pare bat baserri. Bed and breakfast delako bat omen zegoen, baina, hara joanda, ez nuen inorekin topo egin. Bien bitartean, kazkabarra hasi zen eta gero eta hotz handiagoa egiten zuen. Autostop egitea erabaki eta kotxe bat gelditu zitzaidan; baserritar batek garajean lo egiteko aukera eman zidan. Hantxe igaro nuen gaua, lasto artean, traktore baten alboan!

Gauez bidaiatu al duzu?

Ez. Behin, Sararekin ahalegindu nintzen, goizeko 05:00etan jaikita, baina, segituan, egunsentia ailegatu zen.

Tokiak bisitatzeko tartetik hartu al duzu?

Bai, baina, gehienez jota, egun bat. Hiri handietan gelditu naiz, batez ere: Stockholm, Kopenhage, Bremen… Basoan denbora igarota, hirian soinu gehiegi dagoela iruditzen zitzaidan; ez nintzen hain gustura sentitzen. Are gehiago, herri txikietan ez bezala, hirigune handietan, ez da hain erraza bizikleta non utzi asmatzea.

Kuttuneko bihurtu al zaizu txokorik bidean?

Kopenhagera iritsi aurretik, baso eder bat zegoen; harrituta utzi ninduten bertako zuhaitzek. Halere, berez, toki guztiek dute bere xarma. Jende gutxik zapaldu dituen tokietan ibili naiz.

Helmugara ailegatzea baino, bidaiaz gozatzea izan duzu xede. Momenturen batean, “amore ematea” pentsatu al duzu?

Banuen helburu etxera iristea. Baina, presiorik gabe, noski. Zenbait egunetan, kosta egiten zitzaidan ibilbidean aurrera egitea, baina ez dut sentitu “amore emateko” nahia.

Atzera begira jarrita, irakaspenik atera al duzu?

Zereginak azkar eta erdizka egiten dituen horietakoa izan naiz betidanik. Hemen, gauzak mantso eta pazientziaz egiten ikasi dut. Esaterako, motxila puskatu zitzaidanean, ia egun oso bat erabili behar izan nuen hura konpontzeko. Bada, presiorik gabe hartu nuen; behar zuen denbora eskaini nion.

Gomendiorik emango al zenioke antzeko bidaia egin nahi duen norbaiti?

Pisu gutxi eraman! (Barrez). Bestalde, herri txikiez gozatzeko. Teknologia berriek erreztasun handiak ematen dizkigute, baina are politagoa da taberna batera sartu eta bertakoekin hitz egitea nahiz bideei buruz galdetzea.

45 egun ostean, helmugara, Urnietara , iritsi zinen uztailaren 4an.

Ordu txikitan iritsi ginen Sara eta biok. Azken etapa Bokale Zaharrean (Vieux-Boucau-les-Bains) hasi genuen, goiz partean, eta Baionan ginen arratsaldeko 17:30ean. 60 bat kilometro genituen aurretik Urnietara iristeko, eta egunean bertan egitea erabaki genuen. Lagunei egun horretan bertan iritsiko ginela abisatu nien; banekien argi gutxi egongo zela; beraz, gurekin azken txanpa egiteko gonbitea luzatu nien. 22:30ean Oiartzunen batu zen kuadrillako Iosu Gomez gurekin bizikletan, eta, atzetik, lagunak autoarekin, argia ematen. Hona iristean izugarrizko ongietorria egin zidaten lagunek, pankartekin eta konfetiekin. Izugarrizko ilusioa egin zidan. Berezi sentitu nintzen, oso gustura.

Eta, orain, zer?

Orain? Lasai egon. Udari begira, Logroño partera joango naiz lanera eta, Lleidara, irailean itzuliko naiz, graduko azken urtea egitera. Bestalde, ez daukat bidaiatzeko asmo argirik oraindik, baina, etorkizunari begira, badut gogoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!