Erremontea

Ansak eta Azpirozek Erremonteko San Fermin txapelketa irabazi dute

Aiurri 2022ko uzt. 18a, 11:39

Ansak eta Azpirozek San Fermin txapelketa garrantzitsua irabazi dute Ezkurra eta Juanenearen aurka (30-26). Urnietarrak berebiziko partida jokatu zuen; izan ere, 17 tanto egin zituen eta soilik bi akats.

Ansak eta Azpirozek irabazi dute San Fermin Torneoa, Ezkurra-Juanenea bikotea mendean hartuta (30-26). Ansak txapela preziatua eskuratu zuen eta iragan finaleko arantza kentzea lortu zuen. Bikote gisa oso ondo aritu ziren, eta urnietarrak asko lagundu zion Azpirozi. Txapelketan bikote orekatuena eta eraginkorrena izan zen; hala erakutsi zuten finalean ere.

Bikote garaileak gogor ekin zion partidari eta lau tantoko aldea ere lortzera ailegatu ziren (8-4). Erritmoa nabarmen handitu zuten eta hamar tantoko aldea eskuratu zuten. Garaileek segurtasuna erakutsi zuten eta, berriz, aurkariak nahi bezala jokatu ezinik ibili ziren.

Partida erabakita zegoela zirudienean, aldaketa handia jazo zen norgehiagokaren noranzkoan; Juanenea partidaren martxara egokitu eta hamar tantotik lau tantora murriztu zuen markagailuko aldea (26-22). Abantaila hiru tantokoa baino ez zenean (28-25), urnietarrak bi pareta ikusgarria egin eta partida garaipenerantz bideratu zuen. Azken tantoa ere, Imanol Ansak egin zuen, erreboteko pilotakada indartsu batekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!